Edukira joan

Wikipedia, Entziklopedia askea
Fruta hondatua

Janari-intoxikazioak gure janarian edo edarian egon daitezkeen bakterioek, birusek edo bestelako germenek eragiten dituzte.

Janari-intoxikazioak ekartzen dituzten germenak gure gorputzean sartzen direnean, toxinak bota ditzakete. Toxina horiek pozoia bezala dira (hortik dator "janari-intoxikazio" hitza) eta beherakoa eta goragalea eragin ditzakete infekzioa sortu eta ordu gutxira. Hala ere, janari-intoxikazioa nahiko bizkor sendatzen da: jende gehiena pare bat egunean sendatzen da, ondorio iraunkorrik jasan gabe.

Kasu gutxi batzuetan, janari-intoxikazioa larria bada, baliteke sendagilearengana edo erietxera joan behar izatea. Janari-intoxikazioa jasaten ari diren pertsonek tratamendu medikoa behar dutenean, deshidratatuta daudelako izaten da normalean. Deshidratazioa izaten da janari-intoxikazioak ekartzen duen arazo larriena.

Zein izaten dira janari-intoxikazioaren zantzu edo sintomak?[aldatu | aldatu iturburu kodea]

Janari-intoxikazioak agertzeko duen modua hura eragin duen germenaren araberakoa izaten da. Batzuetan, germenak zituen zerbait jan edo edan eta ordu betera edo bi ordutara hasten da pertsona bat ondoezik sentitzen. Beste batzuetan, sintomak aste batzuk beranduago ere agertu daitezke. Kasu gehienetan, sintomak egun bat eta hamar egun arteko tartean desagertzen dira.

Oro har, honako hauek izaten dira janari-intoxikazioa jasaten ari den pertsona batek sumatuko dituen sintomak:

  • Ondoeza
  • Tripako mina eta karranpak
  • Goragalea
  • Beherakoa
  • Sukarra
  • Buruko mina eta ahuleria gorputz osoan

Zerk eragiten du janari-intoxikazioa?[aldatu | aldatu iturburu kodea]

Pertsona batek germenekin kutsatuta dagoen zerbait jaten edo edaten badu, intoxikatzeko arriskua dago. Animalia-jatorriko elikagaiek dute janari-intoxikazioa eragiteko arriskurik handiena, hala nola haragiak, arrautzek, esnekiek eta itsaskiek. Hala ere, frutak, barazkiek eta garbitu gabeko beste elikagai gordinek ere eragin dezakete janari-intoxikazioa. Ura bera ere egon daiteke kutsatuta gaixotasun hau eragiten duten germenekin.

Elikagai eta likidoak hainbat momentutan kutsa daitezke haien prestaketan, biltegiratzean eta manipulazioan zehar. Esate baterako:

  • Elikagaiak hazteko erabiltzen den ura kutsatuta egon daiteke animalien edo gizakien kaken ondorioz.
  • Haragiak edo hegaztiek germenak harrapatu ditzakete prozesatzean edo garraioan.
  • Tenperatura desegokian edo denbora luzeegian gordeta egon diren elikagaiak ere kutsatu ditzakete bakterioek.
  • Sukaldariek edo elikagaiak eskutan erabiltzen dituzten beste pertsonek ere kutsatu ditzakete ez badituzte eskuak garbitzen edo tresna zikinak erabiltzen badituzte.

Osasun arazoak edo immunitate-sistema ahula duten pertsonek janari-intoxikazioa jasateko arrisku handiagoa dute pertsona osasuntsuek baino.

Noiz joan behar dut sendagilearengana?[aldatu | aldatu iturburu kodea]

Janari-intoxikazio kasu gehienetan ez da osasun-laguntzarik behar, baina gutxi batzuetan bai. Janari-intoxikazioak ekartzen duen arazo larri ohikoena deshidratazioa izaten da. Osasuntsu baldin bazaude, ziur aski ez zara deshidratatuko, baldin eta gonbitoen eta beherakoaren ondorioz galdutako likidoak konpentsatzeko bezainbeste ur edaten baduzu.

Honako arazo hauetakoren bat baldin baduzu, joan zaitez sendagilearengana:

  • 12 ordu baino gehiagoz botaka aritzea
  • Beherakoa eta 38,3 °C baino gehiagoko sukarra
  • Kaka egin ostean desagertzen ez den tripako min handia
  • Odola kaketan (beherakoa izan edo kaka normala izan) edo gonbitoan
  • Beltz edo granate koloreko kaka
  • Takikardia, bihotzak normalean baino azkarrago ematea taupadak

Abisatu norbaiti deshidratazioaren sintomak sentitzen hasten bazara ere: egarri handia baduzu, pixa oso gutxi edo batere ez baduzu egiten eta zorabioak edo ahuleria sentitzen badituzu.

