Edukira joan

Dorre

Artikulu hau Wikipedia guztiek izan beharreko artikuluen zerrendaren parte da
Wikipedia, Entziklopedia askea

San Gimignano herriko Erdi Aroko dorreak (XIII-XIV. mendekoak), Gizateriaren Ondare.
Eiffel dorrea, 324 m garai eta 10.000 tona, 1889 eta 1930 artean munduko eraikuntza garaiena izandakoa.
Iberdrola dorrea (Bilbo), Euskal Herriko eraikin garaiena (165 metro[1]).

Dorrea zabala baino garaiagoa den egitura edo eraikin bat da, gehienetan alde handiarekin, itxura luze eta meharra[2] ematen diona. Dorreek askotariko funtzioak izan ditzakete, betiere haien garaiera handiari lotuak, baina, historikoki, militarrak eta erlijiosoak izan dira, edo babesgarri edo talaia funtzioarekin[2], baina estetika jakin bat bilatzeko ere erabili izan dira. Gaur egun, dorreek hainbat funtzio berri bereganatu dute, hala nola garaiera handiko etxebizitza edo bulego eraikinak (etxe-orratzak) edo telekomunikazio azpiegitura gisa.

Dorreen gaitasun gogora arazleei esker, artean, sarritan erabiltzen dira, bai arte bisualetan nola literaturan (adibidez J.R.R. Tolkien-en Bi dorreak eleberria, Eraztunen Jauna sailean), non sinbolizatzen duen arketipoak ia beti isolamendua edo bakarraldia adierazten duen: bolizko dorrea positiboa bada, edo opresioa eta espetxea, batez ere historian zehar dorrek izan duten zapalkuntza betekizunagatik (Londresko dorrea, Bastilla eta abar).

Euskal Herriko dorre garaiena, Iberdrola dorrea da (Bilbo, 165 metro[1]).

Euskarazko dorre eta torre latinezko turris hitzaren jarraitzaileak dira, bokalismo erromanikoa erakutsiz[3]. Badirudi, forma zaharragoa, latinezko u duena, toponimo batzuetan ageri dela, hala nola, Albiztur, Lastur eta Uzturre[3].

Hasierako d- eta t- erabili izan dira euskal idazkietan: mendebaldean t- bakarrik, gipuzkeraz t- eta d- aldizkatuz (batzuetan autore berak), lapurtera-nafarreran d- bakarrik eta zubereran t(h)-[3]. Euskaltzaindiaren hiztegian, dorre agertzen da.

Latinezko turris eta grezierazko τύρσις badirudi aurreindoeuropar hizkuntza batetik datozela biak, Βου-δοργίς iliriar toponimoarekin zerikusia duena.

Samarrako minarete kiribila (51m) 851ean eraikia, egungo Iraken.

Dorreak historiaurretik erabili izan ditu gizakiak. Ezagutzen den zaharrena, agian, Jerikoko harresietako harrizko dorre biribila da (K.a. 8000). Zaharrenetako batzuk ziguratak ziren, sumeriar arkitekturan erabiliak K.a. 4. milurtekotik. Zigurat ezagunenen artean daude: Urko zigurata, K.a. 3. milurtekoan eraikia eta Etemenanki zelakoa, Babiloniako eraikin ezaguna K.a. 2. milurtekoan eraikia. Hori Antzinaroko dorre garaientzat jotzen da eta askorentzat Babelgo dorrearen mitoaren jatorritzat.

Zutik dirauten dorre zaharrenen artean daude broch delakoak: Burdin Aroan (duela 2500-3000 urte) eraikitako gotorleku biribilak Eskozia eta Orkadetan. Horiek eta beste adibide batzuk, bereziki feniziar eta erromatar kulturetakoak, dorreen babes eta zaintza funtzioak azpimarratu zituen. Adibidez, Marokoko Mogador hiriaren izena fenizierazko migdol hitzetik dator, talaia edo zaintza-dorrea esan nahi duena. Erromatarrek dorre laukiak erabili zituzten serviar harresietan (K.a. IV. mendea) eta oktogonalak Dioklezianoren jauregia babesteko[4] (K.o. 300). Txinatarrek dorreak erabili zituzten Harresi Handia osatzeko K.a. 210ean, Qin dinastian.

Dorreen ikusgarritasunak arkitektura erlijiosoan eragin handia izan zuen mundu guztian, eliza kristauetako kanpandorreekin esaterako. Mundu islamikoan, meskitak ere minaretea izaten du alboan, forma askotakoak, Samarrako minarete kiribila esaterako[5]. Indian, estupak eraiki ziren, fraideen erlikiak gordetzeko dorre budistak. Estupen ondoren garatu ziren pagodak, oin karratu edo oktogonalekoak, solairu askotako dorreak, non bakoitzak teilatu bat duen. Dorre mota hori Asia osora hedatu zen jatorrizko hilobi funtzioa utziz eta hainbat itxura hartuz[5].

