Zabalgarbi
Zabalgarbi | |
---|---|
Kokapena | |
Herrialdea | Euskal Herria |
Probintzia | Bizkaia |
Herria | Bilbo |
Koordenatuak | 43°15′02″N 2°58′08″W / 43.250625°N 2.968802°W |
Zabalgarbi Bilbon (Bizkaia) dagoen erraustegia da. Udalerriko hego mendebaldean dago kokaturik, Alonsotegiko mugatik gertu. Bizkaia ia osoko hiri-hondakinak errausten ditu, gas naturalarekin batera, elektrizitatea sortzeko. 2014ean, Bizkaiko etxeen %30-ak kontsumitutako hein sortu zuen Zabalgarbik, 475,5 milioi kWh[1].
Urte horretan, 223.344 tona hiri-hondakin erre zituen [2], horietatik, hiri-hondakinen %85 birziklagarria zen, eta %1,5a, arriskutsua[3]. Bestalde, Euskal Herriko karbono dioxido gehien isurtzen zuen bosgarren enpresa izan zen Zabalgarbi, urte horretan 235.000 tona isurita[4].
Gaur egun, Euskal Herrian martxan dagoen erraustegi bakarra da.
Errausketa prozesua
[aldatu | aldatu iturburu kodea]Zabalgarbi, ziklo konbinatuko erraustegia da. Alde batetik, hondakinak errausteko lerroan, labe galdaran 30 tona hondakin erretzen dira orduko, bertatik hondakinen gasak 310 °C-ko tenperaturan eta 100 bar-etako presioan irteten delarik. Hondakinetatik etorritako gas horiek gas naturala erretzearen ondorioz sortutako gasekin batera berotzen dira berreskuratze galdara batean, 540ªC-raino, presioa berdin mantenduz. Ostean, 56 MW-tako sorgailuarekin elektrizitatea sortzen da. Beste aldetik, gas naturalaren erreketako gasek berreskuratze galdarara sartu aurretik, 43 MW-ko gas turbina mugiarazten dute[5].
Hortaz, Zabalgarbin sortzen den energia elektrikoaren potentzia gordina 99,5 MW-koa da, eta potentzia garbia (erraustegiak kontsumitzen duena kenduta), 94 MW-koa.
Hiri-hondakinen erreketa prozesu honek ere hainbat hondakin sortzen ditu. 2014ko fitxa teknikoaren arabera[2], erretzen diren hiri-hondakinen laurdena ez da gas bihurtzen eta hondakin solido gisa geratzen da labean hiru forma desberdinetan: zepak (erretzen diren hiri-hondakinen pisuaren %20,13), txatarra (%1,71) eta errautsak (%3,64). Hauek toxikoak izaten dira eta zabortegi berezietara eraman behar izaten dira. Besteak beste, Zabalgarbiko hondakinak Zalla[6] zabortegira eraman izan dira.
Kudeaketa
[aldatu | aldatu iturburu kodea]Zabalgarbi S.A. enpresa da erraustegiaren jabe eta kudeatzailea. Enpresa horretan erakunde publiko eta pribatuetako bazkideak daude. Akzioen %65 enpresa pribatuen esku dago: Sener (%30), FCC (%30) eta Kutxabank (%5). Gainotzeko %35-a, erakunde publikoen esku: Bizkaiko Foru Aldundia (%20), Energiaren Euskal Erakundea (%10) eta Ezkerraldeko Udalerrien Mankomunitatea (%5)[7]. Gaur egun, 72 langilek egiten dute lan Zabalgarbin[8].
Erreferentziak
[aldatu | aldatu iturburu kodea]- ↑ Zabalgarbi.eus: Hondakinek energia barriztagarria sortzeko aukerea emoten dabe
- ↑ a b Zabalgarbi.com: 2014ko fitxa teknikoa eta balantzea
- ↑ Argia Zero Zabor: Zabalgarbik erretako hondakinen %85 birziklagarria zen eta %1,6 arriskutsua
- ↑ Argia.eus: Zabalgarbi, karbono dioxido gehien isurtzen duten enpresen artean
- ↑ Zabalgarbi.com: Zabalgarbi edo SENER sistemea
- ↑ Argia.eus: Zallako Udalak Eusko Jaurlaritzari eskatu dio hondakindegia ixteko
- ↑ Zabalgarbi.com: Gure bazkideak
- ↑ Zabalgarbi.com: Zabalgarbi S.A.