Edukira joan

Antibiotiko

Artikulu hau Wikipedia guztiek izan beharreko artikuluen zerrendaren parte da
Wikipedia, Entziklopedia askea

1944 inguruko iragarki publikoa, Bigarren Mundu Gerrakoa, merkaturatutako lehen antibiotikoetako bat izan zen penizilinaren jarduerari buruzkoa.
Amoxizilina molekula baten hiru dimentsioko egitura, espektro zabaleko antibiotiko bat, infekzio anitzen tratamendurako lehen farmakotzat erabilia.

Antibiotikoa (grezierazko etimologia[1] kontuan hartuta ἀντι anti –«kontrakoa» edo «kontrako propietateak dituena»–[2], eta latin berantiarraren biotcus –«bizitza arruntekoa»–, eta hori, berriz, grezierazko βιωτικός biotikós –«izaki bizidunena»– edo –«bizitzarena»–[3])) izaki bizidun edo deribatu sintetiko batek sortutako konposatu kimiko bat da. Horiek mikroorganismo patogenoak hil, edota haien hazkuntza inhibitzen dute. Gehienetan, bakterioek sortutako infekzioak tratatzeko erabiltzen dira, eta hortik dator bakterio-kontrako izenez ere ezagutzea.

Batetik, gai kimiko naturalak diren onddo harizpitsuak eta bakterio espezie zenbaitek sortutako antibiotiko naturalak ditugu. Bestetik, molekula naturalak kopiatuz, bai eta antibiotiko natural horiei hainbat aldaketa kimiko eginez eta haien bakterio-kontrako propietateak hobetuz sintetizatzen direnak.

Gaixotasun infekziosoak[4] tratatzeko erabiltzen dira. Antibiotiko asko ezagutzen dira, baina, medikuntzarentzat, % 1 inguruk baino ez du balio.

Antibiotikoak giza eta animalia medikuntzan eta baratzezaintzan erabiltzen dira patogenoek eragindako infekzioak tratatzeko. Normalean, antibiotikoek toxikotasun selektiboa izaten dute. Toxikotasun hori, askoz handiagoa da organismo inbaditzaileentzat animalientzat edo ostatatzen dituzten gizakientzat baino[5]. Hala ere, noizbehinka, sendagaien kontrako erreakzio bat gerta daiteke, hala nola organismoaren mikrobiota normalari eragitea. Antibiotikoek, oro har, pertsona baten defentsei laguntzen diete norberarenak infekzioa kontrolatzeko gai izan arte[6].​ Antibiotiko bat bakteriostatikoa da baldin eta patogenoak haztea eragozten badu, eta bakterizida, berriz, suntsitzen baditu[7]. Bi ondorioak ere eragin ditzake, zein den kasua[8].

Hertsiki edo historikoki, antibiotikoa mikroorganismo batek jariatutako substantzia bat da, beste mikroorganismo batzuei eragiteko gaitasuna duena. Antibiotiko terminoa Selman Waksmanek erabili zuen lehen aldiz, 1942an, zenbait «eragin antibiotiko» deskribatzeko, hau da, beste organismo bizietatik eratorritako mikroorganismoen hazkundearen aurkako formulazioak[9]. Definizio horrek, beraz, kanpoan uzten ditu mikroorganismo bat hil dezaketen eta beste mikroorganismo batzuek sortzen ez dituzten substantzia naturalak, hala nola urin gastrikoa eta hidrogeno peroxidoa. Gaur egun, antibiotikoaren definizioa erabiltzen ari dira mikrobioen aurkako sintetikoak edo mikrobioen aurkako kimioterapeutikoak sartzeko, hala nola kinolonak, sulfamidak eta produktu naturaletatik eratorritako beste mikrobioen aurkako agenteak eta enpirikoki aurkitutako propietate antibiotikoak dituztenak[9].

Antibiotiko bidezko tratamenduaren helburua mikroorganismo patogenoa desagerraraztea da. Horretarako, posologia bati jarraitu behar zaio, infekzioaren fokuan, behar besteko denboran, mikroorganismoa inhibitzeko gai den kontzentrazio minimoa[10] baino kontzentrazio handiagoa lortuko duena. Antibiotiko bidezko automedikazioa osasun publikoak duen arazo larria da, izan ere, antibiotikoa desegoki hautatzeak eta, bereziki, posologia desegoki batek antibiotiko horrekiko erresistenteak diren bakterio-populazioak sor baititzake. Bestalde, antibiotikoak eta mikrobio-aurkakoak ez dira batere eraginkorrak birus-gaixotasunetan; beraz, horrelakoetan ez da erabili behar[11].

