Zinbideta

Wikipedia, Entziklopedia askea
Zuberoako armarria

Zinbideta (frantsesez: Silviet) Zuberoako bertako erakunde politiko bat zen, parrokia biltzarren ordezkariek osatua.[1] Herri eta eskualde eremuko arazoak aztertzen zituzten. Gipuzkoa, Bizkaia edota Lapurdiko Biltzarren baliokidetzat jo ohi da. Hasiera batean, batzarra, Iribarneko basoan biltzen zen ibarreko bizilagunen elkarretaratzea zen eta Zuberoako hirugarren estatua ordezkatzen zuen. Gero, Handikien Kidegoan deituriko biltzar handiago batean biltzen ziren aitoren seme eta erlijiosoekin batera; Legarrak[2] (Zuberoako Estatu Orokorrak) eratzen zituzten horrela.

1730ean Zinbidetak galdu egin zituzten administrazio eta zerga bilketa alorretan lehen zituzten ahalmenak. Hartan ere, zenbait elizti potestat edo lur-jabe handiren baten mende geratu zen; baina garai feudaleko eskubide askorik edo batere ez zuten izan horiek handik aurrera.[1]

Batzar demokratikoak[aldatu | aldatu iturburu kodea]

Euskal Herriko gizartearen antolakuntza formek aldaera garrantzitsuak izan zituzten tokiaren arabera. Probintzia bakoitzak bilakaera historiko ezberdina izan zuen.

Bi bloke ezberdin azter daitezke, beraz, nagusiki: Nafarroa, alde batetik eta gainontzeko probintziak, bestetik. IX. mendetik, nafarrek buruzagi militar bat ezarri zuten frankoak iparraldera eta mairuak hegoaldera kanporatzeko helburuarekin; errege bat, hurrengo mendean beste printze europarren antzera oinordeko bihurtu zena. Erregimen politiko berri honek feudalismoa bere hierarkia sozialarekin finkatzeko baldintzak ezarri zituen. Bereziki Xanpainako Tibalten (Tibalt I. Nafarroakoa izango zena) erregealditik aurrera, 1234an bere osaba, Nafarroako Antso VII.naren ondorengoa izan zena. Hark, Nafarroara Frantzia iparraldeko usadioak inportatu zituen, feudalismoa hedatuta zegoen lurraldea izanik azken hori. Hala eta guztiz ere, agintera igo aurretik, printzeak foruak errespetatuko zituela zin egin behar zuen, hau da, nafarren askatasun eta pribilegioak errespetatuko zituela[3]. Bestalde, lurrak alodiala izaten jarraituko zuen, eta feudalismoa hedatzean “titulurik gabeko jaunaren”[4] printzipioa aplikatzen zen. Lurrak ustez askeak ziren, eta bertako biztanleak libre. Badirudi atzerriko instituzioak euskal demokrazia zaharrari gainjarri edo lotu zirela, ordura arte batez ere nafar haranetan irauten zuena; eta beste euskal probintzien erregimen tradizionala gelditzen joan zen.

Beste euskal probintzietan, aitzitik, arbasoen instituzioek, kleroaren baztertzea (zenbait tokitan noblezia ere bai) eta ordena sozialen arteko desberdintasunik ezak ezaugarrituta, iraun egin zuten. Hala ere, bakoitzaren bilakaera historikoak ondorioak izan zituen instituzioetan.

Ipar Euskal Herriko batzar demokratikoen bilakaera historikoa[aldatu | aldatu iturburu kodea]

Henrike II Ingalaterrakoa eta Leonor Akitaniakoaren errepresentazioak Fontevraud-eko abadian.

Zentro beraren baitan elkarturik, XI. mendearen hasieran Nafarroako errege zen Santxo III.a, Handia, hiltzean banandu egin ziren. Lapurdi eta Zuberoa Gaskoniako dukerriaren parte bilakatu ziren, eta handik laster Akitaniakoarekin bat egin zuten. 1152an, Leonor, Akitaniako dukesa, Henrike II. Plantagenetekin ezkondu zenean, Akitaniako dukesa zen eta orduan, Henrike II.a Ingalaterrako errege bihurtu zenean, bere aita hil eta bi urtera, Akitania bera domeinu ingelesekoa bihurtu zen.

Monarkia ingeles, urrun eta liberalean, Lapurdi eta Zuberoak beren arbasoen instituzioak gorde zituzten. Bien bitartean, hala ere, Nafarroa eta Bearnotik hurbil zegoen Zuberoak haien eragina jasan zuen; feudalismoa sartu zen eta noblezia ahaltsua zen. Euskal batzar tradizionala ordezkatzen zuen zinbidetari elizgizonak eta noblezia bilduko zituen Grand Corps deituriko erakundea sortu zen.

