ZEN plana

Wikipedia, Entziklopedia askea
Jump to navigation Jump to search

ZEN plana edo, gaztelaniaz, jatorrizko izenaz, Plan ZEN (Plan Zona Especial Norte) Espainiako Gobernuak (PSOE) 1983an ETAri eta oro har ezker abertzaleari aurre egiteko argitara eman zuen plana da.[1] Aldi berean, GAL antolatu eta martxan jarri zuen. Izan ere, Jose Barrionuevo Barne Ministroak aurkeztu zuen ZEN plana komunikabideen aurrean, gerora GALen parte hartzeagatik kondenatuko zuten pertsona berak hain zuzen.

Andres Cassinello Guardia Zibileko generala eta Espainiako armadako kidea izan zen Planaren aitabitxi politikoa. Cassinellok armadako zerbitzu sekretu eta Guardia Zibilaren informazio zerbitzuen sorreran parte hartu eta horietan jarduten zuen. Casinellok, Barrionuevok bezala, GALen antolaketan parte hartu zuen [2]

PSOEk Espainiako Gobernua eskuratu eta hiru hilabetera sartu zen indarrean ZEN Plana, 1983ko urtarrilean, parlamentuaren inongo esku hartzerik gabe. Horren aurretik "ETArekin amaitzeko dekalogoa" ere aurkeztu zuen PSOEko gobernuak 1982ko urriaren 31n. Azkenik, urte eta erdi geroago, 1984ko azaroaren 21ean Espainiako Gorteek plana onetsi zuten, horretarako ia 15.000 miloi pezetako aurrekontua aprobatuz[3].

Planak 11 kapitulu ditu, 350 orritan jasoak[4]: 1) Hitzaurrea 2) Zuzendaritza eta koordinazioa 3) Legezko neurriak eta jarduera judizialak 4) Informazioa eta ikerketa 5) Ekintza psikologikoa 6) Motibazioak eta pizgarriak 7) Prestakuntza 8) Segurtasuna 9) Aurrekontua 10) Planaren jarraipena 11) Eranskinak

ZEN planak ordura arte inoiz ez bezala alderdi sozialei emango zien nagusitasuna.

Bestela ere bere helburuak lortzeko berebiziko garrantzia ematen die "ekintza psikologikoei" eta informazioaren manipulazioari, horretan komunikabideen esku hartzeari arreta berezia eskainiz. Honela dio: "Nahikoa da informazioa sinesgarria izatea erabili ahal izateko"

ETAren kriminalizazioa ezinbestekotzat jotzen du, eta horretarako Lege Antiterroristan zehaztutako lege-hausteak Kode Penalean sartzea proposatzen du, gerora egingo den bezala. Kriminalizazioa baina, ezker abertzalearen helburu politikoekin bat datozen sektore guztietara ere hedatzen du. Eta zentzu horretan, PSOEko gobernuak gerra zikinaren atal bat GALen egituraren bitartez bideratuko bazuen ere, beste aldetik gizarte sektore horren kontra zuzenean jardutea proposatzen du, eta abisuak bidali, mehatxuatu, ez orduetan telefonoz deitu... eta legez kanpoko ekintza ugari bideratzea proposatzen du, zeharka edo zuzenean proposatu ere.

Zentzu horretan, ZEN planak ondorengo eta gaurko lege eta jokabideen ildoa markatu du, eta 18/98+ auzia da horren adibide garbiena.

Erreferentziak[aldatu | aldatu iturburu kodea]

Kanpo estekak[aldatu | aldatu iturburu kodea]