Wikipedia, Entziklopedia askea

Giovanni Boccaccio

Boccaccioren estatua, Florentzian.

Giovanni Boccaccio XIV. mendeko idazle italiar eta poeta bat izan zen; 1313an jaio eta 1375ean hil zen, eta Mendebaldeko literaturako lehen ipuin-liburuetako bat idatzi zuen, Dekameron izenburukoa, haren lanik ezagunena; izan ere, beste literaturlan batzuk ere idatzi zituen. Italiako literaturaren historiako idazlerik handienetako bat da, Dante Alighieri eta Francesco Petrarca izeneko idazleekin batera.

Boccacciok Italiako eskualde bateko dialekto batean idatzi zuen, Toskanako italieraz hain zuzen. Boccacciok eta aipatutako beste bi idazle klasikoek eman zioten ospea Toskanako dialekto horri, eta, hain zuzen, hizkera horreta oinarrituta dago gaur egungo italiera.

   Ba al dakizuEmoji u2753.svg   
Boccacciok 1351n bukatu zuen Dekamerona idazten, baina garai hartan moldiztegia edo inprimatzeko makina asmatu gabe zegoen. Horregatik, liburuaren kopiak eskuz egin behar ziren; hala ere, liburuaren kopia ugari egin ziren berehala, eta beste hizkuntza ugaritara itzuli zen.

Dante italierazko poesiaren aitatzat hartzen den bezala, Boccaccio italierazko prosa edo hitz lauaren sortzailetzat jotzen da.

Boccaccioren bizitza[aldatu | aldatu iturburu kodea]

Aita merkatari baten eta emakume frantses baten semea zen. Napolin egin zituen goimailako ikasketak. 27 urte zituelarik, Florentzian jarri zen bizitzen eta, han, Petrarca ezagutu zuen. Gaztetatik gustatzen zitzaion poesia idaztea, eta asko miresten zuen Danteren lana; baina Petrarcaren poesia-lanak ezagutu zituenean, sutara bota zituen bere poesia-lan gehienak.

Florentzian bizi zen bitartean, izurri beltza deitzen den gaixotasun hilgarri bat zabaldu zen hirian eta biztanle asko hil zituen. Dekameron lanean kontatzen diren istorioak, hain zuzen, Florentziak jasandako izurrite horretan girotuta daude.