Zerianto

Wikipedia, Entziklopedia askea
Zerianto
Sailkapen zientifikoa
ErreinuaAnimalia
FilumaCnidaria
KlaseaAnthozoa
FamiliaCerianthidae
GeneroaCerianthus
Espeziea Cerianthus membranaceus

Zeriantoa[1] (Cerianthus membranaceus) Cerianthidae familiako knidario espezie bat da, polipo itxura hartuz itsas hondoan bizi dena.

Anemonaren antza badu ere ez da jatorri bereko knidarioa, honek ez baitu oin-diskorik.

Deskribapena[aldatu | aldatu iturburu kodea]

Knidarioaren gorputza poltsa bat da eta jariatzen dituen mukosekin inguruan hodi bat sortuz doa bizitzan zehar. Muki horrekin hare partikulak itsatsita gelditzen zaizkio eta hodia gogortu egiten da. 40 cm-ko altuera hartzera iritsi daiteke. Hodi horrek baditu knidozisto izeneko zelula ziztatzaile batzuk harrapariengandik zeriantoa babesteko. Poltsaren barrenean zuloa du, aho eta uzki funtzioak egiten dituena.

Goiko aldean, ahoko zuloa inguratzen duten 150-200 garro ditu, 20 cm inguruko luzera dutenak. Horrela 40 cm-ko diametrodun koroa bat izatera iristen da[2]. Garro hauek ez dira tolesgarriak. Barnealdeko garroak txikiagoak dira eta harrapaturiko elikagaiak ahoratzeko erabiltzen ditu. Kanpoaldeko garroak luzeagoak dira, kolore desberdinekoak eta nematozisto izeneko zelula erresumingarriak dituzte, hala harrapakina ehizatzeko, nola harrapariengandik babesteko ere.

Zeriantoak ez du zooxantela algarik sinbiosian eta horregatik kolore zuriko animaliak izaten dira, nahiz eta tonu horixkak, marroixkak, berdexkak, morexkak edo arrosak izan ditzakeen. Mukiez sorturiko hodia aldiz kolore marroi ilunekoa izaten da.

Banaketa[aldatu | aldatu iturburu kodea]

Kantauri itsasoan, Mediterraneoan eta Itsaso Gorrian aurkitzen dira. Planktonetan aberatsak diren uretan bizi dira eta aldi berean koral uharrietako toki babestuetan. Materia organiko ugari dauden tokietan asko ugaltzen da, esate baterako Mediterraneoko ingurune kutsatueta, Marseillan adibidez[3].

Ur azaletik 400 metrotako sakonera arteko uretan bizi dira eta tenperatura hotz eta epeletan aurkitzen ditugu, 8.62 eta 18.26 °C artean. Korronte txikia duten ur lasaiak atsegin ditu[2].

Biologia[aldatu | aldatu iturburu kodea]

Bi zerianto elkarren ondoan. Ongi ikusten dira hodiak eta garroz osaturiko koroak.

Batzuetan multzoak osatzen dituzten arren nahiko bakartiak dira zeriantoak. Mehatxaturik sentitzen direnean berehala ezkuta daitezke hodi barnean, horretarako hodiaren oinarritik ura kanporatzen du. Ez du sustratora itsasten den plaka basalik, hondarretan zulo bat egin eta bertan kokatzen baita. Horregatik gai da toki hobe batetara desplazatzeko[2]. Esate baterako itsas triku batek erasotzen duenean zeriantoak hoditik jauzi egin eta beste toki batetan ezartzen da mukizko hodi berria sortuz[4].

Elikadura[aldatu | aldatu iturburu kodea]

Tamaina txikiko krustazeoak, arrain txikiak eta zooplanktona osatzen dute animalien larbak harrapatzen ditu itsas korronteak baliatuz. Kanpoaldeko garro luzeek inguruko sustratoan bilatzen dute harrapakina eta ondoren erdialdeko garro txikietako zelula kimiorrezeptoreek aztertu ondoren ahoratu egiten dute.

Ugalketa[aldatu | aldatu iturburu kodea]

Sexualki ugaltzen dira, inoiz ez gemazioz edo zatiketaz. Zeriantoak hermafroditak dira baina autoernalketa ekiditen dute, izan ere ar jaiotzen baitira eta ondoren eme bihurtu. Zerianto ugariren gametoak uretara askatzen dira aldi berean eta ernalketa gertatu ondoren larbak ateratzen dira arrautzetatik. Larba hauek dagoeneko badute digestio barrunbe bat, aho eta uzki funtzioak egingo dituen zuloa eta hainbat garro. Larba hauek pelagikoak dira eta ur azaleko zooplanktona osatzen dute denbora luzez. Zerianto gazteak ondoren lurrean pausatzen dira[2].

Zeriantoen bizi itxaropena zenbatekoa den ez dago argi baina Napolesko akuarioan dauden zerianto batzuek 50 urtetik gora egin dute bertan[2].

Komentsalismoa[aldatu | aldatu iturburu kodea]

Zeriantoen hodietan hainbat espezie komentsal txertatzen dira, bereziki itsas zizareak eta izkirak. Zeriantoak askatzen dituen elikagai soberakinak harrapatzen dituzte horrela. Foronidoak (Phoronis australis) esate baterako hodiari berari itsasten zaizkio, batzuetan 50 foronido aurkitzen dira zerianto bakarraren hodian[5].

Akuarioetan[aldatu | aldatu iturburu kodea]

Akuarioetako ohiko espeziea da, ongi egokitzen baita. 12 cm inguruko lodiera duen hondar geruzatan zuloak egin eta bertan txertatzen dira zeriantoak. Egun batzuk behar izaten ditu egokitu eta garroak erabat luzatzeko. Artemia, krilla edota eltxoen larbak izoztuta ematen zaizkio elikatzeko.

Argiztapenak ez dio askorik eragiten, zooxantelarik ez baitu, eta komeni da koral uharrietatik banandurik jartzea haiek kaltetu ez ditzan.

Erreferentziak[aldatu | aldatu iturburu kodea]

  1. (Indonesieraz) Yumpu.com. «Donostiako Itsas Ornogabeak - adeve.es» yumpu.com (Noiz kontsultatua: 2024-02-28).
  2. a b c d e «Cerianthus membranaceus | DORIS» doris.ffessm.fr (Noiz kontsultatua: 2024-02-28).
  3. (Ingelesez) Communications Présentées À la Reunion FAO. Food & Agriculture Org. 1987 ISBN 978-92-5-002297-0. (Noiz kontsultatua: 2024-02-28).
  4. (Ingelesez) Bromley, Richard G.. (2012-10-12). Trace Fossils: Biology, Taxonomy and Applications. Routledge ISBN 978-1-135-07607-8. (Noiz kontsultatua: 2024-02-28).
  5. «Phoronis australis (adult)» paleopolis.rediris.es (Noiz kontsultatua: 2024-02-28).

Kanpo estekak[aldatu | aldatu iturburu kodea]