Wikipedia, Entziklopedia askea
Bizidunak dituen Lurraren zatia da biosfera.

Biosfera edo Ekosfera munduko ekosistema guztien batuketa da, edo, bestela esanda, Lur planetako izaki bizidun guztien multzoa, haien bizileku edo ingurunearekin batera. Hori dela eta, biosfera lurrazalaren zati bat da, baina baita hidrosferaren eta atmosferaren zati bat ere.

Izan ere, bizidun batzuk uretan bizi dira (hidrosferan), adibidez arrainak edo algak. Beste batzuk atmosferan egon daitezke (hegaztiak, esaterako). Eta bizidun ugari geosfera delakoan bizi dira, hau da, lurrazalean bizi dira. Biosferatik kanpo ez dago bizitzarik. Beraz, biosfera atmosferaren beheko aldearen, hidrosferaren eta geosferaren azaleko eremuaren artean dago. Atmosferarekin gas-trukearen bidez erlazionatzen da. Hidrosferarekin, izaki bizidun guztiak urez osatuta gaudelako, eta ura behar dugulako gure bizi-funtzioak egin ahal izateko. Eta geosferarekin, haren gainean bizi direlako eta bera aldatu egiten dutelako.

Animaliak, landareak edo mikroorganismoak dituen Lurreko zatia da beraz biosfera. Hortaz, gizakiok ere biosferako partaide gara.

Zergatik dago bizitza Lurrean?[aldatu | aldatu iturburu kodea]

Lurrazalean ur likidoa duen harrizko planeta bakarra da Lurra. Horri eta beste ezaugarri batzuei esker dago bizitza gure planetan:

  • Geruzarik kanpokoena gasezkoa da (atmosfera), lurreko grabitateak atxikitzen duena.
  • Eguzkiarekiko duen distantziak eta atmosferaren jarduera erregulatzaileak posible egiten dute lurrazaleko batez besteko tenperatura 15 °C izatea eta, horrela, ur likidoa egotea.
  • Eremu magnetiko bat du, energia handiko eguzki-erradiazioak desbideratzen dituena.
  • Jarduera geologiko handia du, eta horrek mendien sorrera, erliebearen eraldaketa eta arroken zikloa eragiten du.



Horrek guztiak posible egiten du Lurrean bizitza.