Duela gutxi atzerrian egon baldin bazara eta beherakoa edo tripetako beste arazoren bat sortzen bazaizu ere ideia ona da sendagilearengana joatea.

Janari-intoxikazioa (eta batez ere deshidratazioa) larriagoak izan daiteke immunitate-sistema ahulagoa edo osasun arazoak dituzten pertsonetan. Haurdun dauden emakumeek ere beren sendagileari ohartarazi beharko diote janari-intoxikazioa jasaten ari badira, germen batzuk kaltegarriak izan baitaitezke umekiarentzat.

Nola egiten da janari-intoxikazio baten diagnostikoa?[aldatu | aldatu iturburu kodea]

Azkenaldian zer jan duzun, zenbat denbora daramazun ondoezik eta zein arazo dituzun galdetuko dizu sendagileak, eta miatu ere egingo zaitu.

Kasu batzuetan, odol, kaka edo pixa lagin bat hartzen du sendagileak, laborategi batera bidali eta bertan aztertzeko. Honi esker, gaixotasuna zein mikroorganismok eragin duen jakin dezake sendagileak.

Zer tratamendu ematen da janari-intoxikazioaren aurka?[aldatu | aldatu iturburu kodea]

Orokorrean, janari-intoxikazioa duten pertsonak beren kasa sendatzen dira. Beste batzuetan, ordea, sendagileek antibiotikoak agintzen dizkiete janari-intoxikazio bakteriano larriagoak dituzten pazienteei. Batzuetan, deshidratazio larria jasaten ari diren pertsonak ospitalean zain barneko likidoekin tratatzen dituzte.

Nola zaindu norbere burua etxean?[aldatu | aldatu iturburu kodea]

Normalean, janari-intoxikazioa bere kasa desagertzen da egun batzuen buruan. Hainbat gauza egin ditzakezu zure burua zaintzeko:

  • Atseden asko hartu.
  • Likido asko edan, ez deshidratatzeko (esnerik eta kafeina duten edaririk edaten ez baduzu, hobe).
  • Zurrupada txikiak maiz emanez edan, likidoak atxikitzea errazagoa izateko.
  • Ez jan janari solido eta esnekirik beherakoa desagertu arte.
  • Ez hartu errezetarik gabeko botikarik beherakoari aurka egiteko. Izan ere, janari-intoxikazioaren sintomak gehiago irautea eragin dezakete.
  • Beherakoa eta gonbitoak desagertu ondorengo egunetan, hobe janari oso trinko eta koipetsurik ez jatea, tripako min gehiago ez izateko.
  • Sintomak larriagotu egiten badira edo deshidratazio zantzuak sentitzen hasten bazara, joan zaitez sendagilearengana.

Nola saihestu janari-intoxikazioak?[aldatu | aldatu iturburu kodea]

Hona hemen janari-intoxikazioa jasateko arriskua gutxitzeko jarraitu ditzakezun aholku batzuk:

  • Ondo eta sarritan garbitu eskuak, batez ere komunera joan ondoren, janaria ukitu baino lehen eta elikagai gordinak ukitu ondoren.
  • Janaria prestatzeko erabiltzen dituzun tresna, mozteko taula eta gainazal guztiak ur beroarekin eta xaboiarekin garbitu.
  • Ez edan pasteurizatu gabeko esnerik, eta ez jan hura izan dezakeen janaririk.
  • Garbi itzazu zuk zeuk zuritu ezin ditzakezun barazki eta fruta guztiak.
  • Elikagai gordinak (bereziki haragia eta itsaskiak) beste elikagaietatik urrun gorde prestatu aurretik.
  • Elikagai iragankorrak, hau da, iraungitze-data dutenak, lehenbailehen kontsumitu.
  • Animalia-jatorriko elikagaiak prestatzean, ziurtatu barruko tenperatura segurua dela.
  • Sobera geratu den janaria lehenbailehen sartu hozkailuan, ahal izanez gero hermetikoki ixten diren edukiontzietan.
  • Elikagaiak hozkailuan, mikrouhin-labean edo ur hotzetan desizoztu. Elikagaiak ez dira inoiz giro-tenperaturan desizoztu behar.
  • Elikagaiak iraungita baldin badaude edo zapore edo usain arraroa badute, ez itzazu jan. Gogoan izan: "ziur ez bazaude, bota".
  • Ez ezazu urik edan erreketatik edo edateko ona ez den ura ematen duten iturrietatik.