Wikipedia, Entziklopedia askea
Euskal Herriko eremu klimatikoak.

Landaredia lurralde batean bizi diren landare-espezie eta landare-komunitate guztiek osatzen duten multzoa da. Landare gehienak taldekoiak dira, hau da, beste landare batzuekin bizi dira, komunikateak osatuz. Leku bateko landare-komunitate horiek leku horretako baldintza ekologikoen eta gizakien ekintzaren mende daude; hau da, faktore biotikoen eta faktore abiotikoen mende. Horrek esan nahi du leku bateko landareentzat, inguru horretako ezaugarriek (faktore edo baldintza biotiko eta abiotikoek) egokian izan behar dutela landare-komunitate horrek bere bizitzaren ziklo osoa burutu ahal izateko.

Landarediaren dinamika[aldatu | aldatu iturburu kodea]

Landare-komunitateak etengabe aldatzen dira, astiroago edo arinago. Adibidez, landare-komunitate berriak agertzen dira zaharren ordez, jarraiera ekologikoa deitzen dugun prozesu batean.

Epe luzera, gainera, landaredia ez da egonkorra, aldakorra baizik. Izan ere, landare-komunitateak ingurunearekin orekan egoten dira, eta inguruneko ezaugarriak aldatzen badira haiek ere joango dira aldatzen.

Hala ere, landare-komunitate batzuk egonkorragoak dira beste batzuk baino; adibidez, basoak egonkorragoak dira belardiak baino.

Halako lurralde batean, bertako ezaugarrien ondorioz, landare-komunitate batek bere garapenik handiena lortzen duenean, klimaxera iritsi dela esaten da. Hau da, landaredi hori heldua eta egonkorra da, eta haren espezie nagusiak inguruneko ezaugarrietara guztiz egokituta daude.

Dena dela, inguruko baldintza eta ezaugarriak aldatzen basira, landare-komunitateak ere aldatukjo dira eta beste batzuk agertuko dira haien ordez. Naturaren eraginez gerta daiteke hori, tximistek eragindako suak, lubiziak edo bestelako fenomeno naturalak gertatzen direnean), baina baita gizakion ekintzen eraginez ere (basoa mozten delako, gizakiek eragindako suengatik, eta abeltzaintza eta nekazaritza jarduerengatik).

Euskal Herriko landaredia[aldatu | aldatu iturburu kodea]

Atlatiar isurialdeko basoa

Berez, Euskal Herria bi eskualde biogeografiko handiren arteko mugan kokatuta dago: eremu eurosiberiarraren eta mediterraniarraren artean. Bi eremu horien arteko mugak ez dira erabat zehatzak, baina mendilerroak har ditzakegu mugatzat. Eremu horietako bakoitzaren klima-ezaugarriek, prezipitazioek eta tenperaturek eragin handia dute landarediaren banaketan.

Horren eraginez, landare eurosiberiarrak ez dira Arzena, Kantauri eta Kodes mendilerroetatik hegoaldera hedatzen; eta atlantiar eta mediterraniar isurialdeen arteko uren banalerroa eratzen duten mendilerroak oztopo handiak dira landare ozeanikoei hegoaldera zabaltzeko eta landare mediterraniar askori iparraldera hedatzeko.

Dena dela, oro har, Euskal Herrian, hiru eremu klimatiko bereizten dira, tenperaturari eta prezipitazioei begira:

Isurialde mediterrariarreko paisaia
  • Eremu atlantikoa: Atlantiar isurialdean dagoena. Eremu honetako landaredia hotz handietatik babesean bizi dira eta hezetasun handiko inguruneetan hazitzeko egokituta daude.
  • Trantsizioko eremua: Uren banalerroaren eta Kantauriar mendikatearen artean dagoena. Eremu honetako landaredia euri eta tenperatura aldaketa handietara moldatuta dago, eta neguko hotz handia eta udako lehorra jasateko gai izan behar dute.
  • Eremu mediterraniarra: Kantauriar mendikatearen hegoaldean dagoena (Arabako Errioxa eta Nafarroako Erribera). Eremu honetako landarediak udako bero handiak eta lehorte gogorrak jasateko gai izan behar du, baina gutxiago jasaten du neguko hotz handia.