Pizkundea edo Errenazimentua Europaren historiako garai bat da, XV. eta XVI. mendeei dagokiena. Bi mende horietan, aldaketa handiak gertatu ziren pentsamenduan, zientzietan, ekonomian, artean, eta baita erlijioan ere, eta aldaketa horiek bukaera ipini zioten Erdi Aroari. Errenazimenduak antzinateko zibilizazio grekolatinoaren ideia asko berreskuratu zituen, Europan zibilizazio berri bat eraikitzeko. Errenazimentua, beraz, antzinako Grezia eta Erromako ereduetan oinarritu zen, baina gizakiaren eta gizartearen eraldaketa sakona ekarri zuen, pentsamendu humanistari lotua.
Italia, eta, zehazkiago, Florentzia izan zen Errenazimentuaren sorlekua, XIV. mendean, eta laster zabaldu zen Alemaniara XV. mendean eta Europa osora XVI.ean. Errenazimentuak ekarritako aldaketarik garrantzitsuenetako batzuk honako hauek izan ziren:
- Erregeen boterea sendotu egin zen: noblezia erregeen mende geratu zen.
- Kapitalismoaren garapenerako baldintzak ipini ziren, merkataritzari eta diruaren zirkulazioari esker eta Amerikatik etengabe heltzen zen aberastasunari esker.
- Europako erlijio-batasuna apurtu zen, Erreforma protestantearen ondorioz.
- Pentsamolde humanista garatu zen: unibertsoaren erdigunea Jainkoa izan beharrean gizakia zela pentsatzen hasi zen.
Errenazimentua Erdi Aroaren eta Aro Modernoaren arteko zubia izan zen. Garai hartan, oso denbora laburrean, hainbat aurkikuntza eta asmakuntza gertatu ziren, Mendebalde osoko gizartean eragin izugarria izan zutenak: kontinente berriak aurkitu eta esploratu ziren; Kopernikoren astronomia-sistema nagusitu zen; estatu-nazioak eratu ziren; sistema feudalak gainbehera egin zuen eta komertzioa asko hedatu zen; bestetik, garrantzi handiko berrikuntzak aplikatu edo asmatu ziren (papera, inprimatzeko makina, itsasorratza, bolbora...).
Asmakuntzarik garrantzitsuenetako bat Gutenbergen inprimatzeko makina izan zen, 1453an asmatua. Makina horri esker, liburu asko eta oso erraz argitaratzeko aukera egon zen, eta horrek jakintza eta ideiak modu azkarrean zabaltzeko bidea ekarri zuen.
Garrantzi historiko handia izan zuen beste gertaera bat turkiarrak 1453an Konstantinoplaz jabetu izana da; izan ere, gertaera horren ondorioz, Europa eta Asia arteko merkataritza-bideak etenda geratu ziren, eta europarrek beste bide bat bilatu behar izan zuten Asiara iristeko. Horrek eraman zituen europarrak mundua esploratzera eta kontinente berriak (Amerika, adibidez) aurkitzera.