Wikipedia, Entziklopedia askea

Beganismo

Beganoek jaten dituzten elikagai batzuk

Beganismoa animalia-jatorriko elikagaiak jatea eta animaliak gizakiaren onurarako erabiltzea ontzat hartzen ez duen pentsamendu eta bizimoldea da. Pentsamendu edo bizimolde hori dutenei begano deitzen zaie.

Beganoek ez dute animalia-jatorriko elikagairik jaten, ez haragirik, ez arrautzarik, ez eta esnekirik (esnea, gazta eta jogurtak) ere, abididez. Dieta beganoari dieta begetariano zorrotza deitzen zaio batzuetan. Begano batzuek eztirik ere ez dute jaten.

Janariaz gain, begano asko animalia-jatorriko beste produkturik ere ez erabiltzen saiatzen dira, larrua, artilea, lumak, hezurrak edo perlak, adibidez. Animaliekin probatu diren produktuak ere ez dituzte erosten edo erabiltzen. Animalien ongizatean eta eskubideetan sinesten dutelako egiten dute hau guztia.

Beganoek frutak, barazkiak, lekaleak, zerealak, fruitu lehorrak eta haziak jaten dituzte, eta baita hauekin guztiekin egindako jakiak ere, gozoki beganoak, gazta beganoa eta opil beganoak, adibidez.

"Begano" hitza Donald Watsonek sortu zuen 1944ean, Erresuma Batuko Elkarte Beganoa sortu zutenean.

Nolakoa da beganoen pentsaera?[aldatu | aldatu iturburu kodea]

Pertsona batzuk begano bihurtzen dira ez daudelako ados animaliei abeltegietan ematen zaien tratuarekin.

Begano bihurtzeko beste arrazoi batzuk norberaren osasuna, erlijioa, ingurumena babestea edo munduko gosea dira. Ingurumenari dagokionez, esaterako, animaliek asko jan behar dute eta lehengai asko kontsumitzen dituzte (datu bat ematearren, 2006an, jateko ziren animaliak hazteko erabiltzen zen munduko lurraren %30); haragia, esnea edo arrautzak ekoizten ez badira, janari, lur eta ur asko aurrezten da.

Animalia-industrian antibiotikoak ere erabiltzen dira. Abeltzaintzan, antibiotiko ugari ematen zaizkie animaliei gaixotzen direnean, eta horren ondorioz aukera handia dago hemendik gutxira bakterioek antibiotikoei aurre egiteko gai bihurtzeko. Hori gertatzen bada, antibiotikoek ez dute pertsonen gaixotasunak sendatzeko balioko.

Begano batzuek janari gordina bakarrik jaten dute, hau da, sukaldean prestatu gabekoa. Dieta horri krudibeganismoa deitzen zaio.

Beste beganismo mota zorrotzago bat frugiborismoa da. Frugiboroek landarerik hil gabe jaso daitezkeen elikagaiak bakarrik jaten dituzte.

Beganismoaren arazoak[aldatu | aldatu iturburu kodea]

Jende askok uste du begano izatea ez dela osasuntsua. Hala ere, dieta beganoak osasunarentzat beharrezkoak diren mantenugai guztiak izan ditzake. Kontua da mantenugai horiek lortzea zailagoa dela elikagai gutxiago dituzulako aukeran jateko.

Beganoek beren dietan B12 bitamina nahikoa dutela ziurtatu behar dute, landare-jatorriko elikagaiek ez baitute bitamina hau asko edukitzen. Tempehak, algek, espirulinak, produktu organikoek, lurrak eta hesteetako bakterioek ez dute nahikoa B12 beganoen dietarako. Esnekirik hartzen ez duten beganoek D bitamina gutxiegi izan dezakete. Hau konpontzeko, bitamina-osagarriak hartzea eta aire zabalean ibiltzea komeni da.