Lurra (elektrizitatea)

Wikipedia(e)tik
Hona jauzi: nabigazioa, Bilatu
Lur hartunea: lurzoruan sartutako pika eta berau konektatzen duen kablea.
ikur elektronikoak: lurrera konexio fisikoa
xasisera konexioa
seinale konexio komuna

Ingeniaritza elektrikoan, lurra zirkuitu elektriko baten tentsioak neurtzeko erreferentziazko puntua, korronte elektrikoarentzat itzulera bide komuna, edo lurrerako konexio fisiko zuzen bat da.

Izendatzeko lur hartune, lurrerako hartune, lur konexio, lur deribazio, masa edo soilik lur terminoak ere erabiltzen dira. Gazteleraz, beste batzuen hartean toma de tierra edo conexión a tierra erabiltzen da. Ingelesez ground edo earth erabiltzen da. Eskema elektrikoetan, orokorrean GND hizkiekin (ingelesezko ground) adierazten da.

Zirkuitu elektrikoak hainbat arrazoigatik konektatu daitezke lurrera. Etxetresna elektrikoetan, ageriko metalezko parteak lurrera konektatzen dira, isolamendu elektrikoak huts egiten badu erabiltzailea tentsio arriskutsuetatik babesteko. Lurrerako konexioek elektrizitate estatikoaren metatzea mugatzen dute, produktu sukoiak edo elektrizitate estatikoarekiko sentsibleak diren gailuak erabiltzerakoan arriskuak gutxitzeko. Telegrafo eta energia elektrikoa garraiatzeko zirkuitu batzutan, lurra bera zirkuituko eroaletzat erabili daiteke, itzulera kable bat instalatzearen kostua aurreztuz.

Neurketak egiteko orduan, lurra potentzial elektriko (ia) konstantedun erreferentzia bat da, zeinarekiko neurtzen diren potentzial diferentziak, lurraren potentziala 0 voltekoa dela kontsideratuz.

Lur —edo ground— terminoa elektronikan hain erabilia izanik, gailu elektroniko eramangarri eta ibilgailuetan ere erabiltzen da, lurrarekiko konexio errealik ez badago ere. Kasu hauetan komunacommon—, termino egokiagoa litzateke konexio mota honetarako: orokorrean elikadura iturriaren polo bati konektatutako eroale luze bat izaten da, zirkuituko elementu desberdinentzat korronte itzulera bidetzat egiten duena.

Lur hartunea instalazio elektrikoetan[aldatu | aldatu iturburu kodea]

Lur konexioaren banaketa. Kableak hori eta berdeak dira.

Instalazio elektrikoetan, lur hartunea erabiltzailea hornidura elektrikora konektatuta dauden gailuengatik babesten dituen sistema bat da. Erresistentzia txikidun eroale bati konektatutako metalezko pieza bat izaten da, pika deiturikoa, lurzoruan lurperatua. Ahal bada eraikinaren estrukturaren parte metalikoetara ere konektatzen da.

Konexioa eta banaketa kolore hori eta berdedun kable isolatu baten bidez egiten da. Kable hau tentsiodun kable guztiekin batera joan behar da deribazio guztietan, eta lokien kontaktu espezifikoen bitartez, kanpo-elementu metalikoak dituen edozein gailutara heldu behar da.

Gailu elektrikoaren barnean dagoen tentsiodun edozein elementuk, umeltasunagatik edo kontaktu zuzenagatik, gailuaren kanpoko parte metalikoekin kontaktua egiten badu, korronte elektrikoak lur konexioaren bitartez erresistentzia txikiko bide bat aurkituko du; honela korronteak lurrerako bidea istripuz ukitzen duen erabiltzailearen gorputza gurutzatuz egitea ekiditen da.

Babes osoa etengailu diferentzialarekin lortzen da. Honek, instalazio elektrikoan lurrerako deribazio bat dagoela detektatzen duenean, instalazioa deskonektatu egiten du. Arrazoi honegatik lur konexiodun loki eta larakoak erabili behar dira, hauek etengailu diferentzialaren babesa dutelako.

Lur konexioa goi tentsioko lineatan[aldatu | aldatu iturburu kodea]

Energia elektrikoa garraiatzeko aireko linea, non lurrerako konexiodun eroalea dorrearen puntu garaienean doan.

Goi tentsiodun energia elektrikoa garraiatzeko aireko lineatan, lur eroaleak dorreen puntu garaienean ezartzen dira, eta hauen egiturara elektrikoki konektatzen dira; era berean egiturek arestian aipatu bezalako lur hartunea dute.

Kasu honetan lur eroaleak funtzio bikoitza betetzen du: alde batetik, gizakiak goi tentsioko lineen deribazio batetik babesten ditu; beste alde batetik, goi tentsioko lineak baino garaiago egoterakoan, tximistorratz bezala jokatzen dute, tximisten energia ahalik eta kalte txikienarekin lurrera bideratuz eta inguruko gizaki eta instalazio elektrikoak babestuz.

Lur konexioa elektronikan[aldatu | aldatu iturburu kodea]

Seinale lurrak seinale eta korronteentzat itzulera bidetzat balio du tentsio oso baxuko —50 volt baino gutxiagoko— ekipamenduetan, eta ekipamendu hauen harteko elkar-konexioetan. Diseinu elektroniko askotan seinale guztientzat itzulera izango den bide bakar bat jartzen da. Seinale lur hau askotan hornidura elektrikoko lurrarekin konektatzen da, orokorrean ekipamenduaren metalezko kaxen bitartez. Zirkuitu inprimatuak diseinatzeko orduan kontutan hartu behar da sistemako parte bateko seinale aldakorrek edo lur konexio zaratadunek sistemako beste parte sentsible batzutan zarata eragin dezaketela.

Zirkuituaren lurra eta hornidura elektrikoko lurra[aldatu | aldatu iturburu kodea]

Tentsioa puntu biren harteko potentzial elektrikoaren diferentzia da. Puntu bakar baten tentsioa neurtzeko, erreferentziazko puntu bat hautatu behar da. Zirkuitu elektronikoetan erreferentziazko puntu hau lurraground— da, eta 0 volteko potentziala duela kontsideratzen da. Lur erreferentzia hau hornidura elektrikoko lurrera konektatua egon daiteke ala ez. Hornidura elektrikoko lurrera konektatuta ez dagoenean zirkuituaren lurraren 0V erreferentzia lurraren 0V erreferentziaren desberdina izan daiteke. Kasu honetan zirkuituko lurrari —0V erreferentziari— lur flotante deitzen zaio.

Ikus, gainera[aldatu | aldatu iturburu kodea]

Kanpo loturak[aldatu | aldatu iturburu kodea]