Kontinenteak ozeano eta itsasoek inguratzen dituzten lur-eremu zabalak dira; lurraren azaleko alde solidoa, bestela esanda. Nolabait, esan daiteke Lurreko erliebe-unitate nagusiak direla.
Zenbat kontinente daude?
[aldatu | aldatu iturburu kodea]Gure tradizioan, bost kontinente daudela esan ohi da: Afrika, Amerika, Asia, Europa eta Ozeania, baina Antartika ere gehitu behar da.
Beste tradizio batzuetan, Amerika bi kontinentetan banatzen dute: Ipar Amerika eta Hego Amerika; beraz, horien arabera, zazpi kontinente daude. Hala egiten dute herrialde anglosaxoietan, adibidez.
Bestalde, zientzialarien arabera, Europak eta Asiak kontinente bakarra osatzen dute, Eurasia izenekoa.
Kontinenteen banaketa
[aldatu | aldatu iturburu kodea]Kontinente gehienak elkarrengandik nabarmenki banatuta daude. Horrela, Afrika eta Europa Gibraltarko itsasarteak banatzen ditu; Afrika eta Asia, berriz, Suezeko kanalak banatzen ditu; eta Ipar Amerika eta Asia, aldiz, Beringeko itsasarteak. Baina Asia eta Europaren arteko banaketa ez da nabarmena; hau da, ez da naturala, kulturala baizik: Ural mendietan jarrita dago bi kontinenteen arteko muga, Errusian, herrialde horretako zati bat Europan eta bestea Asian utziz; hori hala da, XIX. mendeko errusiarrek Europan kokatu nahi zituztelako biztanle gehienak errusiarrak zituzten lurraldeak, eta Asian, aldiz, beren inperioak konkistatu eta kolonizatu zituen lurrak.