Wikipedia, Entziklopedia askea

Espainiako Gerra Zibila

Espainiako Gerra Zibileko irudi batzuk.

Espainiako Gerra Zibila XX. mendearen lehen erdian Espainiako Errepublikaren aurkako militarrek Francisco Franco jeneralaren gidaritzapean hasitako gerra izan zen. 1936ko uztailaren 18an hasi zen eta 1939ko apirilaren 1ean amaitu. Militar matxinatuek eta euren aliatu politikoek irabazi zuten gerra; ondorioz, Espainiak demokrazia galdu eta 40 urteko diktadura bat jasan zuen.

Nola hasi zen?[aldatu | aldatu iturburu kodea]

Lehenengo Mundu Gerraren ondorengo hamarkadetan, desadostasun politikoak nabarmen handitu ziren Espainian. Gizartearen zati batek gauzak bere horretan jarraitzea nahi zuen. Lurjabe aberatsek, enpresariek, buruzagi militarrek eta katoliko kontserbadoreek osatzen zuten klase buruzagi hori. Aldaketa soziala nahi zutenek osatzen zuten bigarren taldea: nekazariek eta langileek, sindikatu eta alderdi ezkertiarretako kideek eta eskolatutako klase ertaineko jendeak, besteak beste.

1931n, Alfontso XIII.a erregeak hauteskundeak egitea baimendu zuen. Herriak errepublika ezartzearen alde bozkatu zuenean, herrialdetik ihes egin zuen erregeak. Hala ere, jende asko berehala sentitu zen disgustura gobernu berriarekin. Manifestazio eta protesta ugari egon ziren. 1936ko otsailaren 16an, gobernu berria aukeratzeko hauteskundeak egin ziren. Erreformen aldeko presioa egiten zuten taldeak Fronte Popular izenarekin elkartu eta hauteskundeak irabazi zituzten.

Baina klase buruzagiko jendea ez zegoen Espainiaren kontrola galtzeko prest. Uztailaren 18an altxamendu militar bat hasi zuten Francisco Franco jeneralaren gidaritzapean eta handik gutxira gerra bihurtuko zen.

Francok Italia eta Alemaniako gobernuen laguntza jaso zuen. Errepublikaren aldekoek (Fronte Popularra babesten zutenak) Sobietar Batasuneko gobernu komunistaren laguntza baino ez zuen lortu. Errepublikanoek beste herrialde batzuetako 40.000 boluntarioren laguntza ere izan zuten. Atzerriko borrokalari hauen taldeak Nazioarteko Brigadak izenarekin ezagutu ziren.

Matxinatuek bi abantaila handi zituzten: armada edo gudarostea kontrolatzen zuten eta elkartuta zeuden Francoren menpe. Errepublikaren aldekoek ez zuten nahikoa armarik eta desadostasun handiak zituzten, gainera.

Matxinatuak pixkanaka lurraldeak irabazten hasi ziren iparraldean eta hegoaldean. 1938ko udaberrian ekialderantz eraman zuten erasoa, Mediterraneoko kostalderantz. 1939ko martxoaren 28an, Madril hiriburuaz jabetu ziren ia borrokarik egin beharrik gabe. Franco jeneralak estatu guztiaren kontrola zuen orduan. Espainiako Errepublika desagertu egin zen.

Zein ondorio ekarri zituen?[aldatu | aldatu iturburu kodea]

Espainiako Gerra Zibila oso odoltsua izan zen. Borroken ondorioz, 500.000 eta 600.000 pertsona inguru hil ziren, goseak edo gaixotasunek hildako pertsonak kontuan hartu gabe. Gerrako bando bakoitzaren aldeko atzerritarrak Bigarren Mundu Gerran borrokatu ziren berriro. Francok gerra horretatik kanpo mantendu zuen Espainia. Diktadore gisa gobernatu zuen Espainian 1976an hil zen arte. Espainiak 1976ra arte ez zituen berreskuratu demokrazia eta askatasun demokratikoak.