Komunismo

Artikulu hau "Kalitatezko 2.000 artikulu 12-16 urteko ikasleentzat" proiektuaren parte da
Artikulu hau Wikipedia guztiek izan beharreko artikuluen zerrendaren parte da
Wikipedia, Entziklopedia askea
Komunista» orritik birbideratua)

Komunismoa sistema politiko, ekonomiko eta sozial bat da; hor, ondasunen eta, bereziki, ekoizpen-bideen jabetza (lurra, fabrikak...) komuna eta langileena da. Berdintasunean oinarritutako gizarte klaserik, dirurik [1][2] eta estaturik gabeko gizarte bat du helburutzat[3].

Kapitalismoaren eta liberalismo ekonomikoaren aurkako ideologia eta mugimendu politikotzat ere azaldu da komunismoa, bereziki langileen esplotazioaren aurka, eta hainbat herrialdetan diharduten alderdi komunistek sustatzen dute.

Modu nominalean batzuetan, neurri handiagoan edo txikiagoan besteetan, komunismoa herrialde batzuetako sistema izan zen XX. mendean. Eragin handieneko herrialde komunista Sobietar Batasuna izan zen, 1922-1991 urte bitartean. Bigarren Mundu Gerra eta gero Europako hainbat herrialdek komunismoari ekin zioten, besteak beste Alemaniako Errepublika Demokratikoak, Poloniak, Hungariak, Txekoslovakiak, Jugoslaviak, Albaniak, Bulgariak eta Errumaniak. Herrialde horien komunismo garaia Sobiet Batasunarekin batera desagertu ziren. Egun ere badira euren burua komunistatzat jotzen duten erregimen politikoak, hala nola Txinako Herri Errepublikakoa, Ipar Koreakoa, Vietnamgoa, Laoskoa eta Kubakoa.

Etimologia[aldatu | aldatu iturburu kodea]

Komunista eta komunismo hitzak 1840 inguruan agertzen dira Frantzian, sozialista eta sozialismo hitzak agertu eta hamar bat urtera[4]. Horrela, komunista adjektiboa 1840ko uztailaren 1ean Pariseko kanpoaldean egindako oturuntza izendatzeko erabili zen, non mila mahaikide baino gehiagok parte hartu zuten, gehienbat, langileak, eta, bertan, «benetako berdintasuna» lortzeko, soilik politikoak izango ez ziren erreformak aplikatzeko beharra defendatu zen[5][6].

Frantzian, orduan, bi joera komunista zeuden, kabetismoa, eragin handiagokoa, eta neobabismoa. Lehenengoa, Ikarian izeneko Étienne Cabeten jarraitzaileek osatu zuten; hark, 1839-1840 urteetan, Ikariarako bidaia argitaratu zuen, Thomas Morok eta Tommaso Campanellak hasitako tradizio utopikoari heltzen zion lana, nahiz eta eleberri historiko baten itxurapean argitaratua izan[7]. Bigarrena, zuzenean, François Babeuf-en eta 1797ko bere «Berdinen konspirazioarekin» lotuta zegoen, zeina Filippo Buonarrotik bizirik mantendu zuen[8]. «Neobabista» horiek, 1840an, publiko egin zuten berdintasunezko langileen fede-aitormena, zeinean esaten zuten[7]:

« «Hiritarrak, geure buruari finkatzen diogun helburua jabetza komunitatearen bidez lortutako benetako berdintasuna da. Herri diktadura indartsu eta sakrifikatzailea ezinbestekoa iruditzen zaigu gure ohiturak modelatzeko, oztopoak suntsitzeko eta printzipio hori aplikatzera eraman behar gaituzten bideak zabaltzeko». »

Frantziatik, Parisen lekututako Heinrich Heine poeta alemaniarrak zioen arabera, komunistak ziren «arreta merezi zuen alderdi bakarra»[5]; komunismo eta komunista terminoak Alemaniako estatuetan eta Suitzan zehar hedatu ziren Lorenz von Stein-en Sozialismoa eta Komunismoa Frantzia Garaikidean (Der Sozialismus und Communismus des heutigen Frankreichs) izenburupean 1842an Leipzigen argitaratutako liburuari esker —Wilhelm Weitling, August Beckerrek eta beste batzuek laster erabili zuten—, baita Britainia Handian ere, beste bide batzuetatik abiatuta[4]. Beckerrek, 1844an, Zer nahi dute komunistek? (Was wollen die Kommunisten?) argitaratu zuen, eta bertan esan zuen[4]:

«Egia da iraganean sekta komunistak egon zirela, baina komunismoa oraindik ez da inoiz Europako alderdi ofizial gisa agertu. Inoiz, nekazarien gerra latza izan ezik, ez zuen aldarrikatu gizarte politiko osoa berrantolatu nahi zuenik. Platonek bere Errepublika idatzi zuen, eta Tomas Morok bere Utopia komunista; orain arte, komunismoa ez da inoiz, zientifikoki, aintzat hartua izan, ez herriak, ez herriarentzat. Gaur egun, kontzeptu berriak, ideia berriak, behar berriak barneratu dira, orain arte guztiz arrotzak zirenak pertsonengan. Ideia berriak eta behar handi bat: gizartea erreformatzea»
.

