Volskoak
| Mota | talde etniko historiko |
|---|---|
| Hizkuntza | volskoen hizkuntza |
| Periodo | Antzinate klasikoa |
| Geografia | |
| Estatua | Italia |

Volskoak edo volsciak (latinez volsci [ˈwɔɫskiː]), Osko-Sabeliar taldeko herri[1] gerlaria izan zen, K.a. V. mendean, lautada Pontinoa kontrolatu zuena (Laziotik hego-mendebaldera, Albano mendiak eta itsasoaren artean), aurretik latindarrek kontrolatu zutena. Eskualdea aberatsa zen bere nekazaritzagatik (laboreak eta mahatsondoak, baita arrantza ere), eta hegoalderako bidea kontrolatzen zuen, Campaniarakoa (Via Appia eraikiko zen tokia). Bere gotorlekua Antiumen izan zuten (Anteias edo Antion, gaur egungo Anzio), elezaharraren arabera, Zirtze aztia eta Odiseo edo Ulisesen seme zen Anteiasek sortua.
Beste hiri volko batzuk ziren Satricum, Ecetra, Velitrae, Circeii, eta Tarracina (volskoek Anxur berrizendatu zutena)[2]
K.a. 600 inguruan Liris (egungo Liri) ibaiaren goi-ibilguaren haranean bizi ziren. baina gertakari batzuek lehenik mendebaldera eta gero hegoaldera bultzatu zituzten, Latium hegoaldeko lur emankorrera.[1]
Volskoei buruzko ezagutza nagusiki euren eta erromatarren arteko gerrei buruzko erromatar kontakizunetan oinarritzen da.[1] V. mendean zehar, eta sarri ekuoekin aliatuak, Erromarekin etengabe guduak izan zituzten. Erroma eta Latinoek, aldi berean, Ekuien eta Volsciien artean bizi ziren hernikoekin bat egin zuten aliantzan. 200 urte inguru iraun zuten etengabeko kanpainek bi aurkari horien artean. Volsciak K.a. 396an Erromarekin bakea egin zutela diote, baina K.a. 390ean galiarrek hiria arpilatu ondoren Erromaren ahultasunaz baliatu zuten gerra berriro pizteko. Borroka horien bitartean, erromatarrek Volscien hedatzea geldiarazteko V.eta IV. mendeetan hainbat kolonia ezarri zituzten. 340an Volsciak latinoen altxamenduan parte hartu zuten.[1]
Erromak zenbait garaipen lortu zituen, horietako batzuk, erabakigarri bezain hil zorizkoak, Algido mendiko gudua kasu, K.a. 431n, baina ez zuen egoera zehazterik lortu samnitekin aliatu zen arte, K.a. 354an, elkarrekin eraso eta lurraldea banatzeko. K.a. 338an, volskoak, azkenik, garaituak izan ziren eta berehala erromatartuak izan ziren erabat, eta horregatik haien kultura nolakoa zen jakitea zaila da.[1]
Hizkuntza
[aldatu | aldatu iturburu kodea]Euren hizkuntza italikoen familiakoa zen. Alfabeto latindarrean idatzitako idazkun bat kontserbatzen da, Tabula Veliterna izena duena. K.a. III. mendeko brontzezko taula bat da, Velletrin udalerrian aurkitua, antzinako Velitraen, volskoen hiri garrantzitsua izan zena. Ezin izan da testua erabat irakurri,[3] baina proposamenak egin dituzte hizkuntzalariek. oro har, testu erlijiosotzat hartzen da.[4] Gutxi gora-behera uste da, taulako lau lerrotan, hiriko biltzarrak azaltzen du nolakoa izan behar duen garbitze sakrifizioa (idi bat eta as bat ardoa erosteko eta beste as bat edalontzietarako) Delklona[5] jainkosaren baso sakratutik adarrik edo hastorik hartzen zuenarentzako, debekatua baitzegoen.
Erreferentziak
[aldatu | aldatu iturburu kodea]- 1 2 3 4 5 (Ingelesez) «Volsci | Ancient Rome, Italy, Etruscans | Britannica» Encyclopedia Britannica (kontsulta data: 2026-03-30).
- ↑ (Ingelesez) Cornell, Tim. (2016-03-07). «Volsci» Oxford Research Encyclopedia of Classics (Oxford University Press) doi:. ISBN 978-0-19-938113-5. (kontsulta data: 2026-03-30).
- ↑ Murano, Francesca. (2014). La tabula veliterna. Aspetti linguistici e aspetti istituzionali. (kontsulta data: 2026-03-30).
- ↑ de Tord Basterra, Gabriela; Beltrán Lloris, Francisco (zuz). (2022). Epigrafía religiosa en lenguas locales del occidente mediterráneo. Volumen II - Catálogo. Prensas de la Universidad de Zaragoza, 618 or. ISSN 2254..
- ↑ Prósper, Blanca María. (2022-01-01). «The Tabula Veliterna: a sacred law from Central Italy» Rivista Italiana di Linguistica e dialettologia (kontsulta data: 2026-03-30).