Nahiz eta bakterioek eragindako giza gaixotasunak tratatzeko konposatu antibiotiko indartsuak, hala nola tuberkulosia edo legenarra, XX. mendera arte ez ziren isolatu eta identifikatu, Txinan, duela 2500 urte baino gehiago erabiltzen ziren antibiotikoak[12]. Orduan jakina zen sojaren mami lizuna zenbait infekziotan aplikatzeak onura terapeutikoak zekartzala.

Antzinako beste kultura asko, haien artean antzinako egiptoarrek eta greziarrek, lizuna eta zenbait landare erabiltzen zituzten infekzioak tratatzeko, antibiotikoak zituztelako. Fenomeno horri antibiosi deritzo[13].​ Antibiosiaren printzipioa 1877an deskribatu zen, Louis Pasteur eta Robert Kochek ikusi zutenean bazilo batek, airean, Bacillus anthracis bakterioaren hazkuntza inhibi zezakeela[14] .

Aurkitutako lehen antibiotikoa penizilina izan zen, 1897an, Ernest Duchesnek, Frantzian, Penicillium generoko onddoekin lan egiten zuena; baina bere lanak ez zuen komunitate zientifikoaren arretarik jaso. Antibiotiko terapeutika modernoaren arloko ikerketa Alemanian hasi zen, Paul Ehrlichek 1909an Salvarsan espektro laburreko antibiotikoa garatu zuenean[5]. Aurkikuntzak sifilisaren tratamendu eraginkorra ahalbidetu zuen, garai hartan osasun publikoko arazo zabala zena[15]. Sendagai hori, espiroketengatiko beste infekzio batzuei aurre egiteko ere eraginkorra dena, ez da gaur egun erabiltzen. Geroago, Alexander Fleming (1881-1955), britainiar medikua, bakterio bat (Staphylococcus aureus) hazten ari zen agar plater batean, eta, ustekabean, onddoek kutsatu zuten. Gero, lizunaren inguruko kultibo-ingurunean ez zegoela bakteriorik ohartu zen; harrituta, zergatia ikertzen hasi zen. Fleming, aurretik ere, lan egina zen lisozimaren bakterioen aurkako propietateetan, eta, horregatik, ikusitakoaren interpretazio zuzena egin ahal izan zuen: onddoak bakterioaren hazkuntza eragozten zuen zerbait jariatzen zuela. Lortutako materiala ezin izan bazuen garbitu ere (Molekulen eraztun nagusia ez zen egonkorra erabilitako purifikazio-metodoen aurrean), aurkikuntzaren berri eman zuen literatura zientifikoan. Onddoa Penicillium generokoa zenez (P. notatum, zehazki), produktuari, penizilina izena ezarri zion.

10 urte baino gehiago pasa ondoren, Ernst Chain eta Howard Walter Florey Flemingen lanarekin interesatu ziren, eta penizilinaren forma purifikatua sortu zuten. Flemingen ikasle ohi bat, Cecil George Paine, lehen esperientzia klinikoak egin zituen penizilinarekin jaioberrien oftalmia zuten jaioberrietan, eta arrakasta lortu zuen 1930ean[16]. Painek ez zituen emaitzak argitaratu, baina, geroago, Chainek eta Floreyk egin zuten. Fleming, Chain eta Florey ikertzaileek Medikuntzako Nobel saria partekatu zuten 1945ean. 1939an, René Dubos-ek gramizidina isolatu zuen, komertzialki fabrikatutako lehen antibiotiko erabilietako bat, zauri eta ultzerak tratatzeko egokia[17].​ Bigarren Mundu Gerran zauriek eragindako infekzioak tratatzeko premia larria zela eta, baliabide asko inbertitu ziren penizilina ikertzeko eta arazteko, eta Howard Florey buru zuen talde batek arrakasta izan zuen 1940an printzipio aktibo hutsaren kantitate handiak ekoiztean. Antibiotikoak, 1943tik aurrera, berehala zabaldu ziren.