Komunismo hitzak, apurka-apurka, jatorrizko sozialismoa ordezkatu zuen, edo, behintzat, horrekin nahasi zen[4]. Hala ere, komunista eta sozialista ez ziren, hertsiki, hitz baliokideak, komunistak sozialistengandik bereizten baitziren argiago baieztatzen ziren ideiengatik, hala nola klase-borrokaren errealitatetik eratortzen zen iraultzaren beharra, hau da, Estatuaren konkista gizarte berria lortzeko[9]. Ezberdintasun horiek izan ziren Karl Marx eta Friedrich Engels komunista hitza, eta ez sozialista, hartzera bultzatu zutenak 1847an sortu zuten Ligari, jendaurrean jarritako beraren manifestuari erreferentzia egiteko. Engelsek, 1890ean azaldu zuenez, 1840ko hamarkadan «iraultza politiko gutxiegitasun soilez sinetsita gizartearen errotiko eraldaketa eskatzen zuten langileen zatiak, gero komunistatzat jo zuen bere burua», bien bitartean, beren buruari sozialista deitzen ziotenen gehiengoa langile-mugimendutik kanpo zegoen, eta klase hezien laguntza bilatzen zuten: «eta jada garai hartan gogor onartzen genuenez "langile klasearen emantzipazioak langile klasearen beraren lana izan behar zuela", ezin genuen zalantzarik izan bi izendapenetatik zein aukeratu behar genuen»[10]. Iraultza Boltxebikera arte ez zen sozialismo hitza proletariotza diktaduraren trantsizio-etapa izendatzeko erabili.

1848. urtetik aurrera, sozialismo eta komunismo hitzak finkatu, eta gainjarri ziren, garai batzuetan identifikatuz eta beste batzuetan ezberdinduz, eta garapen historikoaren etapa desberdinak ezaugarritzeko ere erabili ziren[11].

« «Zer da komunista bat! irrikak dituena

irabazi desberdinentzako banaketa berdina.

Alfer edo zaildua, edo biak,

prest dago bere zentimoa emateko eta zure txelina poltsikoratzeko».

»
Ebenezer Elliott, Artoaren legea[12]

Historia[aldatu | aldatu iturburu kodea]

Karl Marxi (ezkerrean) eta Friedrich Engelsi (eskuinean) eskainitako monumentu bat, Shanghain (Txina).

Ideiaren sorrera[aldatu | aldatu iturburu kodea]

Ideia komunistak antzinakoak badira ere, komunismoaren aldaera nagusiaren abiapuntua Karl Marxek eta Friedrich Engelsek 1848an argitaratu eta ideologia komunistaren aitzindaritzat jotzen den Agiri Komunista izenburuko manifestuan dago. Hain zuzen, komunismoa, adiera zabalduenean, marxismoan txertatzen da: horren arabera, gizarte aldaketa sistema ekonomikoak eragiten du funtsean, hain zuzen sistema ekonomikoa kontrolatzen dutenen eta kontrolatzen ez dutenen arteko klase-borrokan; horrela, kapitalismoan ekoizpen-bideen jabe den burgesia eta burgesiak esplotatzen duen proletarioen edo langileen klasea daude aurkari; proletarioek beren egoeraren kontzientzia eskuratu, beren burua Alderdi Komunistan antolatu, iraultza egin eta boterea eskuratzerakoan, proletarioen diktadura jarriko lukete indarrean; kapitalismoak gizakien artean sortutako gatazkak gaindituta, proletarioen diktadura eta bere tresna guztiak desegin eta gizarte komunista sortuko litzateke.

Gauzatzea[aldatu | aldatu iturburu kodea]

Komunismoaren printzipioak gauzatzeko ahaleginetan aurrera atera zen lehen iraultza Errusiakoa izan zen, 1917an. Iraultza horren liderra Vladimir Ilich Ulianov Lenin izan zen, eta hark zioen Errusiaren iraultzaren emaitza «kapitalismoaren kate-mailarik ahulena» Errusia zelako gertatu zela. Berez, garai hartan Errusiak atzerapen teknologiko eta industriala nabarmena zuen, bere ekonomiaren oinarri nagusia nekazaritza sasifeudala izanik.

Errusiako Iraultzak industriaren jabetza pribatua ezabatu, nekazaritza kooperatibak sortu eta ekoizpen baliabideen biderkatzearen alde egin zuen nabarmen. Leninen helburu nagusietarikoa Errusian argindarra zabaltzea izan zen; berak zioenez, sozialismoa sobietak gehi argindarra zen.

Stalinen garaian industrializazioaren erritmoa azkartu egin zen, eta are gehiago Bigarren Mundu Gerra hurbildu zenean, industria astuna eta elikagaien ekoizpenari lehentasuna eman baitzitzaion. Ekonomian bost urteko planak ezarri ziren, eta Stalinek Sobietar Batasuneko Alderdi Komunistaren barruan sortutako disidentziari aurre egin behar izan zion.

