Wikipedia, Entziklopedia askea
Janari begetarianoa

Begetarianismoa animalia-haragirik jaten ez duten pertsonen dieta da; haragiaz gain, begetarianoek arrainik eta itsaskirik ere ez dute jaten. Dieta hau jarraitzen duten pertsonei begetariano deitzen zaie.

Zer jaten dute?[aldatu | aldatu iturburu kodea]

Begetarianoek barazkiak, frutak, zerealak, fruitu lehorrak eta haziak jaten dituzte. Begetariano batzuek esnekiak ere jaten dituzte. Pertsona hauei laktobegetariano deitzen zaie. Esnekiak eta arrautzak jaten dituzten begetarianoak obolaktobegetarianoak dira.

Animalia-jatorriko elikagairik (ez esnerik, ez eztirik eta ez arrautzik) jaten ez duten pertsonak beganoak dira. Orokorrean, beganoek ez dute animalia-jatorriko ezer erabiltzen: adibidez, ez dute larruzko, zetazko ez artilezko arroparik ere janzten.

Begetarianoek behar dituzten mantenugai guztiak landare-jatorriko elikagaietatik lor dituzte. Hala ere, dieta beganoak ez du nahikoa B12 bitamina. Horregatik, elikagai begano askori B12 bitamina gehitu egiten diete.

Historia pixka bat[aldatu | aldatu iturburu kodea]

Begetarianismoaren sorrerak erlijio-errituekin du zerikusia seguruenik. Egunero haragirik gabeko dieta bat jarraitzeko ideia K.a. 500. urte inguruan hasi zen, Indian eta Mediterraneo itsasoaren ekialdean. K.a. 530. urte inguruan, Pitagoras Samoskoa greziar filosofoak animalia guztiak familiakoak ginela erakutsi zuen, eta horregatik gizakiok animaliak ongi tratatu behar genituela. Hori da begetarianismoaren inguruan ezagutzen dugun lehen agerpena.

Indian, budismoaren eta jainismoaren jarraitzaileek animalia guztiak sakratuak zirela eta haiek jateko hiltzea gaizki zegoela sinesten zuten. Hinduismoaren jarraitzailek ere laister hartu zuten sinesmen hori.

Lehenengo talde begetarianoak XIX. mendean sortu ziren Erresuma Batuan eta Estatu Batuetan. Begetariano hitza Erresuma Batuan erabili zen lehen aldiz 1847an, Elkarte Begetarianoa sortu zenean.

XX. mendearen hasiera aldera, begetarianismoa hainbat lekutara zabaldu zen. Gaur egun, begetariano izatea erabakitzen duten pertsonek hainbat arrazoirengatik egiten dute: batzuek beren osasunarentzat ona dela uste dutelako; izan ere; dieta begetarianoak bihotzeko gaixotasunak, minbizi mota batzuk eta dietarekin zerikusia duten beste gaixotasun batzuk izateko arriskua gutxitzen du. Bestalde, begetariano askok animalien eskubideak defendatzen dituzte orokorrean; abeltegi handiek animaliak tratatzeko duten moduak kezkatu egiten ditu. Abeltzaintza mota honek animaliei sufriarazi egiten diela eta ingurumena kaltetzen duela uste dute, animaliek sortutako hondakinek inguruko lurra eta ura kutsatzen dituztelako.