Victor Aveyrongoa
| Victor Aveyrongoa | |
|---|---|
| Bizitza | |
| Jaiotza | Tarn, ? |
| Herrialdea | |
| Heriotza | Paris, 1828ko otsailaren 12a (38/48 urte) |
| Heriotza modua | berezko heriotza: pneumonia |
| Hezkuntza | |
| Heziketa | National Institute of Deaf Youth of Paris (en) |
| Hizkuntzak | frantsesa |
| Jarduerak | |
Victor Aveyrongoa (Frantzia, jaiotza data ezezaguna - Paris, Frantzia, 1828ko otsailaren 12a) haur basati bat izan zen.
Frantziako Aveyronen, Languedocen, XVIII. mendearen amaieran, basoan beste gizakietatik bananduta bizi zen nerabe bat agertu zen. Parisera eraman zuten, eta kasua han aztertua izan zen. Gaztea behatu zutenen artean, Jean Itard (Jean Marc Gaspard Itard) izeneko pedagogo bat gailendu zen. Itarden ikerketak bost urte iraun zuen, eta bere esperientziak azaltzeko txosten bat argitaratu zuen. Esan daiteke Itard hezkuntza bereziaren aitzindari bat izan zela. Victorren kasuak zabalkunde handia izan du, François Truffaut zuzendariak eginiko L'Enfant sauvage filmari esker.
Gertaera historikoak
[aldatu | aldatu iturburu kodea]1797. urtean berri kezkagarri bat zabaldu zen Tarn inguruan. Esaten zen hango basoetan haur basati bat zebilela. Zurrumurruen artean bi urte igaro ziren, harik eta, 1800. urtean, ehiztari batzuek biluzik zebilen haur bat harrapatu zuten arte.
Umearen jarrera oldarkorra zen, ez zuen hitz egiten, basoko animaliak bezala mugitzen zen, eta barazki gordinak besterik ez zuen jaten. Ehiztariek umea Lacaune herrira eraman zuten, baina egun gutxiren buruan mendira ihes egin zuen. Hurrengo berriak 1800. urtearen hasieran jaso ziren, Aveyron inguruan; orduan ere, ehiztari batzuen bitartez.
Azkenik, Saint-Sernin-sur-Rance herriko etxe abandonatu batean harrapatu zuten, eta hasieran Saint-Affriqueko umezurtz-etxera eta, ondoren, Rodez herrira eraman zuten. Rodezen hilabete batzuk egin zituen, eta hobeto aztertzeko aukera izan zuten. Mutila hamabi urte inguruko nerabea omen zen, 1,35 metroko altuera zuen, ez zuen hitz egiten eta, itxura guztien arabera, erabat isolaturik bizi izana zen. Berria Parisera heldu zenean, Lucien Bonaparte ministroa interesaturik azaldu zen eta hiriburu horretara eramateko agindua eman zuen.
1800ko abuztuaren 6an, Victor Parisen zegoen. Ikerlari eta intelektualen arteko polemika bizia berehala zabaldu zen. Garbi zegoen gizartean bizitzen ez zegoela ohituta, baina ez zegoen garbi ea erakusten zuen atzerapena arazo mental baten ondorioa zen ala basoan isolaturik bizi izanaren ondorio zuzena zen. Orduan, 1801an, mutila Jean Itard pedagogoaren eskuetan uztea deliberatu zen. Itardek ikerketa interesgarria egiteko aukera ikusi zuen, eta lanean buru-belarri inplikatu zen. Itard doktoreren helburua zen Victor gizarteratzea. Horretan bost urte eman zuen, eta azkenik ez zuen lorpen handirik izan. Hori Itardentzat benetako porrot pertsonala izan zen.
1811n, Frantziako Gobernuak Guérin izeneko emakume baten ardurapean jarri zuen Victor. Eta harekin bizi izan zen haur basatia izandakoa, harik eta 1828an hil zen arte.
Itarden lanak
[aldatu | aldatu iturburu kodea]Lucien Malsonek Jean Itarden lanak argitaratu zituen. Lan horietan doktore horren asmoak oso garbi ikusten dira, nola saiatu zen Victorri hitz egiten irakasten, jendartean moldatzen eta, orokorrean, bizitza autonomoa izateko behar diren oinarrizko gauza guztiak erakusten. Neurri batean arrakasta txiki batzuk izan bazituen ere, nagusia ez zuen lortu, hau da, Victor komunikatzen ikastea. Arlo horretan zenbait soinu bokaliko eta kontsonantiko ikasi zituen, besterik ez. Amaieran Itardek bere buruari galdetzen zion ea ez zen egokiago izan Victor aurkitu zuten momentuan basoan bertan uztea, horrela agian zoriontsuago izango baitzen.
François Truffaut zuzendariaren filma
[aldatu | aldatu iturburu kodea]François Truffaut zuzendari ospetsuak 1970an L'Enfant sauvage filma egin zuen. Victorren rola Jean-Pierre Cargol aktoreak jokatu zuen; eta Itardena, Truffaut zuzendariak berak. Filmak arrakasta handia izan zuen, eta gaur egun ere gaiaren gaineko erreferente bat da. Gidoia egiteko, Jean Itardek utzitako txostenak eta dokumentuak erabili zituzten. Dena dela, ez zen hitzez hitzezko moldaketa bat, eta zuzendariak filma egiterakoan lizentzia batzuk hartu zituen. Arrakastaren ondorioz, esan daiteke gehien zabaldu den Victorren gaineko informazioa iturri horretatik datorrela, eta ez Itardek egin zituen lan baliotsuetatik.
Bibliografia
[aldatu | aldatu iturburu kodea]- (Ingelesez) Candland, D. K.: Feral children & clever animals. Reflections on human nature. Oxford University Press. New York, 1993. ISBN 0-19-510284-3.
- Darreche Urrutxi - Edurne Zenitagoia: Hezkuntza Bereziaren oinarri pedagogikoak. Bilbo: UEU, 2008, 27-31. Testu hau Lopez Torrijoren beste baten itzulpena da: www.buruxkak.org/pdf/469_HezkuntzaBereziaren.1.pdf
- (Frantsesez) Itard, J. M. G.: De l'education d'un homme sauvage ou des premiers developpemens physiques et moraux du jeune sauvage de l'Aveyron. Goujon. Paris, 1801.
- (Frantsesez) Itard, J. M. G.: Rapports et memoires sur le sauvage de l'Aveyron. Ingelesezko itzulpena: G.M. Humprey: The wild boy of Aveyron. Century. New York, 1932. Gaztelaniazko itzulpena: Rafael Sánchez Ferlosio: Víctor de l'Aveyron, Alianza, Madril, 1982.
Kanpo estekak
[aldatu | aldatu iturburu kodea]- (Frantsesez) [Mémoire et Rapport sur Victor de l'Aveyron (1801 et 1806). Sarean: https://web.archive.org/web/20110517212328/http://classiques.uqac.ca/classiques/itard_jean/victor_de_l_Aveyron/victor.html]
- (Gaztelaniaz) Informazio asko, bai kasuari buruz, bai filmari buruz, Enrique Martínez-Salanova Sánchezek bildua.