Wikipedia, Entziklopedia askea
Uraren zikloa.

Uraren zikloa edo ziklo hidrologikoa urak pasatzen dituen fase desberdinen segida da:

  • Lurrunketa: ura lurretik, itsasotik, ibaietatik eta abarretatik lurrundu egiten da beroaren eraginez, eta zerurantz igotzen da. Fase honetan, ur likidoa gas bihurtzen da eta hidrosferatik atmosferara igarotzen da.
  • Kondentsazioa: lurruna, zerura igo ondoren, hoztu egiten da eta lurruna osatzen duten ur-partikula txikiak elkartzen hasten dira berriro, tanta txikiak osatuz. Hau da, ura gas-egoeratik likido-egoerara itzultzen da.
  • Prezipitazioa: tanta horiek pisua hartzen dutenean, erori egiten dira lurrerantz, euri moduan edo, hotzaren eraginez, izotz edo elur moduan.

Hiru fase horiek zirkularrak dira; hau da, prezipitazioen ondoren, ura berriro lurrera iristen denean, noizbait beroaren eraginez lurrundu egingo da, eta abar. Horregatik deitzen zaio uraren zikloa. Ziklo natural horri esker, ura ez da agortzen; baina, uraren zikloa planeta osoan gertatzen bada ere, ziklo integrala asko aldatzen da leku batetik bestera hainbat faktoreren ondorioz: klima, leku bakoitzeko biztanle kopurua eta ezaugarri soziokulturalak, lurraldeen garapen ekonomikoa, lurraldeko orografia, baliabide hidrikoaren erabilgarritasuna eta abar. Bestalde, munduko populazio guztiek ez dituzte ur-hornidurarako behar diren azpiegiturak, eta, horregatik, ur gezaren erabilera faktore horien guztien araberakoa izaten da. Zoritxarrez, munduko eskualde askotan oso arazo handiak dituzte edateko edo nekazaritzaren edo abeltzaintzaren beharretarako ura eskuragarri eduki ahal izateko.

Lurreko ur gehiena egoera likidoan egoten da, itsaso eta ozeanoetan, baina baita lurrazpiko ur eta lurrazaleko uretan (ibaiak eta lakuak) ere. Egoera solidoan ere ur asko topa daiteke; adibidez, bi poloetan eta mendiko glaziarretan pilaturiko izotza. Proportziorik txikiena atmosferan egoten da, egoera likidoan, laino moduan, edo gas-egoeran lurrun moduan. Atmosferako ura, ordea, oso garrantzitsua da hidrosferako gune ezberdinetako uren trukea gerta dadin; izan ere, horri esker, ur-gordailu nagusietatik urruti dauden zonalde kontinentaletara irits daiteke.

Gure planetako lurrazalaren hiru laurdenak urez estalita daude, honela banatuta:

  • % 97 ozeano eta itsasoetan.
  • % 2 izotzetan.
  • % 1 ur geza likidoan.

Ur-zikloaren ondorioak[aldatu | aldatu iturburu kodea]

Uraren zikloa funtsezkoa da gure planetako bizitzarako; bere orekari eusteko aukera ematen du, Lurraren lau geruzekin lotuta dagoelako:


a) Ur-zikloaren eta geosferaren arteko erlazioa[aldatu | aldatu iturburu kodea]

Ura, gainerako kanpoko eragile geologikoekin batera, funtsezkoa da lurreko erliebeak moldatzean. Adibidez:

  • Ur bizia edo goi-ibilguetakoa: euri-ura faktore oso garrantzitsua da higaduran, batez ere leku menditsuetan, lehorretan edo landaretza gutxiko eremuetan.
  • Ibaiek eragindako moldatze-lana: Ibaiek beren ibilguen ondoko lurra moldatzen dute. Lurra higatzeaz gainera, higatutako materialak garraiatu egiten dituzte erdi-ibilguraino edo behe-ibilguraino, eta bertan metatzen dituzte, sedimentazioa deitzen den fenomenoaren bidez. Batzuetan, lurzoru berriak ere sortzen dituzte, ibai-deltetan, adibidez.
  • Moldatze karstikoa: ura lurpera sartzen denean, harri batzuk (kareharriak, igeltsuak) disolbatu egiten dituzte, eta, horren ondorioz, haitzuloak sor ditzakete, bai eta lurpeko uraren metaketa ere.
  • Itsasertzaren moldatzea: olatu eta itsasaldien bitartez, itsasoak itsasertza higatu egiten du eta kostaldeko paisaia bereizgarriak sortzen ditu.
  • Glaziarren moldatzea: mendi garaietako glaziarretan pilatutako izotza haranetarantz jaisten da poliki-poliki, harriak eta harkaitzak arrastatuz, lurra higatuz eta erliebe bereizgarri bat sortuz.


b) Ur-zikloaren eta atmosferaren arteko erlazioa[aldatu | aldatu iturburu kodea]

Atmosferan dagoen ura lurrun eran dago. Atmosferak ur lurrun kopuru handia badu, ez da tenperatura aldaketa handirik gertatzen, eta tenperatura nahiko konstante mantentzen da.

Bestalde, atmosferan ura kondentsatzen denean, hodeiak sortzen dira, eta, ondoren, prezipitazioak izango dira.


c) Ur-zikloaren eta biosferaren arteko lotura[aldatu | aldatu iturburu kodea]

Izaki bizidunak, gehienbat, urez osatuta daude. Beraz, ura ezinbestekoa da haientzat.

Gizakiok, gainera, ura erabiltzen dugu jarduera askotarako. Egia da ura baliabide berriztagarria dela, baita gogoratu behar dugu baliabide mugatua ere badela; beraz, modu arrazionalean erabiltzen ez bada, agortzera irits daiteke.

Bideoa[aldatu | aldatu iturburu kodea]

NASAren bideo honetan ikus dezakezu uraren zikloari buruzko azalpena, ingelesez baina euskarazko azpitituluekin:

      Ikusi!