Edukira joan

Txirri lepokodun

Wikipedia, Entziklopedia askea
Txirri lepokodun
Sailkapen zientifikoa
KlaseaAves
OrdenaCharadriiformes
FamiliaCharadriidae
GeneroaCharadrius
Espeziea Charadrius morinellus
Linnaeus, 1758
Banaketa mapa
Datu orokorrak
Masa17 g
Zabalera60 cm
Kumaldiaren tamaina3

Txirri lepokoduna[1] (Eudromias morinellus) charadriidae familiako hegazti zangaluzea da[2], Eurasiako tundran bizi dena. Espezie migratzaile honek neguan hegoalderantz jotzen du, iparraldeko Afrika eta Iran arteko eskualdera hain zuzen ere. Euskal Herrian migrazio garaian ikus daiteke, batez ere iraileko pasean.

Zangaluze berezia da txirri lepokoduna. Bere taldeko hegazti zangaluze gehienak kostaldean eta hezeguneetan aurkituko ditugun bitartean, txirri txiki hau tundran kumatzen da (Eskandinavia eta Errusia iparraldean) eta Afrikako lurralde lehor eta basamortu itxurakoetan igarotzen du negua. Euskal Herrian migrazioan zehar bakarrik ikus daiteke eta, batez ere mendi garaietan aurkituko dugu, Pirinioetako goi larreetan adibidez, edota Nafarroa hegoaldeko lautada idorretan[3].

Txori polita da, batez ere kumaldiko jantziak prest dituenean. Moko motz beltza, hanka ez-oso-luze berdexkak, sabelalde gorria eta bekain zuri zabala buru grisean. Bekainak lepondoraino luzatzen dira. Horrekin batera, espezieari izena ematen dion lepoko marra zurizta ere deigarria da (batez ere kumaldiko lumajean).

Euskal Herrian ikusten ditugunek, normalean, lumaje apalagoa dute, neguko jantziekin heltzen direlako gurera.

Oso leku bakartietan kumatzen denez, ez da gizakiaren beldur eta normalean ez du ihesik egiten[3].

Habitata, etologia eta elikadura

[aldatu | aldatu iturburu kodea]

Txirri lepokodunak Eurasiako tundran kumatzen dira, leku isolatu eta bakartietan. Intsektuz eta armiarmaz elikatzen dira batez ere, nahiz eta noizean behin moluskuak, lur-zizareak eta landareak ere jaten dituzten. Janari gehiena lurrean aurkitzen du, landaretza edo harri artean, eta bere moko laburra baliatuz harrapatzen du.

Espezieak alderantzizko sexu-dimorfismoa erakusten du, hau da, emearen koloreak arrarenak baino deigarriagoak dira. Kumaldiko dantzaldia ere emeak egiten du, arrak erakartzeko. Ez bakarra, gainera, sarritan hainbat arrekin parekatzen delako aldi berean. Lurrean egindako zulo txiki bat besterik ez da habia, belarrez erdi-estalia. Bikoteak bakarka edo kolonia solteetan ugaltzen dira.

Emeak 3 arrautza inguru erruten ditu eta arrari uzten dizkio txitaldiaren lan nagusiak (arrautzak berotu eta txitoak haztea). Emeek ere laguntzen dute tarteka lanbide horretan, baina gehienetan beste eme batzuekin taldetxoak osatzen dituzte eta firin-faran aritzen dira, ugalketa-lanak alde batera utzita. Inkubazioak 24-28 egun irauten du eta txiten garapena oso azkarra izan ohi da. Hilabetera txirri gazteak prest daude euren kabuz bizi izateko eta heldu zein gazteek Afrikarako bidea hartuko dute abuztua orduko[3].

Migrazioa Euskal Herrian

[aldatu | aldatu iturburu kodea]
Txirri lepokoduna Euskal Herrian (Gorramendi, Baztan)
Txirri lepokoduna Euskal Herrian (Gorramendi, Baztan)

Esan bezala, espezie eurosiarra da eta Eskandinavia iparraldeko eta Errusiako tundran ditu populazio nagusiak. Eskozian ere kumatzen da eta Mongolian ere bada beste populazio bereizi bat. Alpeetan eta Pirinioetan ere geratzen dira populazio erreliktiko txiki-txiki batzuk eta bikote banaka batzuk kumatzen dira oraindik bertan.

Negua Ipar Afrikako eta Ekialde Hurbileko eskualde idorretan igarotzen du, Magreben hasi eta Iraneraino.

Abuztua eta iraila bitartean, ugaltze osteko migrazioan, ale gutxi batzuk ikus ditzakegu Euskal Herrian, gehienbat Pirinioetan edo Nafarroa hegoaldeko ordoki lehorretan. Hala ere, ez da maiz eta erraz ikusten den espeziea eta esan liteke gure lurraldean ezohiko espeziea dela (are gehiago Nafarroa eta Zuberoatik kanpo). Udaberriko migrazioa oraindik eta ixilagoa du eta arraroa da gure inguruan alerik ikustea apiril-maiatzeko pasean.

Erreferentziak

[aldatu | aldatu iturburu kodea]
  1. Euskal Batzorde Ornitologikoa. (2025). «Txirri lepokodun» Munduko hegaztien izen arruntak euskaraz (Txoriak.eus).
  2. Hayman, P., Marchant, J., & Prater, T. (1986) Shorebirds. Croom Helm ISBN 0-7099-2034-2.
  3. a b c Sarasua, Asier. «Txirri lepokoduna (Eudromias morinellus), tundrako eta mendi garaietako hegazti zangaluze berezi hori» Eibar.org (kontsulta data: 2025-08-25).

Kanpo estekak

[aldatu | aldatu iturburu kodea]