Edukira joan

Dekamerona

Wikipedia, Entziklopedia askea
Dekamerona
Jatorria
Egilea(k)Giovanni Boccaccio
Sorrera-urtea1350(e)ko hamarkada
IzenburuaIl Decameron, cognominato Prencipe Galeotto
Jatorrizko herrialdeaItalia, Florentziako Errepublika eta Germaniako Erromatar Inperio Santua
OCLC58887280
Ezaugarriak
HizkuntzaMedieval Italian (en) Itzuli
Egile-eskubideakjabetza publiko eta jabetza publiko
Fikzioa
Kontakizunaren tokiaFlorentzia
Dekamerona (euskaraz)
Il Decamerone liburuaren euskarazko itzulpenaren azala, 1979.
Datuak
IdazleaGiovanni Boccaccio
Jatorrizko izenburuaIl Decameron, cognominato Prencipe Galeotto
HerrialdeaItalia, Florentziako Errepublika eta Germaniako Erromatar Inperio Santua
OCLC58887280
Euskaraz
IzenburuaBoccaccioren Dekamerone tipi bat
ItzultzaileaGabriel Aresti
Argitaratze-data1979
BildumaHarria liburuak
Orrialdeak124
Decameron, 1492

Dekamerona (italieraz: Il Decamerone edo Decameron; euskaraz Dekameron edo Dekamerone) Giovanni Boccaccio idazle italiarraren ipuin bilduma ospetsua da, 1350-1353 urteen artean idatzitakoa. Bertan, Florentzia izurriak jota zegoelarik, handik ihes egindako zazpi emakumek eta hiru gizonezkok hamar egunetan kontaturiko ehun pasadizo ageri dira. Liburu hasieran errealismo handiz deskribatzen diren izurriaren ondorio izugarriak ahantzi nahirik, pertsonaiek mundu honetako atseginetarako egarria dute kontakizun gordinetan. Kontakizun horiek, bestalde, XIV. mendeko Florentziako gizarte-moldeen satira zorrotza agertzen dute. Dekamerona sartaldeko kontakizun-estiloaren aitzindaritzat jo daiteke.

Ezaugarri literarioak

[aldatu | aldatu iturburu kodea]

Il Decamerone ez da Boccaccioren obra bakarra, baina bai ezagunena, bikainena eta interesgarriena. Izugarrizko garrantzia izan du literaturan, bai Italiakoan eta bai gainerako guztietan. Obraren izenburua —"hamar egunak" esan nahi du— Kreazioko sei egunak gaitzat harturik Erdi Aroan idatzitako tratatuetatik dator (jatorri berbera izan zuten beste hainbatek ere, Margarita Nafarroakoren Heptameron izenekoak, esate baterako). Prosagatik, egintzaren esparruagatik, eta tratatzen diren gaiengatik da ospetsua, baina, batez ere, gaien gordinkeriagatik. Baina Dekamerona ez da lizunkeria jostagarri soila beharbada, adibiderik lizunena Lisaren Pietro di Raonaganako (Pietro Handia) maitasunaren deskripzioa da, edo behintzat, lizunkeria jostagarri bat baino askoz gehiago da, elementu asko eta era askotakoak dituen artelan osoa baita. Ikuspegi hau, hala ere, ez da aspaldikoa: mende bat inguru baino gehiago ez du, garai hartan hasi baitziren erromantizismoa eta positibismoa Erdi Aroko trabetatik askatzen zen gizon-emakumeen bizipoza ikusten eta balioesten, Boccaccioren obran.

Gaur egun, Dekamerona, Erdi Aroko nobelagintzaren eta bizitza burgesaren summa-tzat hartzen da. Egia da Erdi Aroko teknikaz eta fantasiaz josita dagoela, baina ez dira ahaztuta uztekoak humanismoaren eremuko (nolabait esatearren) elementuak ere. Ez da antzematen moralizatzeko edo etsenplu emateko asmorik, baizik eta egintzen zergatikoak bereizi nahi dira, juzgatzeko intentziorik gabe, bizitzako maila guztiak onartuz eta adimena goretsiz, satirizatu gabe.

Obra errealista da, baina ez errealista soilik. Balio idealak goraipatzen ditu, amodioaren eta bertutearen idealak (Makiaveloren zentzuan), hau da, eskuzabaltasuna, altruismoa eta buru-azkartasuna. Esan liteke, zentzu batean, zaldunen mundua hartzen duela ispilu. Horregatik klase aristokratikoaren ideala bere egin, eta hirietako giro burgesean txertatu zuen (merkataritza eta eskulangintza munduan, zehatzago esanda). Esan izan da irudimenaren eta gudari distiratsuen mundua bertan behera utzi zuela. Boccaccioren pertsonaiak ez dira, izan ere, gerrako zaldun, bizitzako zaldun baizik.

Era askotako gaiak erabiltzen ditu. Idazleak interes handiagoa eskaini zien gizakiei, gertaerei baino -horrela ulertzen da abentura askoren ahultasuna-. Badira kontakizun luzeak eta badira laburrak. Sintesi gisa, bi norabide nagusitzen dira: bata, maitasunaren inguruko gaiak, eta bestea, adimenaren gurtza.