Nahiz eta zentzu hertsian etxe-orratzak dorreak ez izan, horietako asko horrela deitzen dira, hala nola New Yorkeko dorre bikiak edo Kuala Lumpurreko Petronas dorreak, antzeko itxura dutelako.

Dorreek duten garaiera handia dela-eta, abantaila ugari dituzte: estrategikoa, energiaren erabilera, komunikazioa erraztearena eta abar.

Abantaila estrategikoa

[aldatu | aldatu iturburu kodea]

Historian zehar, dorreek ikuspuntu goratua eskaini diete erabiltzaileei, abantaila emanez inguruak zaintzeko eta ikuspegi hobea babeserako. Horrela, askotan, harresi eta gotorleku gainean eraiki ziren, edo jomugatik hurbilera eraman (setioan erabilitako dorre mugikorretan esaterako). Egun ere, erabilera estrategikoko dorreak erabiltzen dira espetxe, eremu militar eta babes perimetroetan (muga lerroetan eta abarretan).

Energia potentziala

[aldatu | aldatu iturburu kodea]

Grabitatea eta horrek eragindako energia potentziala erabiliz, dorreak ondasunak edo likidoak gordetzeko erabiltzen dira, hala nola silo eta ur-dorreetan, edo lurra zulatzeko. Eski-jauzi dorreek ere ideia bera darabilte, eta, mendi malda naturala ez badago, gizakiak egindakoa izan daitezke.

Komunikazioa hobetzea

[aldatu | aldatu iturburu kodea]

Historian zehar, dorre bakunak erabili izan dira informazioa garraiatzeko distantzia handietan. Erabilera hori izan dute itsasargiek, kanpandorreek, erloju-dorreek, dorre telegrafikoek eta minareteek. Adibidez, Igeldoko dorrea, Donostiako itsasertzean eraikitako itsasargia zen, itsas mailatik 180 metrora kokatua[6] 9 legoako helmena izateko[6], garai harten paregabea. Berrikiago, telekomunikazio dorreek (irrati, telebista edo telefoniakoak) uhinak hedatzen dituzte garaiera handietatik, bai transmititzen, bai errepikatzen.

Garraiobideen euskarria

[aldatu | aldatu iturburu kodea]

Dorreak zubien euskarri ere izan daitezke, eta eraikuntza garaienen lehian sar daitezke. Gehien bat zubi esekietan eta antzekoetan erabiltzen dira. Adibidez, Millauko biaduktua munduko garaiena da, eta bertako dorre batek 343 m ditu[7], Eiffel dorreak baino 19 m gehiago.

Dorre militarrak

[aldatu | aldatu iturburu kodea]

Dorreak funtsezko elementuak dira arkitektura militarrerako, bai zirkuitu gotortu baten zati gisa, bai isolatu gisa.

Dorre isolatuak

[aldatu | aldatu iturburu kodea]

Erromatar eraikuntza militarren terminologian, castrum hitzak erromatar kanpamentuak izendatzen ditu, oholesi batez inguratzen zirenak eta dorreekin indartzen zirenak (egonkor egiten zirenean, eraikuntza elementuak harriz egin zitezkeen); turris eta burgus hitzek, berriz, dorre isolatuak izendatzen dituzte, limes zaintzen zituztenak bezala (Inperioaren kanpoko muga). Antzeko tipologia izan zuten gerora kastral motako dorreek eta dorretxeek. Europatik kanpo, eta formazko desberdintasunak alde batera utzita, gaztelu japoniarraren oinarrizko tipologia antzekoa da.

Dorre-jagoleak

[aldatu | aldatu iturburu kodea]

Dorre zelataria, zaintza-dorrea edo talaia lehen erabilera militarra duen gotorleku mota da. Oro har, egitura isolatuak dira. Bere helburu nagusia toki altu eta segurua eskaintzea da bertatik zaintza eta behaketa militarrak egin ahal izateko. Kasu batzuetan, erabilera militarrekoak ez diren beste dorre batzuk, erlijiosoak adibidez, talaia gisa erabili izan dira. Kartzelako esparruek, kontzentrazio-esparruek eta beste instalazio batzuek ere zaintza-dorreak erabiltzen dituzte barrualdea eta kanpoaldea behatzeko.