2000ko martxoan, San Joseko (Costa Rica) San Juan de Dios ospitaleko medikuek Clodomiro Picadoren eskuizkribuak argitaratu zituzten. Eskuizkribu horiek azaltzen dute 1915 eta 1927 artean hark izandako esperientziak Penicillium generoko onddoek estafilokoko eta estreptokoko infekziosoen hazkuntzan duten inhibizio-eraginari buruz[18]. ​Hori dela eta, Picado penizilina antibiotikoaren aitzindarietako bat dela onartzen da, Flemingek 1928an aurkitu zuena. Picadok penizilinarekin egindako tratamenduen emaitzen txostena Parisko Biologia Elkarteak 1927an argitaratu zuen[19].

Antibiotikoak eta anestesia aurkitzeak eta osasun-langileek higiene-ohiturak hartzea (adibidez, eskuak garbitzea eta tresna esterilak erabiltzea), osasungintza irauli zuen, eta osasungintzan historian izan den aurrerapen handienetako bat bihurtu zen. Antibiotikoei, maiz, «bala magikoak» deritze (Ehrlichek erabili zuen terminoa), ostalariari kalterik egin gabe mikroorganismotan itua jotzeagatik[15].

Zelula prokariotoaren egitura

Bakterioak zelula prokariotoak dira. Ondorioz, ez dute nukleorik, ezta zelula eukariotoak dituzten organulu ugari ere (mitokrondriak, kloroplastoak, erretikulu endoplasmatikoa, golgiren aparatua edo lisosoma). Nukleorik ez edukitzeak DNA zitoplasman egotea eragiten du. Morfologia ezberdineko bakterioak daude, sailkapenerako irizpidetzat erabil daitezkeenak: kokoak edo baziloak, esaterako.

Bakterio zelulen biziraupenean, ezinbesteko funtzioa jokatzen du zelula hormak, beste era batera esanda, mintz plasmatikoaren kanpoaldetik kokatutako geruza polimerikoak. Peptidoglikanoa bakterioen zelula horman agertzen den eta polisakaridoz eta peptidoz osatutako polimero bat da. Sare itxurako egitura bat osatzen du, bakterioaren arabera trinkoagoa izan daitekeena. Peptidoglikanoak ezinbesteko egitura eta babes funtzioa betetzen du bakterioarentzat.

Alexander Fleming (1881-1955)

Alexander Fleming-ek 1929an argitaratu zituen penizilinari buruzko bere ikerketen emaitzak. Penicillium notatum onddoak sortutako substantzia bat zen, estafilokoko generoko bakterioen hazkundea galarazteko gai zena; izan ere, pareta zelularraren[20] peptidoglukanoaren sintesia ekiditen du. Purifikatu ostean eta animalien gaixotasun infekziosoak sendatzeko baliagarria zela frogatu ondoren, penizilina erabiltzen hasi zen gizakien infekzioak tratatzeko, arrakasta handia lortuz.

Akzio mekanismoa

[aldatu | aldatu iturburu kodea]

Lehen esan bezala, penizilinak, mikroorganismoen paretaren zelularen sintesia galarazten du transpeptidasa entzima inhibitzeagatik. Akzio horren bitartez, peptidoglukanoaren formazioa saihesten da, eta, honekin batera, baita honen elkargurutzaketa ere, zeinak, bakterioren paretari erresistentzia eta zurruntasuna emateaz gain, lisi osmotikotik babesten duen.

Bakterioen zelulen biziraupenean, funtzio ezinbestekoa jokatzen du zelula hormak, beste ere batera esanda, mintz plasmatikoaren kanpoaldetik kokatutako geruza polimerikoak. Geruza polimeriko hori peptidoglukanoz osatuta dago; hau da, polisakaridoz eta peptidoz osatutako polimero batez osatuta dago. Hain zuzen ere, N-azetilglukosamina eta azido N-azetilmuramikoz osatua dago, alternaturik, eta 1β-4 loturekin. N-azetilmuramikoari lotutako peptido motzak tartekatzen dira.

Peptidoglukanoaren sintesia zitoplasman gertatzen da, eta lau urrats nagusi ditu, non UDPari lotuta dauden polimeroaren unitateak, garraio funtzioa duten lipido batzuen bitartez, zelularen kanpoaldera garraiatzen diren bertan polimerizazioa burutu ahal izateko bertan kokatutako entzima batzuei esker. Polimerizazioa, monomero batzuk elkarren artean erreakzionatzearen ondorioz, kate edo sare egiturako makromolekulak sortzeko gertatzen den erreakzio kimikoa da. Kasu honetan, transpeptidazioa gertatuko  da.

