Txikipedia:Orioko baleari

Wikipedia, Entziklopedia askea

Orioko baleari, Balearen bertsoak eta Orioko balearena izenburuez ere ezaguna, bertso sorta da, hogei bertsoz osatutakoa, 1901eko maiatzaren 14an oriotarrek balea bat nola harrapatu zuten kontatzen duena. Benito Lertxundik 1977an argitaratu zuen bederatzi bertsoko Orioko gertaera herri kantu bihurtu da.

Izenburua[aldatu | aldatu iturburu kodea]

Antonio Zavalak Bertso berriyak Oriyo'ko baliari jarriyak izenburuarekin jaso zituen bertso hauek (Orioko baleari laburtuta aipatu ohi da); Lertxundik Balearen bertsoak izenburuarekin bihurtu zituen abesti; eta Bertsolaritzaren Datu Basean Orioko balearena izenburuarekin daude jasota.

Historia[aldatu | aldatu iturburu kodea]

1901eko maiatzaren 14an Orion balea bat nola arrantzatu zuten kontatzen du; Bizkaiko golkoan harrapatutako azken sardako balea izan zen, eta Orioko arrantzaleek arpoia gabe dinamita erabili zuten animalia hiltzeko.

Hitzak[aldatu | aldatu iturburu kodea]

Testua Beterriko gipuzkeran egina da. Lertxundiren bertsioan, 3., 4., 7., 10., 11., 13., 14., 15., 16, 18. eta 19. bertsoak kenduta daude, abestia laburtzearren. Bertsoen testu osoa Antonio Zavalak jaso zuen.

1. Mila bederatzieun da

lehenengo urtian,

maiatzaren amalau

garren egunian,

Orioko herriko

barraren aurrian,

balia agertu zan

beatzik aldian.

2. Haundia ba zan ere

azkar ibilian,

bueltaka han zebilen

jun da etorrian,

ondarra arrotuaz

murgil igerian,

zorriak zeuzkan eta

haiek bota naian.

3. Baña zorri mantsuak

egin zuten junta:

gerra egin biar zala

baliaren kontra,

naiz gogor arraskatu

ez utzi, aguanta,

odola txupatuaz

muturra sartuta.

4. Zorri asko zeukan da

azkure buruan,

argatik ondarretan

arraskatzen zuan;

ala ere zorririk

kendu ezin zuan,

baliaren indarrak

balio etzuan.

5. Ikusi zutenian

hala zebilela,

beriala jun ziran

treñeruen bila,

arpoi ta dinamitak

eta soka bila,

aguro ekartzeko

etzan jende hila.

6. Bost treñero jun ziran

patroi banarekin,

mutil bizkor bikain ta

guztiz onarekin,

Manuel Olaizola

eta Loidirekin,

Uranga, Atxaga ta

Manterolarekin.

7. Bost txalupa aietan

jun ziran gizonak,

arraunian dirade

sendo ta txit onak;

ez dirade balian

kontra lo egonak,

dinamita ikusi

zuben an zegonak.

8. Baliak egindako

salto ta marruak,

ziran izugarri ta

ikaratzekuak;

atzera egin gabe,

hango arriskuak,

arpoiakin hil zuten,

an ziran anguakǃ

9. Bost txalupa jiran da

erdian balia,

gizonek egin zuten

bai naiko pelia;

ikusi zutenian

hil edo itoa,

legorretikan bazan

biba ta txaloa.

10. Sokaz amarratuta

jarririkan zagan,

jendia arraunian

gogotik asi zan;

baña maria kontra,

naiko lana bazan,

ala ere eguardiko

balia errian zan.

11. Ikusteko gauza zan

ura legorrian,

osorik zaguala

ildako egunian;

itxura galdu zuan

gero egonian,

mermatu ta txikitu

bigundu zanian.

12. Amabi metro luze

gerria amar lodi,

buztan pala lau zabal,

albuetan pala bi;

ezpañetan bizarrak

beste ilera bi

orraziak bezala

ain zeuzkan ederki.

13. Begi txikiak eta

abo txit aundia,

obeto esateko

ikaragarria;

metro bi zabaltzen zan,

au da bai egia,

larru guziya goma,

ura animalia!

14. Gauza ikusgarritzat

egun batzuetan

erriaren ondoan

arranplan egon zan;

urrutitikan ere

jendia etorri zan,

milla pezetarañon

dirua bildu zan.

15. Errematian gero

jarri zan saltzeko,

sei mila errialian

almoneratzeko;

iñork etzuan artu

balia ezertako,

baña balio zuan

koipe biurtzeko.

16. Koipe biurtu eta

aren olioa

irureun arrua zan

klase onekoa;

zazpi milla errial

aren balioa,

errematia baño

protxu obekoa.

17. Gorputzez zan mila ta

berreun arrua.

Beste berreun mingain

ta tripa barrua;

gutxi janez etzegon

batere galdua,

tiñako sei pezetan

izan zan saldua.

18. Eun da ogei duroz

balean bizarrak,

aguro saldu ziran

bete egaltzarrak;

garbitu ta gordiak

dauzke ezurtzarrak,

kontu aundiarekin

lodi ta medarrak.

19. Egindako gastuak

pagaturik danak,

lau bat milla pezeta

gelditu diranak;

ondo goza bitzate

oriotar danak,

saiatu diralako

eman die Jaunak.

20. Gertatua jarri det

egiaren alde.

Hau horrela ez bada

jendiari galde.

Bihotzez pozturikan

atsegintsu gaude.

Gora oriotarrak!

esan bildur gabe.

Oharrak[aldatu | aldatu iturburu kodea]

  1. Bertsolaritzaren datu-basearen arabera, Orbegozo oriotar apaizak jarri zituen bertsoak.

Erreferentziak[aldatu | aldatu iturburu kodea]

  1. Orbegozo. bdb.bertsozale.eus (Noiz kontsultatua: 2022-8-22).
  2. a b Zabala, Antonio. (1978). Arrantzaleen bizitza. in: Auspoa liburutegia. Auspoa.
  3. Junkera, Kepa. (2014). Orioko baleari. Youtube.
  4. Lertxundi, Benito. (1977). «Balearen bertsoak» Zuberoa/Askatasunaren semeei.
  5. Elkartea, Xenpelar Dokumentazio Zentroa-Bertsozale. «Orioko balearena - Doinutegia - BDB. Bertsolaritzaren datu-basea» bdb.bertsozale.eus (Noiz kontsultatua: 2020-05-14).

Kanpo estekak[aldatu | aldatu iturburu kodea]

  • Balearen bertsoak: Benito Lertxundiren bertsio musikatu laburtua, Lain taldeko Kristina Aranzabek eta Leire Berasaluzek interpretatua. Youtubeko bideoa. Iraupena: 4' 10''.