Wikipedia, Entziklopedia askea

Depresio Handia

Pobretutako familia estatubatuar bat

Depresio Handia garai ekonomiko zail bat izan zen, 1930ko hamarkadan. Estatu Batuetan hasi zen, baina laister mundu osora zabaldu zen. Enpresa askok itxi egin behar izan zuten, eta jende pila batek galdu zuen bere lana. Banku askok ere porrot egin zuten, eta jende askok aurreztuta zuen diru guztia galdu zuen. Sufrimendu ekonomiko handiko momentua izan zen denentzat, eta eragin negatiboak izan zituen jendearen bizitzetan. Historia modernoko krisi ekonomiko larrienetako bat izan zen.

Nola hasi zen?[aldatu | aldatu iturburu kodea]

1920ko hamarkadan jende askok bere dirua akzioetan (enpresa baten zati bat irudikatzen duten paperetan) inbertitu zuen. Urte batzuetan zehar, akzioen balioa azkar hazi zen. 1929ko irailean, ordea, akzioen prezioak behera egiten hasi ziren, eta urrian behea jo zuten. Honek esan nahi du jendeak erositako akzioek ordurako ez zutela ia ezer balio.

Inbertitzaile askok aurreztuta zuten diru guztia galdu zuten. Bankuek ere galerak izan zituzten. Bankuei dirua eskatu zieten asko gero ez ziren diru hori itzultzeko gai. Banku askok porrot egin zuten jende mordo batek zuen diru guztia aldi berean atera nahi izan zuelako. Banku batek porrot egiten zuenean, bertan dirua gordeta zutenek aurrezki horiek guztiak galdu egiten zituzten. Lantegi eta saltoki askok ere itxi egin behar izan zuten, jendeak ezin zituelako erosi bertan egiten edo saltzen ziren ondasunak.

1932an, 12 milioi pertsona baino gehiago geratu ziren lanik gabe Estatu Batuetan. Lana zutenek lehen irabazten zutenaren erdia besterik ez zuten irabazten. Gainera, lehorte bat egon zen, eta horrek are gehiago okertu zuen egoera nekazarientzat.

Zer gertatu zen beste herrialdeetan?[aldatu | aldatu iturburu kodea]

Estatu Batuetako egoerak mundu osoko herrialdeei eragin zien. Momentu horretan Estatu Batuek ezin zuten lehen bezainbeste diru mailegatu beste herrialdeei, ezta merkataritza-harremanetan lehen bezala ibili ere. Erresuma Batuak, Alemaniak eta beste herrialde batzuek Estatu Batuekin zituzten mailegu eta merkataritza-harremanak galdu egin zituzten.

Herrialde asko beren enpresak babesten saiatu ziren, inportatzen zituzten ondasunei, hau da, beste herrialdeetatik erosten zituztenei, mugak eta zergak ezarriz. Herrialde gehienek gauza bera egin zutenez, gero beraiek ekoizten zituzten ondasunak ezin zizkieten beste herrialdei saldu. Honek beherakada handia eragin zuen mundu-mailako merkataritzan.

Nola amaitu zen?[aldatu | aldatu iturburu kodea]

Estatu Batuetan, boto-emaile suminduek Herbert Hoover presidentea boteretik bota zuten 1932an. Franklin D. Roosevelt presidente berriak New Deal (Hitzarmen Berria) izeneko programa ekonomiko berri bat aurkeztu zuen. Programa honen bitartez, jende askok bere lanpostuak berreskuratzea lortu zuen. Banku-sisteman ere aldaketak egin zituen, etorkizunean arazo berberak ez errepikatzeko.

Estatu Batuetan Depresio Handia ez zen amaitu herrialde hura Bigarren Mundu Gerran sartu zen arte, 1941ean. Lantegiak gerrarako behar ziren hainbat ondasun ekoizten hasi ziren. Adibidez, armak, hegazkinak, itsasontziak... Orduan, jende askok lantegi hauetan lana lortu ahal izan zuen.