Kostaldea zaintzeko dorreak

[aldatu | aldatu iturburu kodea]

Kostaldea zaintzeko dorreak XVI. mendean eraiki ziren Espainiako Mediterraneoko kostaldean pirata berbereen erasoetatik babesteko. Alacanteko probintzian, Murtziako Eskualdean, Almerian, Granadan eta Malagan daude, batez ere, eta Andaluziako isurialde atlantikoan, Cadizen eta Huelvan. Dorre horietako gehienak XIX. mendera arte erabili ziren.

Macenas dorrea (Mojácar, España), kostaldeko zaintza-dorrea

.

Gazteluen eta harresien dorreak

[aldatu | aldatu iturburu kodea]
Manzanares el Realgo gazteluak kanpoaldetik inguratzen duen harresi bat du, sarrera inguratzen duten bi dorre zilindriko (kubo) txikirekin; harresi nagusiak, aurreko izkinetan, indartuta daude bi kuborekin, eta atzeko horma omenaldi-dorre batekin.

Gazteluen eta harresien dorreek (oro har, mota guztietako gotorlekuetakoak) forma eta funtzio desberdinak dituzte. Zirkularrak direnean, kuboak[10] deitzen zaie. Tamaina handikoak direnean, berriz, dorreak[11]. Zaintzaile bat gordetzeko egokiak diren eraikin txikiei, zaintzale-etxola edo garita esaten zaie.

Aztarna arkeologikoak dituen harresi-dorrerik zaharrena Jerikoko dorrea izango da seguruenik[12], metro eta erdiko altuera duena, Jerikoko harresien egituretako bat, K.a. VIII. milurtekoa[13].

Malmuertako dorrea, Kordoba (Espainia).

Dorre albarranoa

[aldatu | aldatu iturburu kodea]

Dorre albarranoa, komunikatuta dagoen barruti gotortu baten parte da, baina, normalean, harresitik salbuetsita dago, eta arku edo zubi txiki baten bidez lotzen da harresira. Dorrea, etsaiaren eskuetan eroriz gero, erraz suntsi daiteke. Gotorleku handi gisa ere atxiki daiteke, baina, kasu horretan, besteak baino handiagoa da.

Talaia edo zaintza-dorre gisa balio du, baina baita harresia inguratzen edo gainditzen saiatzen den etsaiari erasotzeko ere.

Dorre albarranoen adibideak izan daitezke Sevillako Urrearen dorrea, Kordobako Malmuertakoa edo Badajozeko Espantaperroseko dorrea (honen altzoak dorre horien hainbat adibide ditu), guztiak Espainian, nahiz eta Yorkshireko (Erresuma Batua) Pontefract gazteluko Swillington dorrea eraikuntza mota horren adibide dela uste den[14].

Gatariako talaia (Bidarte, Lapurdi), baleak iksukatzeko eraikuntza.

Euskal Herrian, Getariako (Bidarte, Lapurdi) talaia aurki dezakegu, bere garaian baleak ikuskatzeko erabiltzen zena.

Omenaldiaren dorrea

[aldatu | aldatu iturburu kodea]
Estepako alkazarreko (Sevilla) omenaldi dorrea. Sarrerako ateburuan inskripzio bitxi hau dago: Dorre hau eraikitzea Lorenzo Suárez de Figueroak, Santiagoko Maisuak, agindu zuen; zenbat kostatu zen jakin nahi duenak beste bat eraiki dezala, eta jakingo du[15].

Omenaldiaren dorrea Erdi Aroko gazteluaren egitura nagusia da (donjon gaztelu frantsesetan, bergfried alemanetan, mastio edo maschio italiarretan, keep ingelesetan). Dorre nabarmena da, harresia baino altuagoa, eta, normalean, gotorlekuaren gainerakotik isola zitekeen. Dorre nagusia da, jaunaren bizileku dena eta gazteluaren funtzio garrantzitsuenak betetzen dituena; gela nagusiak eta, batzuetan, janari-biltegiak hartzen ditu bere barnean. Kanpoko balizko eraso bati dagokionez, posiziorik babestuenean dago; horrela, gainerako defentsak eroriko balira, dorre horrek azken babesleku bat emango luke.

Setio-dorreak zurezko armazoi garraiagarri bat ziren, prisma edo piramide-enbor altu baten itxurakoa, eta Antzinaroan eta Erdi Aroan erabiltzen ziren etsaien harresiei aurre egiteko eta haiek erasotzeko garaierara iritsiz. Haien hurbilketak arrakasta izanez gero, eskalak baino errazago sartzen uzten zieten zenbait gizon armaturi haiek har zitzaten. Erdi Aroko setio-arma guztiak bezala, dorrea ere zaharkituta geratu zen XV. mendetik aurrera kanoia orokortu zenean.