Soilik, 1451an Frantziara anexionatu ondoren ere, Lapurdik eutsi zion bere antzinako antolaketari. Nahiz eta Frantziako monarkiaren politika bateratzailea izan, Lapurdiko Biltzarrak, euskal biltzar demokratikoen mota berekoa zenak, erregularki eta aldaketa handirik gabe biltzen jarraitu zuen, 1789ko Iraultza arte.

Zuberoa ere Frantziako Koroaren lurralde bilakatu zen XV. mendean, baina honek, 1730. urtean instituzioak galdu zituen eta Frantziako estatu probintzialek (pays d’états)[5]asimilatua gelditu zen, Nafarroa Beherean batez ere.

Nafarroa Behereko estatu probintzialaren baitan haien aurkakotasuna adierazi zuten euskal biltzar demokratiko zaharrek: Lapurdiko Biltzarrak eta Zuberoako Zinbidetak. Baina Zuberoan Zinbideta aurretik aipaturiko Grand Corps delakoarekin lehiatu beharrean aurkitu zen, hala, Zuberoak Lapurdiko antolakuntza eredu tradizionala eta Nafarroa Beherekoaren arteko izaera hartu zuen.

Zuberoako klase sozialak[aldatu | aldatu iturburu kodea]

Zuberoako instituzioen bitartez, eta 1520ko Kostüman azaltzen den informazioarekin Zuberoako klase sozial ezberdinen egoera irudika daiteke.

  • Hamar potestek (aitoren semeek) noblezia gidatuko dute. Astero joan beharko zuten Lextarreko Gortera eta, herri lurretara abere kopuru mugatu bat bidaltzeko pribilegioa izango zuten. Ondoren, aitoren semeak zeuden, epaile lanak egin beharko zituzten, eta Lextarreko gortera lau aldiz behin joaten ziren.

Kleroa ez zen existitzen estamentu politiko gisa. Estatu Nagusietan agertzen ziren kleroaren ordezkariak ospitaleetako administratzaileak ziren, herrialdeko ogasunean eta ekonomian interesa zutenak.

  • Etxe-jabeak, etxeko jaunak, gehien-gehienak parrokietako eta degerietako batzarretan biltzen ziren, bai eta Zinbidetan ere, herriaren funtsezko batzarra zena. Morrontza arrastorik gabeak, eta edozein nobleren eskubide berberak zituzten, armak eraman zitzaketen, baita ehizatu eta lur komunen gaineko erabilera-eskubideez gozatu ere. Herriaren ordezkaritza nagusia zen.

Hauek ziratekeen nagusiak, nahiz eta herritarren artean ere bestelako figurak ere egongo ziren: botoys eta fivaters-ak esaterako nobleen lur zati bat jaso eta haren jurisdikzioaren menpe zeudenak dira, lurrarekiko loturari dagokionez, beraz, feudo sistema baten baitakoak. Bestetik, cavers delakoak zeuden, garaiko artzainak ziratekeenak.

Zuberoako instituzioak[aldatu | aldatu iturburu kodea]

Zuberoako instituzio administratibo eta politikoen azterketa bat egitea posible da egun jatorri ezberdineko bi iturriren bidez. Batetik, Ingalaterrako erregeen agindu eta gutun patenten[6] bidez (normalean zuberotarren eta erregearen ordezkari zen Mauleko gazteluko kapitain alkatearen arteko liskarrak argitzeko edo funtzionarioak izendatzeko). Bestetik, Zuberoako Foruen bidez, XVI.mendean Legarraren eta Bordeleko Parlamentuko kontseilariaren artean idatzita utzi baitzituzten, kostüma deritzon 1520ko testua, hain zuzen ere.

Iturri horien bidez erregearen ofizialen, herri xehearen ordezkaritza instituzioen eta instituzio judizialen inguruko informazioa bildu daiteke.

