Yayo Herrero
| Yayo Herrero | |
|---|---|
| Bizitza | |
| Jaiotzako izen-deiturak | Yayo Herrero López |
| Jaiotza | Madril, 1965 (60/61 urte) |
| Herrialdea | |
| Hezkuntza | |
| Heziketa | Madrilgo Unibertsitate Politeknikoa |
| Hizkuntzak | gaztelania |
| Jarduerak | |
| Jarduerak | unibertsitateko irakaslea, aktibista, ekintzaile ekologista, emakumeen eskubideen aldeko ekintzailea, ingeniaria, antropologoa eta gizarte hezitzailea |
Yayo Herrero López (Madril, Espainia, 1965) antropologoa, nekazaritzako ingeniaria, unibertsitateko irakaslea eta ekintzaile ekofeminista da. Europan, ekofeminismoaren eta ekosozialismoaren arloko eragin handieneko ikertzaileetako bat da.[1][2]
Bizitza
[aldatu | aldatu iturburu kodea]Yayo Herrero lizentziaduna da Antropologia Sozial eta Kulturalean eta Nekazaritzako Ingeniaritza Teknikoan, eta diplomatua Gizarte Hezkuntzan. Gainera, goi-mailako ikasketak egin ditu Hezkuntza Zientzietan.[3][4] Ekofeminismoaren eta ekosozialismoaren arloko eragin handieneko ikertzaileetako bat da Europa mailan.[4]
Espainiako Ecologistas en Acción (Euskal Herrian, Ekologistak Martxan) erakundeko estatu-mailako koordinatzaile izan da, eta giza eskubideen eta gizarte-ekologiaren alorreko hainbat gizarte-ekimenetan parte hartu du. Gaur egun UNEDeko irakaslea eta FUHEM (Fundación Hogar del Empleado) erakundeko zuzendaria da.[5] Horrez gainera, kolaboratzaile dihardu hainbat komunikabidetan; esate batera, eldiario.es egunkarian.[6]
Lanak
[aldatu | aldatu iturburu kodea]Yayo Herrerok hainbat saiakera-lan idatzi ditu, eta bai horietan bai bere aktibismo ekofeministan gaur eguneko garapen-eredu kapitalistaren kontraesanak salatzen ditu.[3]
Izan ere, Herreroren ikerketa-gai nagusia garapen- eta produkzio-eredu kapitalistaren ondoriozko krisi ekologikoa da.[7] Beraren ustez, kapitalismoak ezinbestekoa du etengabeko hazkunde ekonomikoa, eta hazkunde horrek talka egiten du Lurraren muga biofisikoekin.[3][7] Gainera, eredu ekonomiko horretan garrantzirik gabeko lanbideak lehenesten dira, eta giza bizitzarentzat ezinbestekoak diren lanak, hala nola nekazaritza-produkzioa eta lan erreproduktiboa, behin-behinekotasunera kondenatu eta soldata-sistematik kanpo uzten dira.[3][8]
Herreroren aburuz, pertsonak izaki ekodependente eta interdependenteak gara, eta askotariko mugak dauzkagu; besteak beste, gure gorputzen zaurgarritasunari eta iraungipenari lotutakoak, natura-baliabideen eskasia, klima-aldaketa, biodibertsitatearen suntsipena eta airearen kutsadura.[3]
Herrerok erakundeen, gizarte-mugimenduen eta herritarren arteko elkarlana aldarrikatzen du, horren bidez gizarte-eredu iraunkor eta erantzunkideak sustatzeko, non produkzioaren eta lanaren definizioak berrikusi egingo diren “biofisikoki bideragarriak eta sozioekonomikoki bidezkoak” diren proposamenen bidez.[3]
Bidezko Transizio Ekologia aldarrikatzen du, hots, bizitza komuna berrantolatzeko prozesu partekatu, planifikatu eta desiratuari, eta helburutzat du pertsona eta komunitate guztiek era duinean existitzeko bermea.[9]