Transpeptidazioa, transferasa entzimak katalizatzen duen eta peptidoglukano katean gertatzen den zeharkako lotura bat da, non emailea den kate monomeriko bateko amino talde bat peptidoglukanoak duen D-alaninara lotzen den. Bi kate horiek elkargurutzatzean sortutako kate berria bakterioaren pareta zelularraren gainean eransten da. Transpeptidasa entzimak karboxipeptidasa aktibitatea ere badu. Horren bitartez, kate peptidikoan  elkargurutzaketa egiten ez duten D-alanina muturrak ezabatzen ditu.

Horren guztiaren ondorioz, penizilinak transpeptidasa entzima inhibitzerakoan, goian aipatutako prozesua geldiarazten du, eta, ondorioz, ezinezkoa izango da zelularentzat hain beharrezkoa den peptidoglukano pareta osatzea. Izan ere, tranferasak, peptidoglukanoaren sintesiaren azken urratsean, ezinbesteko funtzioa betetzen du.

Penizilinaren aurkikuntzak eta ondoren bere purifikazio mekanismoa garatu izanak atea ireki zuen antibiotiko berrien identifikazioan aurrera egiteko. Gaur egun, antibiotikoek jatorri naturala, sintetikoa edo erdi-sintetikoa eduki dezakete, eta egitura molekularra ere askotarikoa izan daiteke. Hiru multzotan sailkatuko ditugu: bakterioarenganako efektuaren, espektroaren eta ekintza-mekanismoaren arabera.

Bakterioarenganako efektuaren arabera

[aldatu | aldatu iturburu kodea]
  • Bakterizidak: Bakterioak hil eta deuseztatzeko ahalmena dutenak.
  • Bakteriostatikoak: Bakterioen hazkuntza eragozteko ahalmena dutenak, zeinak populazioa muga ongarrien barruan mantentzea lortzen duten.

Espektroaren arabera

[aldatu | aldatu iturburu kodea]
  • Espektro zabalekoak: Bakterio gram positibo eta gram negatibo gehienak inhibitzeko gai direnak.
  • Espektro mugatukoak: Soilik espezie gutxi batzuk inhibitzeko gai direnak.

ANTIBIOTIKO ANTIBAKTERIANOEN ESPEKTROA

Ekintza-mekanismoaren arabera

[aldatu | aldatu iturburu kodea]

Bakterioen hormaren sintesia galarazten dituzten antibiotikoak

Hormaren sintesia inhibitzen duten agenteek peptidoglikano berriaren sintesiaren hainbat urratsetan eragin ohi dute.

  • Betalaktamikoak, peptidoen arteko loturen eraketa, hau da, peptidoglikano sintesiaren azken urratsa inhibitzen dute.

Familia honen barruan bost talde desberdin bereizi daitezke:

  1. Penizilina:
    • Naturalak: Penicillium onddoak sortuak dira; gram-positiboen kontra erabili izan dira.
    • Erdi sintetikoak: anpizilina, adibidez, gram-negatibo batzuen kontra erabili ahal da.
  2. Zefalosporinak: Cephalosporium onddoek ekoizten dituzten.
  3. Karbapenemak:
  4. Monobaktamak:
  5. Belaktamasaren inhibitzaileak:

Bakterioen mintza plasmatikoa desegituratzen duten antibiotikoak

[aldatu | aldatu iturburu kodea]

Bacillus polymixisek sortutako polimixinak bakterioen mintz zitoplasmatikoaren egitura suntsitzen du, baina, mintzen egitura guztiak oso antzekoak direnez, ostalariaren zelulentzat oso toxikoa da, eta erabilera murriztua du.

