Wikipedia, Entziklopedia askea

Ozeano Bareko Suzko Eraztuna

Eduki-taula

Suzko Eraztunaren mapa, lurrikara eta sumendien kokapenekin.

Ozeano Bareko Suzko Eraztuna ozeano hori inguratzen duen sumendi-kate erraldoia da. Sumendiek sarritan erupzioak edo leherketa biziak izaten dituztenez, eremu horri Suzko Eraztuna deitzen zaio. Lurrikara asko ere gertatzen dira leku horretan.

Sumendi-katea Ipar eta Hego Amerikako mendebaldeko kostaldetik igarotzen da; iparraldean, Aleutiarrak zeharkatzen ditu, eta hortik hegoalderantz zuzentzen da, Asiako ekialdeko eta hego-ekialdeko uharteetaraino. Ondoren, ekialderantz eta hegoalderantz bideratzen da, Zeelanda Berriraino.

Suzko Eraztunak Ozeano Bareko plaka tektoniko erraldoia inguratzen du. Plaka tektoniko bat Lurraren kanpoko geruza arrokatsuaren zati bat da. Plaka horiek abiadura eta norabide desberdinetan mugitzen dira. Ozeano Bareko plakak eta haren inguruko plakek elkar jotzen dutenean, lurrikarak eta sumendiak sortzen dira.

1800etik aurrera, erupzio bolkaniko garrantzitsuak gertatu izan dira Suzko Eraztunean, hala nola Tambora mendiarena (1815), Krakatoarena (1883), Saint Helens mendikoa (1980) eta Pinatubokoa (1991). Historiako lurrikararik handienetako batzuk ere Suzko Eraztunean gertatu dira, adibidez, 1960ko eta 2010eko Txileko lurrikarak, 1964ko Alaskakoa eta 2011ko Japoniakoa. Bertako beste lurrikara batek 2004an Indiako ozeanoan jazo zen tsunami suntsigarria sorrarazi zuen.