Wikipedia, Entziklopedia askea

Mikroklima

Eduki-taula

Basoek tenperatura epelagoak dituzten mikroklimak eragiten dituzte.

Mikroklima deritzo inguruko klimarekin alderatuta ezberdina den zonalde txiki bateko klimari. Lurralde bakar batean hainbat klima ezberdin topa ditzakegu, leku bakoitzeko erliebeak, hezetasunak, haizeak, lurzoruak eta landarediak eraginda. Basoen, nekazaritza-lurren edo lurzoru biluzien ondoko lekuek, adibidez, berezitasun klimatikoak izaten dituzte, beste lekuekin konparatuta, eta horregatik esaten da mikroklimak direla.

Bestalde, mikroklimak hainbat baso inguruetako altueragatik ere gerta daitezke, lurzoruaren sakonera desberdinetan, eraikin baten alde desberdinetan, etab.

Lurzoru-motak eragin nabarmena du mikroklimetan. Hareazko lurzoruek nahiz beste lurzoru lodi, solte eta lehor batzuek, adibidez, muturreko tenperaturak errazago jasaten dituzte, altuak zein baxuak. Lurzoruek berotasuna islatzeko duten gaitasuna ere garrantzitsua da; kolore argiagoko lurzoruek islatzen dute eguzki-argiaren berotasuna gehiago. Mikroklimak sortzeko beste eragin bat lurzoruak hezetasuna xurgatzeko eta gordetzeko duen ahalmena da; gaitasun hori lurzoruaren osaeraren eta erabileraren araberakoa da.

Landaredia mikroklimaren parte da. Landareek aireko ur-lurrunaren maila kontrolatzen dute, transpirazioa deritzon prozesuaren bidez. Gainera, landaretzak lurzoruaren beheko geruza isolatzen du eta horrela tenperatura-aldaketak murriztu daitezke. Era horretan, landarerik gabeko lurzoruetan gertatzen dira tenperatura-aldaketarik handienak.

Topografiak edo azaleraren ezaugarriek mikroklima bat sor dezakete, airearen ibilbideari eta, beraz, eremu baten hezetasunari eragiten dietelako. Esate baterako, mendi baten hegaletik gorantz doan aireak presioa galtzen du pixkanaka eta hezetasuna askatu ohi du euri edo elur moduan. Haizea mendiaren beste hegaletik jaisten den heinean, trinkotu eta berotu egiten da eta baldintza lehor eta beroagoak sortzen ditu.

Mikroklimak beharrezkoak dira Lur planetan dugun bizitza-aniztasun eta biodibertsitatea mantentzeko. Edozein landare- edo animalia-espeziek klima jakin batzuk baino ezin ditu jasan. Hala ere, eremu bereko mikroklima desberdinek ingurune oso bat eskaintzen dute, flora eta faunako landare eta animalia espezie asko elkarrekin bizi ahal izateko modukoak.