  • Polimixinak: Antibiotiko polipeptidiko, zikliko eta polikationikoak dira, eta gantz azido kate bat dute peptidoari lotuta. Zati hidrofiliko bat dute (peptidoa), eta, karga positibo altua dutenez, erakartze elektrostatikoaren bidez mintz zelularrera (karga neto negatiboa du) lotzen dira. Gainera, gantz azidoaren alboko katea mintzeko, fosfolipidoei elkartzen zaie interakzio hidrofobikoei esker. Horren ondorioz, mintzaren egitura nahasi egiten da bere iragazkortasuna handiagotuz eta ezinbesteko metabolitoak galduz. Hala ere, mintzen egitura guztiak oso antzekoak direnez, ostalariaren zelulentzat oso toxikoa da, eta erabilera murriztua du.
  • Daptomizina: Bakterio gram positiboen aktibitatean eragin handia sortzen duen lipopetido bat da. Bakterio gram positiboen mintz zitoplasmatikoan eragiten du, zelulan sartu gabe. Potentzial elektrikoa alteratzearen ondorioz, eta baita, potasio ioiak zelulatik kanpora ateratzearen ondorioz, despolarizazio handi bat ematen da mintzean. Horregatik, proteinen eta azido nukleikoen sintesian, blokeo bat ematen da, bakterioaren heriotza ekartzen duena.
  • Ionoforoak: Antibiotiko polipeptidiko ziklikoak dira (adibidez: balinomicina eta tirozidina A eta B). Egitura zirkular bereziaren ondorioz, kanpoaldetik hidrofobikoak dira, eta, barrualdetik, berriz, hidrofilikoak (polarra). Dituzten katioi monobalenteei esker, geruza bikoitza lipidikoa zeharkatzeko gai dira. Potasio kontzentrazio altuak potentzial elektrikoa eta gradiente kimikoa aldatzen du funtzioa aldatuz.
  • Poro sortzaileak (gramizidak): Ionoforoak ez bezala, aminoazido (polipeptido aziklikoak) kate linealak dira, akzio mekanismo desberdin bat dutena. Hainbat gramizida-molekula elkarren gainean jartzen dira, mintza zeharkatzen duen tunel moduko bat osatuz. Tunel hori molekulen ezaugarri eta tamainarekin oso selektiboa den poro bat izango da. Gramizida oso toxikoa da, eta, beraz, ez da oso ohikoa erabilera sistemiko bat ematea. Gainera, serum edo likido organikoetan inaktibatu egiten da.

Proteinen sintesia etenarazten duten antibiotikoak

[aldatu | aldatu iturburu kodea]

Bakterioen proteinen sintesia 50S eta 30S azpiunitateak dituzten 70S erribosometan gertatzen da; eukariotena, aldiz, 80S erribosometan gertatzen da. Horregatik, proteinen sintesian urratsen bat inhibitzen duten agenteak bakterioen erribosomentzako espezifikoak dira:

Azido nukleikoen (bakterioen kromosomaren) erreplikazioa oztopatzen duten antibiotikoak

[aldatu | aldatu iturburu kodea]
  • Kinolonak: DNA biribiltzeko beharrezkoak diren DNA-girasak inhibitzen dituzte.
  • Errifamizinak: DNA menpeko RNA polimerasa inaktibatuz, RNA mezulariaren eraketa blokeatzen dute.
  • Nitroimidazolak: Difusio pasiboaren bitartez, zitoplasman sartzen dira, eta, elektroiak garraiatzen dituen proteina baten bidez, bakterio gram-negatibo anaerobioen eta protozoen DNA kateak gutxitu egiten dira, eta, ondorioz, ebaki. Ezagunenak metronidazol, tinidazol eta ornidazol dira.
  • Nitrofuranoak: Nitroimidazolen antzera, zitoplasman gutxitzen dira deribatu toxikoak sortuz eta, ondorioz, DNA kaltetuz. Proteinaren sintesia ere oztopatzen du 30S erribosomarekin (erribosomaren azpiunitate txikia) bat egitean eta kodoi-antikodoi onarpena blokeatuz.

Metabolismoan eragina duten antibiotikoak

[aldatu | aldatu iturburu kodea]

Azido folikoa edo beste substantzien bide biosintetikoak inhibitzen dituzte.

  • Kimioterapiko sintetikoak: Bakterioentzat beharrezkoak diren metabolito batzuen sintesia blokeatzen dute.
  • Sulfamidek, trimetropinak eta azido paraminosazilikoak: Azido folikoaren sintesia inhibitzen dute. Dihidropteroatosinteasa entzima inhibitzen dute, horrela, azido dihidropteroikoaren (azido folikoa) formazioa etenaraziz. Antibiotiko horiek ez diote giza zelulari eragiten, azido folikoa dietatik lortzen baitute. Medikuntzan erabiltzen direnak dira suladaizina, sullfazetamina…
  • Diaminoporodinak, trimetoprimak eta pirimetaminak: Horiek dihidrofolatoreduktasa entzima ere inhibitzen dute, azido hidrofolikoa azido tetrahidrofolikoan eraldatzeko prozesua katalizatzen duen entzima, hain zuen ere.
  • Tuberkulosiaren kontrako sendagaiek, isoniazinak eta etanbutolak: Mikrobakterioen azido mikolikoak sintetizatzea edo horman ezartzea oztopatzen dute.

