Wikipedia, Entziklopedia askea
Galerna bat gertatzean, itsasoa gaiztotzen da.

Enbata edo galerna itsasotik datorren haize gogorra edo ekaitza da. Fenomeno oso ohikoa da euskal kostaldean. Zikloien antzekoak dira. Normalean ez daude erlazionatuta fronte edo ekaitz baten joan-etorriekin. Udaberriaren amaiera eta udazken artean gertatzen dira, batez ere udan.

Galernak oso beldurgarriak izan dira Bizkaiko golkoko arrantzaleentzat aspalditik. Aldez aurretik hautemateko zailak zirenez, eta haize-bolada handiak ekartzen dituztenez, oso arriskutsuak ziren arrantzaleentzat eta euren ontzientzat. Aurreikuspen meteorologikoetan, detekzio-sistemetan eta ohartarazpen-sistemetan izandako aurrerapenen ondorioz, galernen eraginak iraganean baina leunagoak izatea lortu da.

Nolakoak dira galernak?[aldatu | aldatu iturburu kodea]

Galerna bat gertatu baino lehen, itsasoa eta haizea oso bare daude.

Galernak, oro har, eguerdi ondoren azaltzen dira. Osatzen direnean, bat batean mendebalde eta ipar-mendebaldeko haizea gogor jotzen hasten da, itsasoa gaiztotzen da, tenperatura oso azkar jaisten da, eta hezetasun erlatiboa eta presio atmosferikoa kolpe batean handitzen dira. Tenperatura 12 °C jaitsi daiteke 20 minututan, eta hezetasuna % 100era iritsi daiteke. Haizea aldatzen den unean behelainoa hasten da. Arriskutsuak dira ontzi txikientzat eta aireratu edo lurreratu behar duten hegazkinentzat.

Galernek ordu bat inguru iraun dezakete. Denbora horretan, zerua behelainoz betetzen dute, 50 eta 90 km/h arteko haize-boladak egoten dira, itsaso nahasia sortzen da (olatuek bi metro baino gehiagoko garaiera dute), eta tenperatura asko jaisten da.

Normalean galerna-egunetan beroa egiten du goizean, 23 eta 30 °C arteko tenperaturekin, baina hego-haize handirik gabe. Horren ordez haizea lasaia da. Presioa ertaina izan ohi da, ez handia ez txikia. Zerua gardena edo hodei gutxi batzuekin egon ohi da. Oraindik ez dakigu zerk eragiten dituen, baina dirudienez, presioaren jaitsierarengatik gertatzen dira. Presio atmosferikoa jaistean, Mediterraneotik iristen den aire beroa itsasoko aire-masa hotzago eta hezeago batekin topatzen da (hau da, ipar-mendebaldetik datorren airearekin). Momentu jakin batean, aire hotzeko masa astunagoak bi masen arteko muga hausten du, eta aire beroko masaren azpitik pasatzen da.

Gainera, galernak osatzeko garrantzitsua da hesi orografiko bat egotea (mendilerro bat, adibidez). Hesi hori kostaldetik gertu eta kostaldearekiko paraleloan egon behar da. Horregatik Kantauri itsasoko eremua egokia da galernak agertzeko, Kantauriar mendikateak baldintza hori betetzen duelako.


Aspaldiko galerna suntsigarri bat[aldatu | aldatu iturburu kodea]

1878ko Bermeoko galerna.

1878ko apirilaren 20an gertatutako galerna oso famatua da. Izan ere, 300 arrantzale baino gehiago hil zituen Kantabrian eta Euskal Herrian. Erregistratu den galernarik hilgarriena izan zen. Beste galerna latz bat gertatu zen 1912ko abuztuaren 12an. Hartan, 15 ontzi hondoratu ziren, eta 143 arrantzale euskaldunek bizitza galdu zuten. Galerna hori iragarrita zegoen, baina dirudienez, komunikazioak huts egin zuen. Hala, Fisterratik eguraldia aldatuko zela ohartarazi zen arren, informazioa ez zen iritsi Bizkaiko arrantzale-kofradietara. Kantauri itsasoko beste arrantzaleak jakinaren gainean zeuden eta egun horretan ez ziren atera arrantzatzera, baina Bermeokoak bai atera ziren. Horregatik hildako gehienak bermeotarrak ziren.

Ezbehar hori oso handia izan zen, eta historian markatuta geratu da artikuluen, liburuen eta dokumentalen bidez ere. Alfonso XIII.a Espainiako erregeak eta hainbat ministro ere joan ziren hiletara 1912ko abuztuaren 23an.