Komunismo marxista[aldatu | aldatu iturburu kodea]

Marxismoa[aldatu | aldatu iturburu kodea]

Sakontzeko, irakurri: «Marxismo»

Leninismoa[aldatu | aldatu iturburu kodea]

Sakontzeko, irakurri: «Leninismo»

Marxismo-Leninismoa, estalinismoa, troskismoa eta maoismoa[aldatu | aldatu iturburu kodea]

Marxismo-Leninismoa eta estalinismoa[aldatu | aldatu iturburu kodea]

Sakontzeko, irakurri: «Estalinismo»

Troskismoa[aldatu | aldatu iturburu kodea]

Sakontzeko, irakurri: «Trotskismo»

Maoismoa[aldatu | aldatu iturburu kodea]

Sakontzeko, irakurri: «Maoismo»

Marxismo libertarioa[aldatu | aldatu iturburu kodea]

Eurokomunismoa[aldatu | aldatu iturburu kodea]

Sakontzeko, irakurri: «Eurokomunismo»

Ezkerreko komunismoa[aldatu | aldatu iturburu kodea]

Komunismo ez-marxista[aldatu | aldatu iturburu kodea]

Anarko-komunismoa[aldatu | aldatu iturburu kodea]

Sakontzeko, irakurri: «Komunismo libertario»

Komunismo kristaua[aldatu | aldatu iturburu kodea]

Kritika[aldatu | aldatu iturburu kodea]

Sakontzeko, irakurri: «Antikomunismo»
Ikur esanguratsua.

Antikomunismo terminoa erabiltzen da, adiera zabalenean, komunismoarekiko aurkakotasun edo etsaitasun jarrera teorikoen eta praktikoen multzoa izendatzeko. Hala, antikomunismoa izan daiteke posizionatze ideologiko hutsa, diskurtso politiko egituratu bat, ekintza politiko bat edo propaganda egitea. Alta, antikomunismo hitzaren zentzua aldakorra da, izan ere, "komunismoa" berak ere herrialdeetan oso mamitze desberdinak izan baitu. Antikomunismoaren nolakotasuna azaltzen duten faktoreak lotuta daude borrokatu nahi den komunismo motaren ezaugarriekin.[13]

Kontzeptua XIX. mendean sortu zen eta XX. mendean bilakaera luzea izan zuen, batez ere, boltxebikeek Errusian 1917ko urrian boterea eskuratu eta SESB sortu ondoren: ordutik, funtsean, antikomunismoa erregimen komunisten eta inspirazio leninista eta estalinista zuten alderdien kontrako jarrera bezala definitu zen. 1930eko hamarkadan, antisemitismoarekin batera, Alemania naziak martxan jarritako politiketako bat izan zen. Bigarren Mundu Gerraren ostean, antikomunismoa Estatu Batuen barne eta kanpo politikako funtsezko elementu bihurtu zen, SESBerekin aurrez aurre kontrajarriko dena Gerra Hotzaren garaian.

Erreferentziak[aldatu | aldatu iturburu kodea]

  1. «The Principles of Communism» www.marxists.org (Noiz kontsultatua: 2019-06-06).
  2. «Nikolai Bukharin and Evgenii Preobrazhensky: The ABC of Communism - Chapter III : Communism and the Dictatorship of the Proletariat» www.marxists.org (Noiz kontsultatua: 2019-06-06).
  3. Kurian, George. (2011). The Encyclopedia of Political Science. doi:10.4135/9781608712434. (Noiz kontsultatua: 2019-06-06).
  4. a b c d (Gaztelaniaz) Comunismo. 2022-11-18, 58 or. (Noiz kontsultatua: 2022-11-19).
  5. a b (Gaztelaniaz) Comunismo. 2022-11-18, 530 or. (Noiz kontsultatua: 2022-11-19).
  6. (Gaztelaniaz) Comunismo. 2022-11-18, 83 or. (Noiz kontsultatua: 2022-11-19).
  7. a b (Gaztelaniaz) Comunismo. 2022-11-18, 532 or. (Noiz kontsultatua: 2022-11-19).
  8. (Gaztelaniaz) Comunismo. 2022-11-18, 534 or. (Noiz kontsultatua: 2022-11-19).
  9. (Gaztelaniaz) Comunismo. 2022-11-18, 530-531 or. (Noiz kontsultatua: 2022-11-19).
  10. (Gaztelaniaz) Comunismo. 2022-11-18, 58-59 or. (Noiz kontsultatua: 2022-11-19).
  11. (Gaztelaniaz) Comunismo. 2022-11-18, 59 or. (Noiz kontsultatua: 2022-11-19).
  12. Varios autores (1910-1911). «Communism». En Chisholm, Hugh, ed. Encyclopædia Britannica. A Dictionary of Arts, Sciences, Literature, and General information (en inglés) (11.ª edición). Encyclopædia Britannica, Inc.; actualmente en dominio público.
  13. Jean-Jacques Becker, avant-propos du dossier Aspects de l'anti-communisme, revue Communisme n°62-63, L'Âge d'homme, janvier 2001, pages 3-10

Ikus, gainera[aldatu | aldatu iturburu kodea]

Kanpo estekak[aldatu | aldatu iturburu kodea]