Tximistorratz

Wikipedia, Entziklopedia askea
Jump to navigation Jump to search
Torontoko CN Tower eraikinaren tximistorratza.

Tximistorratza tximistak erakarri eta lurrera modu seguruan bideratzeko gailua edo tresna da. Tximistorratzak inguruko pertsonak eta eraikinak tximistengandik babestea du helburu. Benjamin Franklin estatubatuarrak asmatu zuen 1752an.

Historia[aldatu | aldatu iturburu kodea]

1749an Benjamin Franklinek elektrizitateari buruzko esperimentuak egin zituen. Tximistak fenomeno elektrikoa direla defendatu zuen eta hipotesi hori frogatzeko metodo bat proposatu zuen. 1749an tximistorratza asmatu zuen eta, beharbada, Prokop Divišek ere bere aldetik independenteki asmatu zuen Europan 1754an.

1752an Franklinek artikulu bat argitaratu zuen Londresen, zeinetan tximistengandik babesteko teilatu gainetan altzairuzko hagaxkak erabiltzea proposatu baitzuen. Bere teoriaren saiakerak egin ziren Ingalaterran eta Frantzian, Franklinek berak kometa batekin 1752an egindako esperimentu famatua baino lehen. Handik aurrera tximistorratzak jartzen hasi ziren. Jendeak tximistorratz haietan zuen konfiantza hain zen handia, ezen tximistorraztun aterkiak ere diseinatu baitzituzten.

Gerora, Nikola Teslak diseinu berri bat patentatu zuen. Diseinu hori hobekuntza nabarmena zen eta agerian utzi zituen Franklinek egindako zenbait akats. Teslak tximistorratzaren funtzionamenduaren oinarriak definitu zituen. Orduz geroztik tximistorratzen industriak garapena izan du eta diseinu desberdinetako modeloak fabrikatzen dira, baina denek ere funtzionamendu printzipio bera dute: eremu elektriko natural baten bidez airea ionizatzen du inguruan eror litezkeen tximistak erakartzeko asmoz.

Lightning-rod-diagram.svg

Tximistorratzaren funtzionamendua[aldatu | aldatu iturburu kodea]

Tximistorratz batek oinarrizko hiru elementu ditu: Elektrodoa, lurreko hartunea, eta tximista elektrodotik lur-hargunera bideratuko duen hari elektrikoa. Elektrodoa haga metaliko bat da (altzairuzkoa, aluminiozkoa edo kobrezkoa), eta buru kaptadore bat dauka. Buru kaptadoreak hainbat forma izan ditzake: punta formakoa, punta askokoa, erdiesferikoa edo esferikoa; buru kaptadoreak eraikinaren zati garaienaren gainetik egon behar du. Buru kaptadorea lur-hargunearekin konektatuta dago kobrezko hari eroale baten bidez. Lur-hargunea lurrean sartzen diren metalezko pika bidez eraikia dago, baina lurperatutako metalezko xaflaz ere egin daiteke.

Sistema honen helburu nagusia tximista batek eragin litzakeen kalteak saihestea da, pertsonengan ez ezik baita bestelako elementuengan ere. Tresna asko deskarga elektrikoekiko sentikorrak dira eta hondatu egin daitezke.

Ikus, gainera[aldatu | aldatu iturburu kodea]

Wikimedia Commonsen badira fitxategi gehiago, gai hau dutenak: Tximistorratz Aldatu lotura Wikidatan