Urokultibo

Wikipedia, Entziklopedia askea

Urokultiboa gernuaren kultura mikrobiologikoa da. Mikrobiologia klinikoan erabiltzen den prozedura da, gernu-traktuaren balizko infekzioak antzemateko eta haien mikrobio eragileak identifikatu ahal izateko (garrantzi handikoa dena tratamendu antibiotiko egokia jartzeko).

Gernu-traktuaren infekzioak patologia infekziosoen artean ohikoenetarikoak dira; horregatik, mikrobiologia klinikoaren laborategietan urokultiboak usu burutzen dira.

Zistitis baten atzean bakterio gutxi batzuk daude, gernu-infekzio gehienak eragiten dituztenak. Ohikoena Escherichia coli da (zistitisen %75-%90aren erruduna).

Gizabanako osasuntsu baten gernua esterila da, baina gernu-traktuaren azken zatitik igarotzean bertan dauden bakterioz kutsatu egiten da. Horregatik, txiza egin ondoren hartzen den gernuak bakterioak ditu (10 3 KEU/ml -KEU: koloniak eratzen dituzten unitateak-); aldiz, lagina maskuritik zuzenean injekzioaren bidez hartzen bada, 10 KEU/ml agertzea infekzioaren seinalea da.

Urokultiboa egiteko gernua (gernu egitearen erdialdean hartzen dena) ontzi esteril batean jaso behar da. Lagina lehenbailehen bidali behar da laborategira; analisia ordu batzuk atzeratzen baldin bada, lagina 4 °C-tan hoztu behar da, analisia egin arte (beti ere lehenengo 24 orduetan, gehienez).

Lagina hazkuntza-ingurune ezberdinetara pasatzen da. Bi hazkuntza-ingurune mota erabiltzen dira:

  • hazkuntza-ingurune orokorrak: hauetan bakterio ugari hazten dira. Laginaren mikrobio guztien zenbaketa egiteko erabiltzen dira. Urokultiboa egiteko, erabiliena CLED agarra da. Agar horretan 10 5 KEU/ml baino gehiago zenbatzen badira (24 ordutan inkubatu ostean) bakteriuria esanguratsua dago (hots, gernu-infekzioa) [1].
  • hazkuntza-ingurune hautakorrak: hauek espezifikoagoak dira, eta patogeno zehatz batzuk bilatzeko erabiltzen dira (MacConkey agarra, Sabouraud agarra, EMB agarra, Chapman agarra, etab).

Urokultibo batean bilatu ohi diren patogenoak hauek dira: Escherichia coli eta beste koliforme batzuk, Proteus, Pseudomonas aeruginosa, Enterococcus faecalis, Staphylococcus aureus eta Candida onddoa.

Antibiograma batek gernutik bakartutako mikrobioaren sentikortasunaren berri emango digu, informazio baliotsua dena gaixoari dagokion tratamendua jartzeko.

Erreferentziak[aldatu | aldatu iturburu kodea]

  1. Madigan M.T., Martinko J.M., Parker J. Brock Mikroorganismoen biologia (2007) E.H.U-ak euskaratua: 857 orr. ISBN: 978-84-9860-026-1

Kanpo estekak[aldatu | aldatu iturburu kodea]