Wikipedia, Entziklopedia askea

Esne

Ahuntza jezten, eta ahuntz-esnea.

Esnea animalia-jatorriko elikagai bat da; ugaztun emeek sortzen dute beren ugatz edo titietan, beren kumeak elikatzeko. Kolore zuria du. Baldintza normaletan, esnea elikagai nahikoa izaten da kumeentzat; hau da, amaren esnea edanez bakarrik hazi eta handitu daitezke, beste mota bateko elikagaiak liseritu edo digeritzeko gai izango diren arte.

Gizakientzat, etxe-abereen esnea oinarrizko elikagai arrunt bat da zibilizazio gehienetan. Ohikoena behi-esnea izaten da, baina beste ugaztun batzuena ere kontsumitzen da: ardi-esnea, ahuntz-esnea, behor-esnea, gamelu-esnea, bufalo emearen esnea, etab. Gainera, ohikoak diren beste produktu batzuk egiteko ere erabiltzen da: gazta, jogurta, gurina edo mamia, adibidez. Horregatik, produktu horiei esnekiak deitzen diegu.

Esnearen osagaiak[aldatu | aldatu iturburu kodea]

Esnea ez da berdina animalia guztietan; hala ere, haren osagai nagusiak honakoak dira:

Gainera, esneak kaltzio eta fosforo ugari du. Horregatik, oso ona da hezurrak osasun onean edukitzeko. Esnea hartzen dugunean, hainbat bitamina ere hartzen dugu: B1 bitamina kopuru txiki bat, B2 bitamina kopuru handia, C bitamina (baina hau azkar suntsitzen da garraiatzen, pasteurizatzen eta egosten denean). A bitamina ere ugari topatzen da, esnearen koipean. Eta D bitaminak gorabeherak izaten ditu, sasoiaren arabera.