San Gimignanoko (Italia) dorreak .
Trinitate elizako dorrea (ezkerrean) eta Alcarazeko Santo Domingo komentu ohiaren dorrea (gaur egun Auzitegia, eskuinean).
Boloniako dorreak.

Europa mendebaldeko Erdi Aroko hiriek harresietan itxi ziren, eta bere eraikin nabarmenek dorreak eraiki zituzten, bai defentsarako, bai ospea lortzeko[16], erakunde edo familia desberdinen arteko eta hiri ezberdinen arteko altuera lehian. Adibide nabarmenak izan daitezke Florentzia, San Gimignano edo Caceres.

Sarritan, hiri-espazioaren nagusitasunaren aldeko dorre-borroka botere zibilaren eta elizaren boterearen artean libratzen zen, on Kixote Mantxakoaren pasarte ospetsu honetan ironia handiz ulertzen den moduan, topiko literario bihurtua bere irakurketa bikoitzagatik (gizartea eta Estatua elizaren menpe daudela salatzeko):

« ―Orain behintzat, gaztelua aurki dezagun –Don Kixotek berriz– orduan esango diat-eta zer egin behar dugun, Santxo. Eta, aizak hi Santxo, nik gutxi ikusten diat edota bestela, han ageri den itzal handi hura, Dultzinearen jauregiak egiten duena duk noski.

―Gida beza ba berorrek –Santxok erentzun–

Joan zen bada harantz Don Kijote, eta berrehunen bat pausu egingo zituen, itzal egiten zuen horma harekin topo egin zuen; dorre handi bat ikusi zuen eta berehala nabaritu zuen etxadi hura ez zela gaztelu, herriko eliza nagusia baizik, eta honela mintzatu zuen:

―Elizarekin topo egin diagu, Santxo

―Ikusten dut bai –Santxok erantzun– eta Jainkoari nahi dakiola gure sepultura ez topatzea, batere ez baita seinale ona oruotan zimitoriotan barrena ibiltzea, areago eta, oker ez banago, andere honen etxea irteera gabeko kale batean dagoela nik berorri esanda.

―Jainkoak madarikatuko al hau, eultza halakoa! –esan zuen Don Kijotek. Non ikusi duk hik, gazteluak eta errege-etxeak irteera-gabeko kaletzarretan eraikiak daudenik?

―Jauna, –Santxok erantzun– tokian tokiko usadioak; agian hemen, Toboson, jauregiak eta etxadiak kaletzarretan jasotzeko ohikeria izango da; eta horrela, hemen inguruko kale-tarteak miatzen utzi biezat berorrek, arren; baliteke eta zokoren batean gaztelu bat aurkitzea, eta horra, horrengatik honenbeste pausu eta hara eta honako ibili, zakurraren putza balitz hobe.

»
2. partea IX. atala, non ikusiko dena kontatzen den, (itzulpena Patxi Ezkiaga)


Dorre garaienak

[aldatu | aldatu iturburu kodea]

Dorre garaienen hurrengo zerrenda garaiera absolutuaren arabera ordenatuta dago. Dorre sailkapenaren barnean sartzen dira eraikin diren guztiak (adibidez etxe-orratzak eta telekomunikazio dorreak), baina ez antena egitura bakarrik direnak (adibidez telebista antena tenkatuak). Izan ofizialak dorre hitza badu, zerrenda honetan ageri da. Dorre garaienak zeintzuk diren erabakitzeko, Munduko Dorre Handien Federazioak (WFGT) urtean behin erakunde horretako ordezkariek bilera bat egiten dute[17][18].

Hurrengo zerrendak 20 garaienak baino ez ditu azaltzen:
Sailkapena Egitura Garaiera
(m)
Kokapena Estatua Eraikitze­urtea
1 Burj Khalifa (lehen Burj Dubai) 830
[19]
Dubai  Arabiar Emirerri Batuak 2010
2 Tōkyō Sky Tree 634 Tokio  Japonia 2012
3 Shanghai Tower 632 Shanghai  Txina 2014
4 Abraj Al Bait Dorreak 601 Meka  Saudi Arabia 2012
5 Canton Dorrea 600 Guangzhou  Txina 2010
6 Ping An International Finance Center 599 Shenzhen  Txina 2017
7 Lotte World Tower 555 Seul  Hego Korea 2017
8 CN dorrea 553 Toronto  Kanada 1976
9 One World Trade Center (lehen Freedom Tower) 541 New York  AEB 2014
10 Ostankino dorrea 537 Mosku  Errusia 1967
11 Chow Tai Fook Centre 530 Guangzhou  Txina 2016
12 Willis Tower (lehen Sears Tower) 527 Chicago  AEB 1974
World Trade Center[20] New York 1972
eraitsia
2001
[20]
13 Taipei 101 508 Taipei  Taiwan 2004
14 Shanghai World Financial Center 492 Shanghai  Txina 2008
15 International Commerce Centre 484 Hong Kong  Hong Kong 2010
16 Central Park Tower 472 New York  AEB 2019[21]
17 Oriental Pearl Tower 468 Shanghai  Txina 1994
18 Lakhta Center 462 San Petersburgo  Errusia 2018
19 John Hancock Center 457 Chicago  AEB 1969
20 Petronas dorreak 452 Kuala Lumpur  Malaysia 1998

