Zertzeta arrunt

Wikipedia, Entziklopedia askea
Zertzeta arrunt
Iraute egoera

Arrisku txikia  (IUCN 3.1)
Sailkapen zientifikoa
ErreinuaAnimalia
FilumaChordata
KlaseaAves
OrdenaAnseriformes
FamiliaAnatidae
GeneroaAnas
Espeziea Anas crecca
Linnaeus, 1758
Banaketa mapa
Datu orokorrak
Zabalera0,59 m
Arra eta emea hegan.

Zertzeta arrunta edo zertzeta txikia (Anas crecca) anatidae familiaren ahate ez-domestikoa da, bere generoan ohikoena dena[1]. Udan Eurasia iparraldean bizi da eta neguan hegoalderantz migratzen du. Euskal Herrian negu aldean ikusten dugu beraz.[2]

Deskribapena[aldatu | aldatu iturburu kodea]

Gure inguruko ahateen artean tamaina txikiena duena da. 34-38 cm-ko luzera eta 53-59 cm-ko hego-zabalera ditu[3], eta 270-394 gramo arteko pisua[4].

Zertzetak sexu dimorfismo handia du, arra oso deigarria da eta emeak aldiz kolore apalak ditu. Arrak buru gorrizta du eta antifaz berdea agertzen du ertz hori finak dituena. Mokoa grisa du. Gorputzak kolore argia dauka, bularraldea krema kolorekoa orbain ilunak dituena eta gainerakoa gris argia. Hegoetako luma eskapularrak zuriak dira eta ispilutxu berdea agertzen dute, hegaldian nabarmen ikusten dena. Buztana beltza da baina ertzetako lumak horiak dira[3].

Emeak kolore arrea dau. Gainerako ahateengandik tamaina txikiagoarengatik eta ispilutxo berdearengatik bereizten da.

Hegan egiteko gaitasun handia dute, gai dira biraketa zailak egiteko eta bapatean norabidez aldatzeko ere[3].

Habitata[aldatu | aldatu iturburu kodea]

Populazio sedentarioren bat badagoen arren, gehienak neguko migrazio garaian ikusten ditugu. Europa iparraldetik (eta batzuk baita Siberiatik ere) iristen dira[3].

Hezegune txikietan pausatzen da, elikagai ugari dituzten ur geza edo gazikaratan. Txitatzeko glaziar jatorriko aintzirak aukeratzen ditu, beti ere landaretza sarria aurkitzen badute.

Ugalketa[aldatu | aldatu iturburu kodea]

Udaberri hasieran bikoteak eratzen dira eta emeak habia egiten du. Hostoekin egindako zuloa izaten da, lurrean edo sasi baten gainean egin ohi duena, beti ere ur ertzean eta ongi ezkutatuta. 8-11 arrautza horixka jartzen ditu eta hiru astetan zehar txitatzen ditu. Txitak jaio eta ordu gutxitara habia utzi eta beren kabuz elikatzeko gai dira. 25-30 egun dituztenean hegan egiten hasten dira[3].

Elikadura[aldatu | aldatu iturburu kodea]

Sakonera gutxiko uretan aurkitzen dituen landareetaz elikatzen da, haziak eta errizomak ere jaten ditu. Burua makurtu eta mokoa lokatzetan sartuta ezker eskuin mugituz aurkitzen du janaria. Uda garaian ornogabe txikiekin osatzen du bere dieta; moluskuak, krustazeo txikiak, zizareak eta intsektuen larbak[3].

Taxonomia[aldatu | aldatu iturburu kodea]

Anas generoko ahatea da. Antzina amerikar zertzetarekin batera espezie bera osatzen bazuen ere gaur egun espezie desberdina kontsideratzen da[5].

Carl von Lineok 1758ko Systema Naturae liburuan deskribatu zuen[6]. Berak eman zion crecca ezizena, arrak egiten duen soinuaren onomatopeia gisa. Aurrez Conrad von Gesner naturalista suitzarrak Anas parva ("ahate txikia") izena emana zion[7].

Bi azpiespezie ditu[6]:

  • Anas crecca crecca (Linnaeus, 1758)​ (zertzeta eurasiarra)
  • Anas crecca nimia (Friedmann, 1948)​ (zertzeta aleutiarra)

Euskal Herrian dituen izenak[aldatu | aldatu iturburu kodea]

Honako izen hauek ematen zaizkio zertzeta arruntari[8]:

  • Zertzeta
  • Ahatettipi (Zuberoan)
  • Ahatetxiki (Bizkaia eta Gipuzkoan)

Iruditegia[aldatu | aldatu iturburu kodea]

Erreferentziak[aldatu | aldatu iturburu kodea]

  1. RSPB. Teal. in: A to Z of UK Birds..
  2. Lur entziklopedietatik hartua.
  3. a b c d e f «Cercera común» SEO/BirdLife.
  4. Madroño A., González C. & Atienza J. C. (2004). Libro Rojo de las aves de España.. ISBN 84-8014-568-4..
  5. www.worldbirdnames.org (Noiz kontsultatua: 2019-11-17).
  6. a b «ITIS Standard Report Page: Anas crecca» www.itis.gov (Noiz kontsultatua: 2019-11-17).
  7. «Göttinger Digitalisierungszentrum: Inhaltsverzeichnis» archive.is 2012-12-05 (Noiz kontsultatua: 2019-11-17).
  8. «Zertzeta arrunta» txoriak.eus (Noiz kontsultatua: 2019-11-17).

Kanpo estekak[aldatu | aldatu iturburu kodea]