Wikipedia, Entziklopedia askea
Lurrean dagoen uraren banaketa: kolore urdinez, ur gazia; kolore gorriz, ur geza.

Hidrosfera Lur planetak dituen kanpo-geruza edo esferetako bat da. zehazki, gure planetan dagoen ur guztiak, hau da, ur ozeanikoek eta ur kontinentalek osatzen dutena da. Ur ozeanikoak itsaso eta ozeanoetan daudenak dira; eta ur kontinentalak, berriz, ibaietan, aintziretan, glaziarretan daudenak eta lurpeko ura dira.

Geruza honek lurrazalaren hiru laurdenak estaltzen ditu, eta bera da, hain zuzen, Lurra gainerako planetetatik bereizten duena. Hidrosferari esker, gainera, Lur planeta urdin-urdin ikusten da espaziotik.

Uraren egoerak[aldatu | aldatu iturburu kodea]

Hidrosferako ura hiru egoeratan aurki daiteke:

  • Likidoan: itsaso, aintzira eta ibaietako ura eta lurpeko ura. Lurrean dagoen ur guztiaren % 98 inguru dago egoera likidoan.
  • Solidoan: elur, glaziar, izozmendi eta poloetako izotz-geruzetan. Lurrean dagoen ur guztiaren % 2 inguru dago egoera solidoan
  • Gas egoeran: atmosferako lurrunean. Airearen hezetasuna sortzen du

Ura egoera horietako batetik bestera igarotzen denean, uraren zikloa osatzen da.

Irudian ikus daitekeen bezala, hidrosferako ura honela banatuta dago:

  • Ur gazia (% 97,5): itsaso eta ozeanoetan dago, beraz, Lurreko ur ia guztia, eta ur gazia da. Itsas uraren gazitasuna ‰ 35ekoa da; hau da, litro bakoitzean 35 g gatz dago.
  • Ur geza (% 2,5): gainontzeko ura, edozein egoeratan..

Eta ur gezari dagokionez, berau honela banatuta dago:

Lurreko uraren jatorria[aldatu | aldatu iturburu kodea]

Duela 4.500 milioi urte, Lurreko sumendi-jarduera izugarria zen, eta asteroideek eta kometek sarritan jotzen zuten Lurra. Fenomeno horiei esker, Lurreko atmosfera aberastu egin zen karbono dioxidoan eta ur-lurrunean. Lurra hoztuz zihoan heinean, ur-lurruna kondentsatuz joan zen; eta azkenean, euri moduan erori, gainazalean pilatu eta hidrosfera sortu zuen.

Fotosintesiak ia karbono dioxido gehiena ezabatu zuen; eta geratzen denak berotegi-efektu leun-leuna sortzen du. Horrek eragiten du gure planetako batez besteko tenperatura 15ºC-koa izatea.

Hidrosferaren garrantzia[aldatu | aldatu iturburu kodea]

Hidrosfera funtsezkoa da izaki bizidun guztien bizitzarako, eta gizakiarentzat ere elikagai-erreserba handia da (arrantzari esker), bai eta komunikazio-bide garrantzitsua ere. Hidrosferak termorregulazio funtzioa ere badu (tenperatura erregulatu egiten du), lurrazalarentzat berebiziko garrantzia duena. Izan ere, uraren ezaugarri fisiko-kimikoei esker, itsasoek eta lakuek eguzkiaren bero kantitate handia xurgatzen dute, eta, itsaso eta lakuak lurra baino astiroago berotzen eta hozten direnez, neguan eta gauean beroa airera itzultzen dute, tenperaturak arinduz.

Kostaldeko lekuetan, izatez, klima leunagoa da, hau da, neguak eta gauak barnealdean baino beroagoak dira, itsasoak udan eta egunean pilatutako beroa isurtzen duelako.