Wikipedia, Entziklopedia askea

Kordobako meskita

Eduki-taula

Meskitaren barruko arku-zutabeak.

Kordobako meskita VIII. mendean Kordobako hirian, Andaluzian, eraikitako obra arkitektoniko erlijioso musulman bat da. 1238an, kristauek hiria konkistatu ondoren, Kordobako katedrala bihurtu zen. Kristauek bere horretan mantendu zuten eraikina, baina XVI. mendean estilo errenazentistako katedral bat eraiki zuten barnean. Gaur egungo eraikinean omeiatar estiloko elementu arkitektoniko musulmanak nahasten dira elementu gotiko, errenazentista eta barrokoekin.

Granadako Alhambrarekin batera arte hispanomusulmaneko monumenturik garrantzitsuenetako bat da. UNESKOk gizateriaren ondare izendatu zuen 1985ean, eta Espainian bisita gehien dituen monumentuetako bat da; 2019an bi milioi pertsona baino gehiagok bisitatu zuten.

786an hasi ziren eraikuntza egiten, Kordobako emir Abderraman I.aren agindupean eta Damaskoko Meskita Handian oinarrituta. Emirrak nahi zuen Kordoba Bizantzio eta Bagdad bezain garrantzitsua izan zedin zientziari, kulturari eta arteari zegokienez. Jatorrizko meskita pixkanaka handituz joan zen beste kalifa batzuen agintaldietan zehar, eta garai batean munduko bigarren meskitarik garrantzitsua izan zen Mekaren atzetik; barnean 20.000 pertsona sar zitezkeen.

Meskita bi partetan dago banatuta; alde batetik, arkuz osatutako patioa edo Laranjondoen Patioa dago, non Abderraman III.ak eraikiarazi zuen minaretea (meskitetako dorre tipikoa) baitago; beste aldetik, harama edo otoitz-gela dago. Azken horren barnean adreiluz eta harriz eraikitako arku zuri-gorriak nabarmentzen dira, eta aldez aurretik zeuden eraikuntza erromatar eta bisigodoetatik ateratako granito eta marmolezko 856 zutabe daude.

Meskitetako parterik garrantzitsuena mihraba da, otoitz egiteko gela txiki bat, zeinetan imama, otoitza ematen duen lider erlijioso musulmana, kokatzen baitzen. Mihrabak Meka aldera jarrita egon ohi dira, ekialdera begira; hala ere, Kordobako meskita hegoaldera begira dago, Damaskoko meskita bezala.