Wikipedia, Entziklopedia askea
Asentsio eta Ramon Goikoetxea txalaparta jotzen. Erbetegi Etxeberri baserria, Astigarraga, 1984. (JMBA bilduma, Soinuenea, Oiartzun)

Txalaparta Euskal Herriko soinu-tresna bat da, zehazki esateko, idiofonoa.

Nolakoa da?[aldatu | aldatu iturburu kodea]

Tresna honen itxura ez da beti eta toki guztietan berdina izan. Txalaparta tradizionalak normalean forma hau izaten zuen:

  • Bi euskarri ahoz behera, otarrak edo saskiak, aulkiak edo bankuak.
  • Hauen gainean, isolatzen duen zerbait: maiz orria (arto orria), belar idorra, zaku zaharrak...
  • Gainean horizontalki jarririk, zurezko ohol bat.

Jotzeko lau makila erabiltzen dira. Hauen luzera eta itxura asko aldatzen da toki batetik bestera.

Nola jotzen da?[aldatu | aldatu iturburu kodea]

Joleak gutxienez bi izaten dira, eta bien artean osatzen dute musika. Horizontalki jarria dagoen ohola jotzen dute goitik behera, bakoitzak bere bi makilekin, makilak bertikalki hartuaz. Tokian toki jole bakoitzak izen desberdina hartzen du: batek, ttakuna edo tukutuna, eta besteak, herrena edo urguna.

Izen hauek adierazten duten bezala, jole bakoitzak bere funtzioa du. Batek ordena-oreka jartzen du eta besteak lagunak jarritakoa hausten du, desordena-desoreka sortuz. Horrela, erritmoa egin eta deseginez osatzen dute joaldia.

Txalapartak baditu jotzeko arauak, baina hauek askatasun handia ematen diete jotzaileei haien irudimen eta inprobisatze ahalmena erabili ditzaten. Beraz, inprobisazioak garrantzia handia du txalapartan.

Txalapartariek abiadurarekin, tonu altuera desberdinekin, hotsaren tinbre edo kolorearekin eta ozentasunarekin jolasten dute.

Nondik dator txalaparta?[aldatu | aldatu iturburu kodea]

Txalaparta, bere itxuragatik eta funtzioagatik, oso zaharra dela pentsa genezake, baina ez dugu honi buruzko antzinako frogarik.

Gipuzkoako Donostia-Urumealdea, Lasarte, Usurbil, Hernani, Ereñotzu, Urnieta, Altza-Intxaurrondo, Astigarraga, Ergobia eta Andoain izan dira garai batean ohitura hau ezagutu duten lekuak. Txalaparta tradizionala beti baserritar inguru edo giroan agertzen da eta baserriko bizimoduari loturik.

Donostia-Urumealdean sagardoa egiteko auzolanaren inguruan ezagutu dute bertakoek bizirik ohitura hau. Sagar jotzearen ondotik, lanean aritutakoek afaria egin eta festa bat ospatzen zuten. Festa horietan, gauez, baserri atarian txalaparta muntatu eta jotzen zuten. Esaten dute txalaparta 5 kilometrora ere entzuten zela eta inguruetan bizi zirenetako asko inguratzen zirela festara.

Txalapartaren gaur egungo egoera[aldatu | aldatu iturburu kodea]

Bermeoko txalapartariak.

1960ko hamarkadan bikote gutxi geratzen baziren ere, ordutik hona txalapartaren egoera asko hobetu da.

Aldaketak eman dira honako arloetan: materialak, ohol kopurua, funtzioak, joera, ekitaldi mota, joleen ezaugarriak (jatorria, adina, sexua, formazioa)...

Gaur egun txalapartari ugari badira Euskal Herri zabalean. Baserritik herri eta hirietara saltoa eman du txalapartak, kaletartu egin da, beraz.

Txalaparta jotzen ikasteko hainbat eskola daude eta ikasteko moduetan aurrerapen nabariak eman dira.

Honez gain, Txalaparta Festa eta Egun ugari antolatzen dira Euskal Herriko txoko desberdinetan.