Zen
Zen (txineraz: 禪, Txan) Txinan sortutako mahāyāna budismoaren joera da, Japonian Eisai maisuak XII. mendean sartua. Budismoaren idatzi edo doktrinetako batzuen jarraipena baino areago, meditazio-mota bat da. Elezaharraren arabera Bodhidharmak (K.o. V. mendea) sortu zuen, Yogacara edo Kontzientziaren eskola budistaren bidetik; eskola horrentzat kontzientzia bera da errealitatea, eta ez haren objektuak. Bat-bateko iratzartzearen irakaskuntza (satori) zen doktrinaren ezaugarri berezia, Huineng maisuak sartu zuen VII. mendean; nork bere jatorrizko izatea (Buda) zuzenean atzematea da, hark definitu zuenez, iratzartzea. Zenaren garai oparoenean (VIII-IX. mendeak) meditazio-eskola bakarra izan zen; koan esaerak sartu ziren, zen ikaslearen iratzartze-maila ezagutzeko meditazio-gai gisa jartzen diren paradoxak. 845. urteko esetsaldiaren ondoren bi eskola nagusi sortu ziren: Lin-txai (japonieraz Rinzai), «koan»ei eta «satori»ari garrantzia ematen ziena, eta Tsao-tung (japonieraz Soto), garrantzi handiena meditazioari berari (zazen) ematen ziona. Bi eskola horiek berebiziko garrantzia izan dute Japoniako politika eta kulturako hainbat arlotan: olerki-, pintura-, lorezaintza- edota gudu-antzeetan.
Erreferentziak[aldatu | aldatu iturburu kodea]
- Artikulu honen edukiaren zati bat Lur hiztegi entziklopedikotik edo Lur entziklopedia tematikotik txertatu zen 2011/12/27 egunean. Egile-eskubideen jabeak, Eusko Jaurlaritzak, hiztegi horiek CC-BY 3.0 lizentziarekin argitaratu ditu, Open Data Euskadi webgunean.
![]() |
Wikimedia Commonsen badira fitxategi gehiago, gai hau dutenak: Zen ![]() |