Dekameroneko bederatzi protagonista, W. Waterhousek egindako irudian.

Amodio gaietara etorrita, Boccacciok ez du lizunkerian atsegin hartzen (jende guztiak horixe ikusten badu ere), baizik eta pertsonaren senen eta sentimenduen jokoa deskribatu nahi du: berak izandako esperientzia pertsonala arrazoiaren galbahetik iragazten saiatzen da. Adimenaren gurtza, berriz, ez da gurtza abstraktua; aldiz, guztiz gizatiarra da. Gaizkilearen maltzurkeriatik hasi eta zaldunaren duintasunean adierazten deneraino. Tentela eta "axkar" lotsagabea batera azaltzen dira, eta ia beti lotsagabeak irabazten du.

Hiru izan dira Dekameronaren arrakastaren arrazoi nagusiak: prosa, gaiak eta esparrua. Prosak Italia soilik txunditu zuen, gaiek eta esparruak mundu guztia. Italian irakurle, miresle eta imitatzaile asko izan ditu. Italiatik kanpo ere luzea da imitatzaileen zerrenda: liburu horretan oinarritu ziren, besteak beste, Chaucer, Shakespeare, Margarita Nafarroakoa eta La Fontaineren zenbait obra.

Euskarazko itzulpenak

[aldatu | aldatu iturburu kodea]

Euskarara hirutan ekarri dute:[1]

Testuaren zati baten itzulpena irakur daiteke Wikisource.org[Betiko hautsitako esteka] horretan, non lehen iturria: ZZEE (1998): Historia testu bidez , Arabako Foru Aldundia - EHU, Gasteiz. (Itzulpenaren arduradun Iban Zalduaren baimenaz).

Arestik lapurtera klasikoaz eman zuen, ortografia modernoan. Hamabost ipuineko aukeraketa egin zuen, irakurle modernoari egokituta, amodioari buruzko ipuinak aukeratuta gehienbat[2].

Euskaldunei buruzko aipuak

[aldatu | aldatu iturburu kodea]

Dekameroneko bi ipuinetan euskaldunak aipatzen dira. Bietan Bruno eta Buffalmaco izeneko pertsonaiek inori eginiko txantxetan:[3]

  • VIII (3) ipuinean, adarjotzaileek Calandrino xaloari Bengodi izeneko herrialde bat badela sinetsarazten diote, non Berlinzone izeneko eskualdean euskaldunak bizi diren, etengabeko festa gastronomikoan, mahastiak saltxitxekin lotuz adibidez: “(...) Maso rispose che le più si trovavano in Berlinzone, terra de’ Baschi, in una contrada che si chiamava Bengodi, nella quale si legano le vigne con le salsicce (...)”. Ipuinean zehar euskaldun tripazaleen ohitura xelebre (asmatu) gehiago ere botatzen dira.[4] Ipuin hori Gabriel Arestik itzulitako 15 ipuinen artean ere ageri da.[5]
  • VIII (9) ipuinean, Brunok eta Buffalmacok Maestro Simone doktore babo handiustea limurtzen dute, elkarte sekretu batean sartzeko aitzakiarekin. Hari esaten diotenez, elkarte horretan nahi duen emakumea konkistatzeko aukera izango du, haien artean "euskaldunen erregina": “(...) Ma sopra tutti gli altri piaceri che vi sono, si è quello delle belle donne, le quali subitamente, purché l'uom voglia, di tumo il mondo vi son recate. Voi vedreste quivi la donna dei Barbanicchi, la reina de'Baschi, la moglie del soldano, la imperadrice d'Osbech, la ciancianfera di Norrueca, la semistante di Berlinzone e la scalpedra di Narsia.(...)”.[6]

Erreferentziak

[aldatu | aldatu iturburu kodea]
  1. Euskarari ekarriak: Boccaccio Armiarma.com
  2. «Boccacioren Dekamerone tipi bat» Anaitasuna (Armiarma / kritiken hemeroteka) (Noiz kontsultatua: 2018-05-29).
  3. Gorosabel, Oier. «Ron-pon-pon / gora ta gora beti / Decameron» Eibar.ORG | Eibarko peoria (Noiz kontsultatua: 2019-02-14).
  4. «Modi di dire (17) – Dante Alighieri – Zaragoza» www.dantezaragoza.com (Noiz kontsultatua: 2019-02-14).[Betiko hautsitako esteka]
  5. ARESTI, Gabriel. XIV. Euskaldunek jaten dituzten gapoiak. In: Itzulpenak (II). Gabriel Arestiren literatur lanak 9:118-128. Bilboko Udala. Bizkaiko Foru Aldundia. Susa, 1986.
  6. «Commento» www.rose.uzh.ch (Noiz kontsultatua: 2019-02-14).

Ikus, gainera

[aldatu | aldatu iturburu kodea]

Kanpo estekak

[aldatu | aldatu iturburu kodea]