Gizakiok, ezinbestean, murrizketa materialeko testuinguru batean eraiki beharko dugu bizitza komuna. Hala, existitzeko baldintza duinetan ardazten diren proposamen politikoak garatzeko marko fisikoa desazkundea izan behar da. Desazkunde materiala egongo da nolanahi ere. Yayo Herrero.[9]
Herreroren aburuz, krisi ekologikoaz arduratzeak eta, aldi berean, pertsona guztien bizi-baldintzak bermatzeak berekin dakar elkarrekin lotutako zazpi ideia nagusi kontuan hartzea: [9]
- mugaren ideia (gure planetaren errealitate materialera egokitzearekin lotuta)
- beharren ideia (gizakiek elkarrekiko menpekotasuna dutela onartzen duena)
- birbanaketaren ideia (pertsona guztien beharrak asetzean pentsatzea ahalbidetzen diguna, murrizketa materialeko testuinguru batean)
- demokraziaren ideia (erdian jartzen duena trantsizio hori lortzeko eztabaidak sortzea eta akordioetara iristea)
- larrialdiaren ideia (krisi ekosozialaren dinamika azkartuari eta haren ondorioei erreparatzen diena)
- arduraren ideia (kontuan hartzen duena ustekabeko gertakizunez betetako testuinguru batean egingo dela trantsizioa)
- irudimenaren ideia (funtsezkoa da testuinguru ekologikoarekin bateragarriak diren desirahorizonteak eraikitzeko).
Argitalpen hautatuak
[aldatu | aldatu iturburu kodea]- La gran encrucijada. Sobre la crisis ecosocial y el cambio de ciclo histórico (2016).
- Ecologismo: una cuestión de límites (2016).
- Apuntes introductorios sobre el Ecofeminismo (2015).
- Por una recuperación de la condición humana en un planeta con límites (2013).
- Miradas ecofeministas para transitar a un mundo justo y sostenible (2013).
- Golpe de estado en la biosfera: los ecosistemas al servicio del capital (2011).
- ¿Dominio o cuidado de la tierra? (2011).
- Menos para vivir mejor: reflexiones sobre el necesario decrecimiento de la presión sobre los sistemas naturales (2010).
- Decrecimiento y mujeres. Cuidar: Una práctica política anticapitalista y antipatriarcal (2010).
Erreferentziak
[aldatu | aldatu iturburu kodea]- ↑ «Yayo Herrero. Gordin bezain itxaropentsu» Argia (kontsulta data: 2022-09-01).
- ↑ «Yayo Herrero eta Unai Pascual: "Iraultzailea ez da soilik egitea, imajinatzea ere bada"» erria.eus (kontsulta data: 2021-12-01).
- 1 2 3 4 5 6 «Yayo Herrero» RWM (kontsulta data: 2017-09-19).[Betiko hautsitako esteka]
- 1 2 (Gaztelaniaz) Las ocho mujeres más influyentes en la protección del medio ambiente en España. La Vanguardia. 25 de mayo de 2016.
- ↑ (Gaztelaniaz) Cambio en la Dirección General de FUHEM. 2012.
- ↑ (Gaztelaniaz) Eldiario.es. Autores – Yayo Herrero.
- 1 2 Herrero, Yayo (2016). (Gaztelaniaz) Ecologismo: una cuestión de límites. Encrucijadas. Revista crítica de Ciencias Sociales.
- ↑ Herrero, Yayo (2014). (Gaztelaniaz) Producir y trabajar para mantener la vida humana. Viento Sur.
- 1 2 3 Herrero, Yayo. Zertaz ari gara bidezko transizio ekosozialazI ari garenean?, BDEZKO TRANTSIZIO EKOSOZIALA, MgE dosierrak 52. zk, 2024ko negua- Noiz ikusia: 2025eko uztailaren 5a.
Kanpo estekak
[aldatu | aldatu iturburu kodea]