Txikipedia:Añanako Gatz Harana

Wikipedia, Entziklopedia askea
Añanako Gatz Harana

Añanako Gatz Harana [aldatu | aldatu iturburu kodea]

Map

Añanako Gatz Harana Arabako Añana udalerrian dago ondare-balioa duten hainbat elementu biltzen dituena; bereziki, gatzaga bat. Barnealdeko gatzaga da, plano triangeluarreko haran estu baten hondoko 120.000 m² (gutxi gorabehera) hartzen dituena. Haranaren alderik garaienean dauden lau iturburutako ur gazia erabiltzen da gatza ekoizteko. Horretarako, gatzuna larrainetaraino garraiatzen da. Plataforma horietan, beratzen uzten da, eguzkiaren eta haizearen eraginez ura lurrundu dadin eta, hala, gatza atera dadin.

Gatz-ustiaketa IX. mendetik dokumentatua dago, eta, XX. mendearen erdialdean gainbehera-prozesu azkar bat izan zuen. 1984an, Espainiako Gobernuak monumentu historiko izendatu zuen, eta 1990ean kultura ondasun. 1998an, UNESCOren World Heritage Tentative List zerrendan sartu zuten. 2002an, nazioarteko garrantzia duten hezeguneak babesteko Ramsar hitzarmenean sartu zuten. Eta 2013an, Eusko Jaurlaritzak ere Añanako Gatz Haraneko kultura paisaia kultura ondasun izendatu zuen, monumentu multzo sailkapenaz.

Gatz Haranaren deskribapena[aldatu | aldatu iturburu kodea]

Batik bat, iturburuek, kanalek, putzuek, larrainek eta biltegiek osatzen dute harana. Egitura horiek denboran zehar bere horretan egon beharrean, gazgileek belaunaldiz belaunaldi garatutako ezagutza zientifikoari esker, etengabe eraldatu dira ekoizpen haindiago bat izateko.

Iturburuak[aldatu | aldatu iturburu kodea]

San Kristobal terrazako iturburua, Gatz Haranaren tokirik garaienean kokatua

Iturburuek berez eta etengabe gesala kanporatzen dute azaleraino, eta beraz, ez dago zulaketak egin edo ponpatu beharrik. Iturburu ugari daude gatz haranean eta inguruetan, baina lau baino ezin dira erabili. Santa Engrazia du izena iturburu nagusiak eta, gatzagak igortzen duen ur gazi osoaren ia erdia ematen duelako da garrantzitsuena.

Gesalaren garraioa: kanalak[aldatu | aldatu iturburu kodea]

Zurezko kanalek iurburuetako gatzuna haran osotik garraiatzen dute

Hainbat dira gesala ekoizpen-txokoetaraino eramateko behar den garraiobidea baldintzatzen duten alderdiak, ahala nola: iturburuak gatz haranaren alderik garaienean egoteak, likidoa gordetzeko biltegien kokalekuak, lurruntze-azaleren hedapenak eta gatzaren ekoizpen-prozesuak berak.

Gesala biltegiratzea: putzuak[aldatu | aldatu iturburu kodea]

Gatzaren ezaugarrien alderdirik nagusiena dira biltegiak, eta horiek betetzea gazgileen arteko gatazka gehienen eragile. Izan ere, iturburuek igortzen duen gesal kopurua mugatua da, larrain asko daude eta ekoizpen-jarduera hilabete zehatz batzuetara mugatzen da.

Lurrunketa: larrainak[aldatu | aldatu iturburu kodea]

Lurrunketa-plataformak, artisau-gatza ekoizten den lekua

Baliabide naturalak medio, gesalaren ur-edukia lurruntzean oinarritzen da Añanako gatzaren ekoizpen-prozesua. Horretarako, baltsa edo larrain izeneko azalera horizontaletara isurtzen da gesala. Hamabitik hogei metro karratu bitarteko azalera izaten dute larrainek. Granjak deitzen dira jabe batek ustiatzen dituen larrain-sortak.

Gatz-biltegiak:[aldatu | aldatu iturburu kodea]

Gatz-biltegia. Haraneko lurrunketa-plataformen azpian dago

Añanan gatza gordetzeko erabiltzen diren eraikuntzak bi eratakoak dira: publikoak eta pribatuak.

Garraioa edo aletegietara eramatea[aldatu | aldatu iturburu kodea]

Gatzaren ekoizpen-zikloaren azken urratsetako bat da aletegietan gordetzea (entroje). Gatza zakuetan sartu, eta bizkarrean eramaten zituzten, gizonezko zein emakumezkoek, biltegietara, bide nagusietara edo Muera ibaira, eta horretan datza aletegietan gordetzearen ekintza hori.

Gatza ekoizteko metodoa[aldatu | aldatu iturburu kodea]

Añanako Gatz Haraneko gatz-ekoizleak gatza artisau-eran ekoizten

Klimaren baldintzen arabera aldatzen da urtero gatzaren ekoizpen-sasoia. Normalean, maiatzean hasi eta urrian amaitzen da, baina ekainetik irailera bitartekoa da epealdirik emankorrena, irailetik aurrerako gau luzeek lurruntze-prozesua atzeratu eta etengabeko euriek atera daitekeen gatz gutxia hondatzen dutelako.

Añanako Gatz Haranaren berreskuratze osoa[aldatu | aldatu iturburu kodea]

1960an, gatza egiteko 5.648 larrain zeuden haranean, eta 2000. urtean, 42k baino ez zuten lan egiten. 2000 urtetik gorako historia dokumentatua duen fabrika honen urritze-erritmo bizi hura ikusita, gatzaga eta ingurunea babesteko eta berreskuratzeko plana abiarazi zuten erakundeek.

Erreferentziak[aldatu | aldatu iturburu kodea]

[1]

  1. Añanako Gatz Harana. 2021-11-28 (Noiz kontsultatua: 2023-02-12).