Erregearen ofizialak hauek osatzen zituzten:

  • Mauleko kapitain alkatea: erregearen ordezkaria izango zen, eta beraz, subiranoaren boterearen errepresentazioa zen: Legarra gidatzen zuen, Justizia Gortea ere bai, zerga errealak kobratzen zituen, erregearen ondasunak administratzen zituen, buru militarra zen eta lur komunalak feudo bilakatzeko boterea zuen. Gaskoiniako mendeko seneskalaria egongo zen hala ere. Lehenengo kapitain alkatea 1275koa zen.
  • Mezulariak: Kapitain alkateak izendatuta, Estatu Orokorren edo Legarraren deialdia zabaltzeaz arduratzen ziren, baita justiziaren erabakiak ere. Zuberoan hiru mezularitza zonalde zeuden bereizita.
  • Bailioak: Jaunek bere domeinuan justizia administratzeko bailioak izaten zituzten baina bereziki garrantzitsuak kapitain alkateak izendatutakoak ziren. Bi izaten ziren eta autoritateen aginduz, kriminalak jarraitzea eta atxilotzea zen haien funtzioa.[7]

Instituzio judizialak, berriz Lextarreko Gortea zen Zuberoako justizia organo bakarra. Kapitain alkateak zuzenduko zuen eta harekin batera epaileak egongo ziratekeen: Zuberoako 10 jaun nagusiak eta 50 inguru lur-jabe kapare edo aitorren seme. Instituzio honek jurisdikzio unibertsala izango zuen.

Herriaren ordezkaritza instituzioak[aldatu | aldatu iturburu kodea]

Zuberoako kasua Nafarroa Beherea eta Lapurdiren ezaugarriekiko erdibideko bat bezala kontsideratu ohi da, izan ere, batzar demokratikoen presentzia mantendu arren, noblezia eta kleroaren antolakuntza propioa ere biltzen zituen markoak existitzen ziren. Estatu Orokorretan bilduko ziren denak.

Mezularitza zonaldeen antolakuntzari dagokionez, azpi-banaketa bat ematen zen “degeria”-k deituriko zonaldeek osatuta. Adibidez Behe Zuberoako mezularitza zonaldean lau degeria bereizten ziren: Laruns, Domezain eta Aroue.

Kostüma-tik badakigu parrokia bakoitzeko parrokianoek biltzeko eskubidea zutela haien interes komunen inguruan hitz egiteko. Parrokia batzarretan biltzen ziren eta haiek besteak beste zainhoak [8]direlakoak hautatzen zituzten, hizkuntzaren erabileraren inguruan hitz egiten zuten etab. Batzarretan oinarritutako antolakuntza egitura horretako oinarrizko mailak, igurbe-ak zeuden. Hauek auzo mailako batzar modukoak ziren eta Zinbideta eta Ordako Gortearekin batera, sistema asanbleario honek auzi komunak gestionatzen zituen, eta ondoren, aukeratutako ordezkariek erabakiak aurrera eramango zirela bermatuko zuten.

Herriaren ordezkaritza sisteman, beste bigarren mailako instituzio bat ere zegoen: cayolar deiturikoa. Instituzio pastoral ekonomikoa zen, Zuberoako euskal probintziako artzaintzarako aurre Pirinioetako larreetan bakarrik aplikatzen zen estatutu juridiko konplexu eta berezi bat zuena. Kudeaketa kolektiboaren aitzindariak izan ziren, Zinbidetaran aurrekariak hein batean. Zuberoako artzainek transhumantzia-arau tradizionalak garatzen jakin zuten, eta urte luzez mantendu dituzte haiekiko loturak[9].

Antolakuntza sistema demokratiko honetan, ordea, autoritate nagusia, etxeko-jaunek izango zuten, Zinbidetaren antolakuntzan garbi ikusten den moduan. Hau bilakatu zen herriaren bilgune nagusia.

Zinbideta[aldatu | aldatu iturburu kodea]

Zinbideta hitza beraren etimologiari begiratuz, euskaran ohikoa den erroa da “bide”. Kasu honetan Zuberoako gidaritza eramaten zuen batzar nagusia Zin-bideta da, eta biltzar honetako kideak zinegotziak ziren, ondoren euskara batuak hartuko zuen hitza.

Zuberoako erakunde hau, Gipuzkoa, Bizkaia, Erronkari eta abarretako batzarren eta Lapurdiko Biltzarraren baliokidea zen. Iribarneko basoan biltzen zen ibarreko bizilagunen batzar irekia zen eta Zuberoako hirugarren estatua gorpuzten zen bertan. Hasiera batean ez zen ordezkaritza-erregimen bat ezagutzen; sistema demokratiko hutsa litzateke, boterea zuzenean herriak erabiliz. Ez da harritzekoa, Zuberoa artzain-ekonomiako haran estu bat baita, biztanle gutxi dituena. Dirudienez, herritar guztiek Zinbidetara joan, eztabaidatu eta bozkatu ahal izan zuten. Hori izango zen bere jatorria. Gerora, ordea, XVIII. mendean errepresentazio sistema ezarri eta erregimen hierarkizatuago baten baitan integratu zen hertsiki. Hirugarren estatu hartako ordezkariek, "Deganak"[10] direlakoek, herri epaileek eta diputatuek, beren agintarien agindu zehatzak jasotzen zituzten, eta hauteskunde-taldeak aurreikusi ez zuen arazoren bat proposatuz gero, degan-ek, epaile eta diputatuek beren hautesleei kontsulta egiten zieten berriro, argibide berriak eskatuz.

