Edukira joan

Wikipedia, Entziklopedia askea
Nekazaritza ekologikoa

Nekazaritza ekologikoa produktu kimiko artifizialik erabiltzen ez duen nekazaritza mota da. Ez du ingurumena edo animaliak kaltetu ditzakeen pestizida ez herbizidarik erabiltzen.

Zer berezitasun ditu?

[aldatu | aldatu iturburu kodea]

Nekazari ekologikoek simaurra edo bestelako substantzia organiko naturalak erabiltzen dituzte ongarri kimiko artifizialen ordez. Horrela, produktu kutsagarriek ingurumenari egiten dioten kaltea saihesten dute. Gainera, produktu kimikoak oso kaltegarriak dira gizakion zelulentzat, eta kontsumitzeak hainbat ondorio izan ditzake epe luzera: koloneko minbizia eragin dezake, ugalkortasuna murriztu dezake eta umekien garun-garapena kaltetu dezake, besteak beste.

Nekazaritza ekologikoak baliabide naturalak erabiltzen ditu intsektuei, izurriei eta belar txarrei aurka egiteko. Nekazari batzuek, adibidez, marigorringoak erabiltzen dituzte, landareei kalte egiten dieten landare-zorriak jaten baitituzte. Bestalde, nekazaritza-hondakinak birziklatu egiten dira nekazaritza ekologikoan, ingurumena inolaz ere ez kutsatzeko.

Nekazaritza ekologikoaren onurak

[aldatu | aldatu iturburu kodea]

Nekazaritza ekologikoak onura asko ditu. Nekazaritza sistema honen abantaila nagusienetako bat lurzoruari mesede egiten diola da. Nekazariek hainbat teknika erabiltzen dituzte, labore-txandaketa adibidez, lurraren emankortasuna areagotzeko eta ongarri artifizialak erabili beharra gutxitzeko.

Nekazaritza ekologikoak, gainera, mesede egiten dio biodibertsitateari. Nekazariek hainbat landare ezberdin batera landatzen dituzte lursailetan, eta sarritan lore eta landare basatiak ere landatzen dituzte, intsektu onuragarriei eta beste hainbat animaliari bizilekua emateko. Pestizida kimikoak ere saihestu egiten dituzte, onuragarriak diren intsektuei eta beste animalia basatiei kalte egiten dietelako; haien ordez, sistema naturalak erabiltzen dituzte izurriak menderatzeko.

Pestizida eta ongarri sintetikorik ere ez dute erabiltzen, ura kutsatzen baitute eta klima aldaketan eragiten baitute. Bestalde, baliabide berriztagarriak erabiltzen dituzte, eguzki-energia edo haize-energia, adibidez.

Produktu ekologikoek, gainera, gainontzeko produktuek baino mantenugai gehiago dituzte. Produktu kimikorik ez duten elikagaiak osasungarriagoak izan ohi dira, lurraren kalitatea hobetzeko landatzen baitituzte.

Honela, landareek mantenugai gehiago hartzen dituzte lurretik, eta elikagai osasungarriagoak lortzen dira.

Elikagai ekologikøn etiketa bat

Nola jakin zein diren nekazaritza-produktu ekologikoak?

[aldatu | aldatu iturburu kodea]

Herrialde askotan gobernuak arautzen du nekazaritza ekologikoa. Orokorrean, produktu ekologikoek gobernuak araututako etiketak izaten dituzte, kontsumitzaileek jakiteko produktu horiek ekologikoak izateko baldintzak betetzen dituztela.

Erakunde pribatuek sortutako etiketak ere badaude, ofizialak ez direnak, eta antzeko irizpideak erabiltzen dituzte nekazaritza-produktu ekologikoak zein diren adierazteko. Oro har, izen handiko erakundeak izan ohi dira, beraz, beren etiketak fidagarriak izaten dira.