Ondorio kaltegarriak

[aldatu | aldatu iturburu kodea]
Berna-hezurraren aurreko eskualdeko larruazaleko urtikaria, antibiotiko baten erabileragatik.
Ikus, gainera: «Bigarren mailako ondorio»

Antibiotikoak erabiltzearen albo-ondorioak askotarikoak izan daitezke, eta erabilitako antibiotikoaren eta pazientearen araberakoak dira. Ondorio kaltegarri horien artean, sukarra eta goragalea egon daitezke, baita zenbait erreakzio alergiko ere. Albo-ondoriorik ohikoenetako bat beherakoa da; hori gertatzen da antibiotikoak hesteetako mikrobiotaren balantze normala nahasten dituenean eta Clostridium difficile bakterio anaerobikoa gehitzean[21]. Horrelako nahasmenak ez dira digestio-sisteman bakarrik gertatzen, bada, bagina-mikrobiota asaldatzen baitute, adibidez, Candida onddoaren (kandidiasia) infekzioaren kasuan[22]. Elkarrekintza farmakologikoa beste farmako batzuekin, beste albo-ondorio batzuk eragin ditzake; adibidez, tendoiren bat kaltetzeko arrisku handia kinolonen taldeko antibiotikoak eta kortikosteroide sistemikoa konbinatzen direnean.

Zenbait antibiotikok pilula antisorgailuen eraginkortasunean eragina izan dezaketela dioen hipotesia dago[23].​ Hala ere, ez dago hori frogatzen duen ikerketa eztabaidaezinik; aitzitik, ikerketa-azterketa gehienek iradokitzen dute antibiotikoek ez dutela interferentzia-efekturik ahotiko antisorgailuekin[24].

Antibiotikoen gehiegizko erabilera

[aldatu | aldatu iturburu kodea]

Antibiotikoak neurriz kanpo hartzeko ohiko moduetan sartzen da antibiotikoak hartzea infekziosoa ez den gaixotasun baterako edo bakterioarena ez den infekzio baterako sukarrarekin, bereziki antibiotikoak erabiltzea birusen infekzio batean, hala nola hotzeria edo gripea[11], baita antibiotikoa osorik ez hartzea ere, oro har pazientea hobeto sentitzen delako infekzioa desagertzen hasten denean[25]. Egoera horiek erresistentzia antibiotikoa garatzen duten bakterio-populazioak agertzea erraz dezakete.

Badago eztabaida bat etxaldeko animalia osasuntsuen dietan antibiotikoak sartzea komeni ote den[25].​ Praktika horren aurkakoek diote horrek antibiotikoekiko erresistentziara daramala, barne sartuz gizakiak infektatzen dituzten bakterioak, Salmonella, Campylobacter, Escherichia coli eta Enterococcus generoak kasu. Gainera, tetraziklinarekin tratatutako abereen gorotzetako metano-emisioa % 80 handitzen da antibiotikorik gabeko abereen gorotzetan isuritako gasekin alderatuta[26]. Tratatutako ganaduaren gorozkietan dagoen tetraziklinak Aphodius fossor kakalardoaren heste-flora aldatzen du kakalardoa gorozki horiekin elikatzen denean[26].

Leku askotan, hala ere, jarraitzen dute abereak elikatzeko antibiotikoek pisua handitzen dutelako, eta zentzu ekonomikoa duelako etxalde edo baserri indibidualentzat. Abereen elikaduran antibiotikoak erabiltzeak animalien hesteen lodiera murrizten duela dirudi, eta, ondorioz, elikagaien xurgapena eta animaliaren pisua hobetzen dira.

Kalkuluen arabera, Estatu Batuetan erabiltzen diren antibiotikoen % 70 baino gehiago animalia-elikagaiekin ematen dira, hala nola oilategien, txerrien eta abereen kasuan[27].​ Europar Batasunean eta Estatu Batuetan, abeletxeko animaliek urtean 10.000 tona antibiotiko baino gehiago hartzen dituzte hazkuntza azkartu eta gaixotasunak prebenitzeko.

