Zurbao jauregia

Wikipedia, Entziklopedia askea
Jump to navigation Jump to search
Zurbao jauregia
Zurbano - Palacio de Zurbano 2.jpg
Fatxadaren ikuspegia
Kokapena
kokapenmapa
Koordenatuak 42° 52′ 23″ N, 2° 37′ 13″ W / 42.873055555556°N,2.6202777777778°W / 42.873055555556; -2.6202777777778Koordenatuak: 42° 52′ 23″ N, 2° 37′ 13″ W / 42.873055555556°N,2.6202777777778°W / 42.873055555556; -2.6202777777778
Historia eta erabilera
Irekiera1621
Arkitektura
Ondarea

Zurbao jauregia edo Zurbaotarren jauregia Arratzua-Ubarrundiako Zurbao herrian dagoen jauregia da.

2003ko uztailaren 1ean, Eusko Jaurlaritzak monumentu izendatu zuen, Sailkatutako Kultura Ondasuna.

Deskribapena[aldatu | aldatu iturburu kodea]

Gasteizko ekialdean dago Zurbao, Arabako hiriburutik kilometro gutxitara.

Herria eguerdira orientatutako aldapa leuneko hegal batean dago eta hainbat auzotan banatuta. Eraikuntza banatuta dago baina nabarmena da landa-izaera.

Herrian paseoan ibiliz gero, txukun eraikitako hainbat etxe ikus daitezke, XVII. eta XVIII. mendeetakoak. Horietako bat Otazu etxea da, Basterrako dorrearen gainean eraikitako jauregia; besteak, hauek dira: Zurbaotarren jauregia, Otalora-Gebara jauregia (aurrekoaren oso antzekoa), Ortiz de Zarate etxea, eta garrantzia gutxiagoko beste batzuk.

Iparreko muturrean, punturik gorenean, eliza dago. Elizaren parean Zurbao jauregia dago kokatuta; Zurbaotarren jauregia izenez ere ezaguna da. Eraikinaren kokapenak, fatxada nagusia elizaren parean edukitzearren iparrera duela, adierazten du, hein batean, nolako garrantzia duen.

Hirigintzaren aldetik, eraikina birbaloratu egiten da elizarekin lotuta dagoelako. Hiri-ingurune bat sortzen du elizarekin, nahiz eta banatutako landa-gunean egon.

Hasiera batean jauregia eraikin exentua izan zen, oin errektangularrekoa; baina denborarekin eraikin berriak erantsi zizkioten. Badirudi Pedro Ruiz de Erentxun batxilerrak eraiki zuela, 1621 aldera, eta obrak egin ahal izateko, Elgeako Pedro Eginoa eta Juan Eginoaren zerbitzuak kontratatu zirela. Geroago Uriartetarren jabetzakoa izatera pasa zen.

Gorputz nagusiko bolumenen banaketa, jatorrizkoa, bi oin eta estalki-artearen ikuspegiari dagokio; lau isurialdeko faldoiak ditu eta iparreko altxaerako ertzetan bi dorre karratu daude. Dorrearen zabaleraren neurria ekialdeko eta mendebaldeko altxaeren erdia da, eta altuera gorputz nagusikoaren oin bat gehiagokoa da gutxi gorabehera.

Harlangaitzeko fabrika kalitate ertainekoa da; ertzetan harlanduak dauzka eta baoak eta inpostak dauzkan markoak. Dorreetako lehenengo oinak moldurazko markoa dauka eta bigarrenak estalki-errematea. Gorputz nagusiak interes eta lan handiko egurrezko harburuez egindako estalki-errematea dauka.

Sarreran dobelako harlanduzko arku bat dago, eta gainean, Isabel Ortiz de Zurbanoren armarri handi bat. Beraz, etxea baino beranduago eraikitakoa da arkua.

Fatxada nagusiko lehenengo oineko baoak forjazko karelak dauzkaten balkoiak dira. Bost bao-ardatz nagusi daude; erdian, aipatutako sarrerako ateak ordezkatzen du ardatz hori, beheko oinean, eta armarriak, lehenengo oinean. Moduluaren estalki-arteak argiztatzeko lau bao txiki dauzka.

Atzeko fatxada sinpleagoa da, adreiluz eraikia lehenengo oinetik gora. Baoen antolaketa ez da fatxada nagusian bezain zehatza. Zutabeen gain eraikitako terraza bat dauka; geroago egindako aldaketaren bat dela dirudi.

Eranskinak harlangaitzekoak dira eta ez dira, inola ere, itsusgarriak. Ekialdeko eranskina eskola izan zen, Zurbaotarrek 1920 inguruan sortutako eskola. Mendebaldeko eranskinak lastategi baten ohiko bolumetria dauka. Gaur egun etxebizitzetarako egokituta dago.

Eranskin horietaz gain, multzoaren xede nagusia jauregia eta bertako bi dorre deigarriak dira.

Beheko oinaren barrualdeak ez du aparteko interesik, egoitzak ez baitziren sarrerako behebarruaren zabalkuntza baizik. Lehenengo oinera hiru ataleko eskailera batetik igotzen da; harrizko eskailera-mailez eta balustradaz osatzen da. Hirugarren atalean bitan zatitzen da; batetik gorputz nagusira joaten da, eta bestetik, eranskinetara. Estalki-artea gaur egun areto gisa ipinita dagoen espazio handi bat da.

Erreferentziak[aldatu | aldatu iturburu kodea]

Kanpo loturak[aldatu | aldatu iturburu kodea]

Wikimedia Commonsen badira fitxategi gehiago, gai hau dutenak: Zurbao jauregia Aldatu lotura Wikidatan
Euskarazko Wikipedian bada atari bat, gai hau duena:
Euskal Wikiatlasa