Antolakuntza demokratikoaren oinarria, euskal gizartearen antolakuntzaren oinarria bezala, familia unitatea zen. Familia bakoitzak bere teilatupean belaunaldi bakoitzeko bi kudeatzaile zituen, “jaun zaharrak” eta “jaun gazteak”, beren seme-alabekin batera, arbasoen etxetik alde egin ez zutenak. Hauek, parrokia bakoitzeko biztanleen komunitateko administrazioan parte hartzen zuten, zehazki ordezkarien bidezko zuzeneko demokrazia sistema familiar batean.

Parrokietako batzarren eztabaida-erregistroek (antzinakoenak XVI. mendekoak), baiezta dezakete parrokia bakoitzean, baita herrixka bakoitzean ere, igandetan biltzen zirela etxeko kudeatzaile edo ordezkari hauek, meza amaitzean, elizaren atarian edo Lapurdin esaterako elizaren gaineko areto txiki batean.

Apaizaren kasuan, ez zenez inongo etxeren ordezkaria, biltzar kapitular hauetatik kanpo zegoen eta apaizgoarentzat gai interesgarriak zirenetan bakarrik hartzen zuen parte. Nobleek, zenbait lekutan biltzar hauetara joaten baziren ere, ez zuten bozketetan parte hartzen, beste etxeekiko inolako nagusitasunik gabe ez bazen. Horrela elkarturik, etxeetako ordezkarien bidez eztabaidatu eta erabakitzen zuten, botoen sistemaren bidez, beren arazo komunei nola erantzun; beti ere etxe bakoitzak ahots bat zuela kontuan hartuz. Urtero, modu aldakorrean, auzapez bat hautatzen zuten, tokia eta garaiaren arabera izendapen ezberdina zuena eta baita auzo-epaimahai bat ere, hartutako erabakiak betetzeaz eta ohiko auziei erantzuteaz arduratzen zena. Beharraren arabera, mandatari bat edo bi izendatzen zituzten, parrokiako etxeen kudeatzaile ziren “jaun nagusi eta gazte”-en ordezkari izateko Gorte Nagusietan, edo parrokia bat baino gehiago biltzen zituen bertako edo haraneko batzarretarako, parrokia bakoitza ahots batek ordezkatuko zuelarik. Herrialde edo haran horiek probintziatan egituraturik zeudenez, bakoitzak mandatariak ordezkatzen zituen probintziaren Batzar Orokorretan.

Erreferentziak[aldatu | aldatu iturburu kodea]