Erresistentziak itsas ornodunetan hedatuta daude, eta horiek antibiotikoekiko erresistenteak diren bakterioen gordailu garrantzitsuak izan daitezke[28].

Arnas traktuko infekzioen azterketa batean ikusi zenez, medikuek antibiotikoak agintzera jotzen dute ustez sendagaia behar duten pazienteei, hala ere, paziente horietako 4tik 1ek bakarrik behar zituen[29].​ Antibiotikoen preskripzio desegokia murrizteko, artatzeko modu desberdinak daude, bai pazienteen aldetik, bai medikuen aldetik[30].​ Sendagai horien erabilera desegokitzat jo daiteke bidaiariek antibiotiko profilaktiko gehiegi hartzea ere. Oro har, ohiko akatsa da profilaxia erabiltzea edozein mikroorganismok edo horiek guztiek kolonizatzea saihesteko[31].

Antibiotikoen erabilera zuhurra

[aldatu | aldatu iturburu kodea]

Antibiotikoak behar bezala ez erabiltzeak giza osasunean dituen ondorio kaltegarriengatik, osasun-agintariek eta zientzia- eta lanbide-erakundeek zenbait ekintza jarri dituzte martxan farmako horien erabilera arrazionala sustatzeko. Esku-hartze horiek era askotakoak dira, eta herritar guztiei zuzentzen zaizkie; besteak beste, hauek sartzen dira:

  • Profesionalak prestatzeko ekintzak.
  • Herritarrak, orokorrean, informatzeko ekintzak, batez ere antibiotikoen kontsumoan maiz inplikatuta dauden biztanle-sektoreei, adibidez, haurren arnas infekzioei buruzkoak[32][33].
  • Politika instituzionalak eta antibiotikoen kalitate-kontsumoaren estandarrak garatzea.
  • Kanpaina instituzional nazionalak eta nazioz gaindikoak. Testuinguru horretan kokatzen dira Antibiotikoak Zuhurtziaz Erabiltzeko Europako Egunaren urteroko ospakizunak (azaroaren 18an[34])​ eta Antibiotikoei buruzko Sentsibilizaziorako Munduko Astea azaroan.
  • Farmaziatan antibiotikoak dituzten sendagaiak emateko modua arautzea.

Ikus, gainera

[aldatu | aldatu iturburu kodea]

