Wikipedia, Entziklopedia askea
👶
Jaiotza
1859ko maiatzaren 22a
Edinburgo
💀
Heriotza
1930eko uztailaren 7a
Windlesham Manor (en) Itzuli eta Crowborough (en) Itzuli
🔨
Lanbidea
mediku
📷
Argazkiak
ikusi
Conan Doyleren erretratua, 1893koa.

Arthur Conan Doyle mediku eta idazle britainiar bat izan zen, Sherlock Holmes pertsonaia sortzeagatik ezaguna. 1859an jaio zen Edinburgon, Eskozian, eta bertan ikasi zuen medikuntza. Unibertsitatean Joseph Bell ezagutu zuen, zeinak klaseak ematen zituen bertan. Bellek trebetasun berezi bat zuen: ezagutzen ez zituen eta inoiz ikusi ez zituen pertsonei begiratu, eta zer egin berri zuten jakin zezakeen. Haien lanbidea zein zen ere jakin zezakeen.

Horrek hainbeste txunditu zuen idazlea, non bere pertsonaia ospetsuari, hau da, Sherlock Holmesi gaitasun hori eman zion. Doylek mediku kontsulta bat zuen, baina denbora librean istorioak idaztea gustatzen zitzaion. 28 urte zituela, 1887an, Sherlock Holmes pertsonaiaren lehen istorioa argitaratu zuen: Estudio eskarlata (euskaraz Igela argitaletxeak argitaratu zuen 2019an, Usoa Wyssenbach eta Xabier Olarrak itzulita). Esaten dutenez, Sherlock Holmesen lagunak, John Watson doktoreak, hain zuzen ere, Arthur Conan Doyleren antzeko bizitza izan zuen.

Nola bilakatu zen idazle?[aldatu | aldatu iturburu kodea]

Medikuntza ikasten zebilen bitartean, landareez ere interesatu zen, Edinburgoko Lorategi Botanikora egindako bisitei esker. Aldi berean, kontakizun laburrak ere idazten zituen. Beharbada unibertsitatean Robert Louis Stevenson moduko jendea ezagutu zuelako hasi zen idazten, izan ere, azken hori idazle bihurtu zen gero. Horren lanen artean, Altxor uhartea liburu ospetsua dago.

Doyleren lehen kontakizuna, The Mystery of Sasassa Valley (Sasassa bailarako misterioa), aldizkari batean argitaratu zuten, 1879an. Hegoafrikan girotutako istorio hori irakurle gazteei zuzenduta zegoen. Urte berean, lehen artikulu zientifikoa argitaratu zuen: “Wild Jasmine as Poison”. Geroago, egunkari batean esan zuten artikulu hura oso garrantzitsua izan zitekeela hiltzaile baten bila zebiltzan polizientzat. Urtebete geroago, beste ipuin bat argitaratu zuen: The American Tale (Amerikar ipuina). Doylek geroago esan zuen urte horretan konturatu zela lehen aldiz dirua irabaz zezakeela idazten.

Hala ere, lehenik Doylek ikasketak amaitu zituen eta urte batzuetan mediku izan zen itsasontzi batean. Geroago, hark eta unibertsitateko lagun batek mediku-kontsulta bat ireki zuten Plymouthen, Ingalaterran. Biak oso ondo konpontzen ez zirenez, ordea, Doyle Portsmouthera joan zen, eta bertan bere kontsulta ireki zuen. Baina, ez zuen arrakasta handirik izan. Gaixoen zain zegoela, berriz hasi zen istorioak idazten. Lehen eleberria 1883an idatzi zuen: The Narrative of John Smith. Eleberria amaitu gabe utzi zuenez, ordea, Ingalaterran ez zen argitaratu 2011 arte.

Sherlock Holmesen sorrera[aldatu | aldatu iturburu kodea]

1890ean, idazlea Londresera joan zen. Urtebete geroago, Sherlock Holmes eta John Watson doktorearen lehen kontakizun laburra argitaratu zen: Eskandalua Bohemian (euskaraz 1983an agertua, Maiatz-4 aldizkarian, Maite Gamarraren itzulpenarekin). Kontakizun hori The Strand aldizkarian argitaratu zen kapituluka.

1893 arte Sherlock Holmesen inguruko istorio gehiago idatzi zituen eta arrakasta handia lortu zuen. Irakurleak irrikaz egoten ziren hurrengo istorioaren zain. Baina Doylek uste zuen Sherlock Holmesen istorioek lan garrantzitsuagoetatik urruntzen zutela eta gero eta diru gehiago eskatzen zion The Strand aldizkariko editoreari. Horrela desatseginak egiten zitzaizkion istorioetatik ihes egitea espero zuen.

Baina ez zuen lortu, Sherlock Holmesen istorioei esker, aldizkariak arrakasta handia izan baitzuen. Hori dela eta, detektibe ospetsua hil egin behar zela otu zitzaion eta The Final Problem (Amaierako Arazoa) kontakizuna idatzi zuen. Irakurleak izutu egin ziren. Dirudienez, batzuek lokarri beltzak eramaten zituzten besoetan, detektibe ospetsuaren doluan zeudelako, eta Doyleri gutunak idazten zizkioten kexatzeko.

1901ean, Doylek istorio baten berri izan zuen familia bati erasotzen zion txakur misteriotsu bati buruz. Aldi berean, The Strand aldizkariko editoreak diru asko eskaintzen zion, gero eta jende gehiagok erosten baitzuen aldizkaria. Horregatik, The Hound of the Baskervilles idatzi zuen (euskaraz Baskervilletarren zakurra izenburuarekin argitaratu zuen Vicens Vives argitaletxeak, Antton Olanok itzulita; eta 2019an Baskervilletarren ehiza-txakurra izenburuarekin, Igela argitaletxearen eskutik eta Usoa Wyssenbach / Xabier Olarrak itzulita). 1903an argitaratutako The Adventure of the Empty House (Hustutako etxearen abentura) ipuinean, Doylek azaldu zuen Sherlock Holmesek bizirik jarraitzen zuela, hildakoarena egin zuelako eta atzerrian bizi izan zelako.

Zer egin zuen gero Doylek?[aldatu | aldatu iturburu kodea]

Beste hainbat kontakizun ere idatzi zituen, hala nola Mundu galdua (Josu Lartategik euskaratua eta Desclée argitaletxeak 1997an argitaratua) izeneko abenturazko eleberria eta The White Company (Konpainia Zuria) izeneko eleberri historikoa. Zenbait ipuin ere idatzi zituen, baina istorio horiek ez ziren Sherlock Holmesenak bezain ospetsuak egin.

1899an, Doyle Hegoafrikara joan zen, gerrako mediku gisa lan egitera eta sari bat ere jaso zuen horregatik. Geroago beste liburu arrakastatsu batzuk idatzi zituen eta "Professor Challenger" pertsonaia asmatu zuen, zeina oso ospetsua egin zen.

Bihotzekoak jota hil zen 1927an.