  1. a b Goihenetxe, Manex. «Iparraldea, Errejimen Zaharretik XX. mendera» Lur Entziklopedia Tematikoa. (Noiz kontsultatua: 2018-01-04).
  2. Harluxet HIztegi Entziklopedikoa: Legar.[1]
  3. Dravasa, E. ( Lafourcade, M.-ek zitatua; 2003) (1950). "Les privilèges des Basques du Labourd sous l’Ancien Régime". Aipua: "1452ko Bizkaiko foruen I. legeak zehazten duenez, Bizkaiko jauna, garai hartan Gaztelako erregea zena, 14 urte baditu, Bizkaira joan behar zen, bere pribilegioak, usadioak eta ohiturak, frankiziak eta askatasunak zin egitera eta berrestera, eta hori ez zen falta agintaldiaren aldaketa bakoitzean. Herriaren eta bere subiranoaren arteko itun hau beste euskal probintzietan ere egiten zen, Lapurdi eta Zuberoan izan ezik, non erregeak, errege-agiri baten bidez esku-aldaketa bakoitzean, biztanleen pribilegioak berresten baitzituen."
  4. Lafourcade, M. (2003) . "Les assemblées provinciales du Pays Basque Français sous l’Ancien Régime". Revista Internacional de los Estudios Vascos; Eusko Ikaskuntza. Aipua: "Ez dago titulurik gabeko jaunik". Lafourcade, M. ( 2004). "La Conception du droit de propiété en Vasconie COntinentale sous L'Ancien Régime". Ius Vasconiae;Revista de Derecho Histórico y Autonómico de Vasconia. Aipua: Feudalismoa garatua zegoen Frantziako lurraldeetan berriz "Jaunik gabeko lurrik ez" printzipioa erabiltzen zen. Lehenengo printzipioak, lur libreen izaera azaleratzen du."
  5. Lafourcade, M. (2003). "Les assemblées provinciales du Pays Basque Français sous l’Ancien Régime". Revista Internacional de los Estudios Vascos aldizkaria, Eusko Ikaskuntza. Aipua: "Erdi Aroaren amaieraren eta Luis XIII.aren erregealdiaren artean anexionatutako lurraldeak ziren. Probintzia hauek beren erakunde propioei eutsi zieten Frantziako Iraultzara arte, eta erregearen boterearen egikaritzea, nolabait, probintzia hauetako biltzarren esku gelditzen zen, eskuarki "estatu partikularrak" deitzen zirenak. Pays d’élections delakoarekin ezberdintzen ziren. Hauetan erregearen botereak zuzenki  jardungo zuen. Erresumako territorio hauetako instituzioen uniformizazio bat eman zen."
  6. Carta patente. Real Academia Española-tik itzulia: "Errege batek edo estatu batek bere kontsulei ematen dien egiaztagiri-gutuna, kanpoan beren eginkizunak bete ditzaten. Solemnitatez idatzitako gutunak dira, estatuburuaren sinadura eta zigiluarekin eta Kanpo Arazoetako ministroaren berrespenarekin. Titularraren izena, karguaren mota eta kategoria (kontsul orokorra, kontsul, kontsulorde eta abar), eta bere eginkizunen edo eskumenen egoitza hiria eta barruti geografikoa adierazi behar dira." [2]
  7. Auñamendi Eusko Entziklopedia: Bailio (itzulia). [3]
  8. Lafourcade, M. (2003) "Les assemblées provinciales du Pays Basque Français sous l’Ancien Régime". Revista internacional de los Estudios Vascos, Eusko Ikaskuntza. Frantsesez, fermances vézalières: "Parrokia asanbladetako batzarrerako deia egiten zutenak ziren." Peillen Karrikaburu, T. (2002) " Euskara eta Zuzenbide hiztegia Zuberoan". Ius Vasconiae aldizkaria. Mendebalde Euskal Kultur Alkartea. Aipua: " Parropia bakoitzak bere ordezkoa "zainhoa" gizonak (...). Herriko mintzairan sainhoa delako kargua gertatzen zaion gizona ezin da ez Lextarreko justizi Kortean ez eta Zuberoako beste korte batean epaile izan. (...) Zainhoa deganen aurrean, beren auzoen berme dira."
  9. Auñamendi Euskal Entziklopedia: Le Cayolar en Soule.[4]
  10. Peillen Karrikaburu, T. (2002). "Euskera eta zuzenbide hiztegia Zuberoan". Ius Vasconiae aldizkaria, Mendebalde Euskal Kultur Alkartea. Aipua: "Parrokiak edo udalak izateko ordez “degeria” izeneko zatiketa bazen, beste inon erabili izan ez den hitzaz. Euskaraz (…) herri esan da beti baina degeria ere erraten zitzaion eta degeria bakoitzean degan edo dekanoa bazen. Degeria batean hamar herrixkaz goiti sartzen zen. Deganak bazuen degeriaren administratzeko eta justiziaren epaien ezagutarazteko, aplikarazteko boterea. Deganak urtero martxoan hautatzen ziren, degeria bakoitzeko parrokien artean txandakatuz. Funtzioen artean zergak biltzearena, edota Lixarreko Gorterako zitazioak entregatzen zituzten."

Bibliografia[aldatu | aldatu iturburu kodea]

  • Goyheneche E. (1973). "Instituciones administrativas del país vasco francés en la Edad Media". Anuario de historia de derecho español. 207-263 orr.
  • Lafourcade M. (2003). "Les assemblées provinciales du Pays Basque Fraçcais sous l'Ancien Régime". Revista internacional de los estudios vascos. 589-619 orr.
  • Lafourcade M. (2004). "La conception du droit de propiété en Vasconie Continentale sous l'Ancien Régime". Iura Vasconiae, Revista de Derecho Histórico y Autonómico de Vasconia; III.Sinposioa: La propiedad pública y privada de los territorios de Vasconia. 5. kapitulua: Instituciones de la propiedad. 589-619 orr.

Kanpo estekak[aldatu | aldatu iturburu kodea]