Erreferentziak

[aldatu | aldatu iturburu kodea]
  1. Biotikos, Henry George Liddell, Robert Scott, "A Greek-English Lexicon", at Perseus.
  2. (Noiz kontsultatua: 2018-11-20).
  3. (Noiz kontsultatua: 2018-11-20).
  4. (Gaztelaniaz) Townsend, Courtney M.. (2005). Sabiston Tratado de Cirugia e-dition: Libro con acceso a sitio web. Elsevier ISBN 848174848X..
  5. a b Antibiótico. Enciclopedia Microsoft® Encarta® Online (Noiz kontsultatua: 2008-09-02).
  6. (Townsend 2005, 277 orr. ).
  7. (Noiz kontsultatua: 2018-11-20).
  8. Flórez, Jesús. Farmacología humana. (3. ed.. argitaraldia) Masson, 1062 or. (Noiz kontsultatua: 2011-09-10).
  9. a b (Ingelesez) Strohl W. R.. (1997). «Biotechnology of Antibiotics» Informa Health Care ISBN 0-8247-9867-8..
  10. (Townsend 2005, 271 orr. )
  11. a b «Lo que necesita saber de los antibióticos» Campaña para promover el uso correcto de los antibióticos (Centros para el Control y la Prevención de Enfermedades) 2006-09 (Noiz kontsultatua: 2008-09-08).
  12. Perry Romanowski. How Products Are Made: Antibiotics. (Noiz kontsultatua: 2008-09-01).
  13. (Ingelesez) Encyclopædia Britannica Online. Antibiosis. (Noiz kontsultatua: 2008-09-01).
  14. H. Landsberg. (1949). «Prelude to the discovery of penicillin» Isis 40 (3): 225-227..  doi:10.1086/349043..
  15. a b (Portugesez) Jacques Levin. (febrero, 2007). O conceito de "bala mágica". (Noiz kontsultatua: 2008-09-01)
    Aipua: «O conceito de “Bala Mágica” foi criado por Paul Ehrlich, nos primeiros anos do século 20, na Alemanha, em suas pesquisas para a criação de uma droga específica para combater uma doença específica. Segundo ele, a droga era como um projétil que destruiria o inimigo sem causar danos às células saudáveis do corpo.»
    .
  16. Wainwright, M & Swan, HT. (1986). «C.G. Paine And The Earliest Surviving Clinical Records Of Penicillin Therapy» Medical History 30 (1): 42-56. PMID 3511336..
  17. Van Epps HL. (2006). «René Dubos: unearthing antibiotics» J. Exp. Med. 203 (2): 259. PMID 16528813..
  18. El descubridor de la penicilina era costarricense, según dos científicos 20090224073825.. Infomed 4 de agosto de 1999. Año 6, N.º 150. Consultado el 29 de abril de 2011.
  19. Enrique Tovar (La Nación. El legado de Clorito. (Noiz kontsultatua: 2011-04-21).
  20. «Antibiótico - MSN Encarta» web.archive.org 2008-12-05 (Noiz kontsultatua: 2020-02-17).
  21. University of Michigan Health System: Antibiotic-Associated Diarrhea, 26 de noviembre de 2006.
  22. Pirotta MV, Garland SM. (2006). «Genital Candida species detected in samples from women in Melbourne, Australia, before and after treatment with antibiotics» J Clin Microbiol. 44: 3213-3217.  doi:10.1128/JCM.00218-06. PMID 16954250..
  23. Cuppetto, Micki. (2007). Medicina general aplicada al deporte. Elsevier, España, 59 or. ISBN 8481749915..
  24. Drugs Affecting Birth Control Pills. (Noiz kontsultatua: 2008-02-17).
  25. a b (Gaztelaniaz) Instituto Nacional de Alergias y Enfermedades Infecciosas. 2025-01-20 (Noiz kontsultatua: 2025-05-03).
  26. a b «Treating cattle with antibiotics affects greenhouse gas emissions, and microbiota in dung and dung beetles» Proc. R. Soc. B 283  doi:10.1098/rspb.2016.0150..
  27. Mellon, M et ál.. (2001). Hogging It!: Estimates of Antimicrobial Abuse in Livestock. (1. ed.. argitaraldia) Cambridge, MA: Union of Concerned Scientists (Noiz kontsultatua: 2011-05-18).
  28. Rose JM, Gast RJ, Bogomolni A, Ellis JC, Lentell BJ, Touhey K, Moore M. (2009). «Occurrence and patterns of antibiotic resistance invertebrates off the Northeastern United States coast» FEMS Microbiology Ecology 67: 421-431.  doi:10.1111/j.1574-6941.2009.00648.x..
  29. Ong S, Nakase J, Moran GJ, Karras DJ, Kuehnert MJ, Talan DA. (2007). «Antibiotic use for emergency department patients with upper respiratory infections: prescribing practices, patient expectations, and patient satisfaction» Annals of emergency medicine 50 (3): 213-220.  doi:10.1016/j.annemergmed.2007.03.026. PMID 17467120..
  30. Metlay JP, Camargo CA, MacKenzie T, et al. (2007). «Cluster-randomized trial to improve antibiotic use for adults with acute respiratory infections treated in emergency departments» Annals of emergency medicine 50 (3): 221-230.  doi:10.1016/j.annemergmed.2007.03.022. PMID 17509729..
  31. Reina Gómez, Goliat y Barban Lores, Digmara. (2001). «Política de antibióticos en Ortopedia» Revista Cubana de Ortopedia y Traumatología 15 (1-2): 61-64. ISSN 0864-215X..
  32. Bryant V, Timoner J, Oliva B, Gil M, Alegre P, de Abajo Iglesias FJ. P-1. Análisis de la utilización de antibióticos en población pediátrica con patología respiratoria. Estudio en la base de datos BIFAP. Rev Pediatr Aten Primaria. 2009;11 Supl 17:e36.
  33. Hernández Merino A. Uso prudente de antibióticos: propuestas de mejora desde la pediatría comunitaria. Enferm Infecc Microbiol Clin. 2010;28(Supl 4):23-27.. (Noiz kontsultatua: 2014-10-31).
  34. ECDC. Día Europeo para el Uso Prudente de los Antibióticos. Consultado el 2014-10-31.. (Noiz kontsultatua: 2014-10-31).

Kanpo estekak

[aldatu | aldatu iturburu kodea]