Medea greziar mitologiako pertsonaia bat da, Jason eta Argonauten mitoan eta Euripides eta Senekaren antzinako hainbat tragediatan ere agertzen dena. Medea Kolkidako errege Eetesen alaba zen. Mitologiaren arabera, Medea Hekate jainkosaren sazerdotisa zen, eta hari esker azti edo sorgin bihurtu zen. Haren istorioa antzinako kontakizun zein artelan askotan agertzen da.
Egun batean, Jason izeneko printze bat Medearen aitaren gortera iritsi zen bere tripulazioarekin batera (argonautak izena ematen zaie, Argos izeneko ontzi batean zihoazelako). Urrezko ahari-larru baten bila zihoazen, horri esker lortuko baitzuten Iolko hiriko tronua berreskuratzea. Eetes erregeak zin egin zien larru hori emango ziela baldin eta proba batzuk gainditzen bazituzten. Proba horiek gainditzea ia ezinezkoa zen arren, Jasonek Medearen laguntza izan zuen, izan ere, printzeaz maiteminduta baitzegoen. Laguntzaren truke, berarekin ezkontzeko eta Greziara elkarrekin joateko eskatu zion.
Jasonek onartu zuen, eta ahari-larrua lortu ondoren, Medearekin ihes egin eta berarekin ezkondu zen. Jasonen hirira, hots, Iolkora iritsi zirenean, festa handi bat antolatu zuten printzearen ezkontza eta itzulera ospatzeko. Medeak, bere senarrari eskerrak emateko, erabaki zuen magia erabiltzea Jasonen aita Aeson gazteago bihurtzeko.
Aeson Iolkoko errege zilegizkoa zen arren, bere neba Peliasek tronua lapurtu zion eta ez zuen Jasonen esku utzi nahi izan. Jasonek urrezko ahari-larrua eraman zuen, izan ere, hori baitzen tronua berreskuratu ahal izateko zuen baldintza bakarra. Peliasen alabek Medeari eskatu zioten beren aita ere gaztetzeko. Medeak, orduan, ahari bat hartu, alaben aurrean zatikatu eta lapiko handi batera bota zuen, berak prestatutako edabe magiko batekin batera. Handik gutxira, arkume bat atera zen lapikotik. Peliasen alabek erabaki zuten gauza bera egitea eta beren aita zatikatu zuten, baina Pelias ez zen berpiztu. Ondorioz, Medeak eta Jasonek Korinto hirira ihes egin behar izan zuten. Bertan pozik bizi ziren, Jasonek Medea abandonatu eta Korintoko erregearen alabarekin ezkontzea erabaki zuen arte. Orduan, Medeak, haserre, erabaki zuen erregearen familiaz mendeku hartzea.
Soineko sorgindu bat oparitu zion Jasonen emazte berriari, eta janzterakoan, soinekoak su hartu eta printzesa hil zuen. Sutearen ondorioz jauregia erre eta erregea ere hil zen. Bertsio batzuen arabera, korintoarrak Medeaz mendekatu ziren eta Jasonekin zituen seme-alabak harrika hil omen zituzten. Beste bertsio batzuen arabera, Medeak berak sakrifikatu zituen.
Helios-ek, eguzkiaren jainkoak, gurdi bat eman zion Medeari Atenasera hegan iristeko, eta bertan Egeo erregearekin ezkondu zen. Baina Medea Egeoren seme Teseo hiltzen saiatu zen, tronua lapurtuko zion beldur baitzen. Azkenean bere jaioterrira itzuli behar izan zuen, Kolkidara, eta bertan bere familiarekin adiskidetu eta barkamena eskatu zien Jasonekin ihes egiteagatik.