Dorre ezagunak

[aldatu | aldatu iturburu kodea]

Euskal Herrian

[aldatu | aldatu iturburu kodea]

Erreferentziak

[aldatu | aldatu iturburu kodea]
  1. a b c Eraikin paregabea. Iberdrola.
  2. a b "Dorre" sarrera Hiztegi Batuan. Euskaltzaindia 2019-07-09.
  3. a b c Dorre sarrera Orotariko Euskal Hiztegian. Euskaltzaindia.
  4. (Ingelesez) The Megalithic Portal and Megalith Map, Diocletian's Palace..
  5. a b (Italieraz)"A ogni popolo la sua torre", Focus storia, novembre 2016, pag. 26
  6. a b c Dorrearen historia Igeldo Mendiko parkearen webgunean
  7. (Frantsesez) Le viaduc de Millau. .
  8. Zientzia.net webgunea[Betiko hautsitako esteka].
  9. Paul Reinecke: Neue Burgi an der spätrömischen Grenze Rätiens. In: Germania 19, 1935, S. 135–157. Fuente citada en Burgus Ahegg
  10. (Gaztelaniaz) ASALE, RAE-; RAE. «cubo | Diccionario de la lengua española» «Diccionario de la lengua española» - Edición del Tricentenario (kontsulta data: 2023-01-15).
  11. (Gaztelaniaz) ASALE, RAE-; RAE. «torreón | Diccionario de la lengua española» «Diccionario de la lengua española» - Edición del Tricentenario (kontsulta data: 2023-01-15).
  12. (Ingelesez) Tower of Jericho. 2022-06-29 (kontsulta data: 2023-01-15).
  13. (Gaztelaniaz) «Fuentes de libros - Wikipedia, la enciclopedia libre» es.wikipedia.org (kontsulta data: 2023-01-15).
  14. «Castles of Spain - Torre Albarrana» web.archive.org 2014-06-06 (kontsulta data: 2023-01-15).
  15. Comarca de Estepa
  16. Espainian, 1564ra arte, Santa Cruz markesaren Viso jauregia eraiki zenean, ez zen nobleen etxeen gotorleku-tipologia aldatu: «hiri-dorreak» Burgosko kondestablearen jauregia dira, 1483, edo Benaventeko dukeak Valladoliden eraiki nahi izan zuena (1518). Tarteko modalitateak izan ziren Guadalajarako Mendozatarren Infantado jauregia edo Sevillako Pilatosen etxea (Sevilla), Alcalako dukearen jauregia]] (1520). Casey, James. España en la Edad Moderna: Una Historia Social, Universitat de València, 2001, ISBN 84-7030-949-8, pg. 248.
  17. (Alemanez)Elmar Schütze: Große Türme, große Pläne. In: Berliner Zeitung. 19. September 2013, S. 17.
  18. WFGT webgunea (kontsulta: 2013-09-19)
  19. ctbuh.org: Burj Khalifa: „Height: To Tip 829,8 meter“; „Height: Architectural 828 meter“
  20. a b 2001eko irailaren 11ko atentatuan eraitsia
  21. 131 solairuko etxebizitza-eraikina. 2019an amaitu zen eta "Nordstrom" denda lehen 7 solairuetara aldatu. Arkitektoek Burj Khalifa ere diseinatu zuten. "Funk Uhr" aldizkaria, 45 zenbakia, 2019; 5. or.
  22. (Ingelesez) Valdes, Giuliano. (1994). Art and History of Pisa. Casa Editrice Bonechi, 44 or. ISBN 9788880290247..
  23. Auñamendi eusko entziklopedia. ISSN 2444-5487..

Ikus, gainera

[aldatu | aldatu iturburu kodea]


Kanpo estekak

[aldatu | aldatu iturburu kodea]