Zuzenbide estatu

Wikipedia, Entziklopedia askea
Jump to navigation Jump to search

Zuzenbide Estatua legez araututako prozedimenduei lotuta dagoen bizitza sozialaren antolakuntza politikoa da, zeinean Estatuaren egintzak marko juridiko goren batek mugatuak baitaude. Horrenbestez, Zuzenbide Estatuan organoen erabaki orok Legezkotasun Printzipioari eta oinarrizko eskubideen errespetu absolutuari lotuak egon behar dute.

Historia[aldatu | aldatu iturburu kodea]

Zuzenbideko Estatu Liberala monarkia absolutuaren aurkako erantzun bezala jaio zen XVIII. mendean. Oinarri bezala, AEBetako “Bill of Rights” eta Frantziako Iraultzako Giza Eskubideak zituelarik.

Garai hartako doktrina liberala kontuan hartuta, gizartea modu naturalean ordenatzen zela esan dezakegu, hau da, Estatuaren esku-hartze handirik gabe.

Estatu liberalaren sorrerak zenbait aldaketa ekarri zituen. Alde batetik, Konstituzioaren ideia barneratu zen, horrela, banakakoen eskubideak aldarrikatzen zituelarik. Bestetik, Gobernuaren funtzionamenduari dagokionez, Montesquieuren ideian oinarrituz botere publikoak hiru organotan banatu ziren: exekutiboa, judiziala eta legegilea.

Hala ere, estatu liberalak ez zuen arrakastarik izan. Honek aitortzen zuen legearen aurrean denak berdinak zirela eta hortik ondorioztatzen zuen Estatuak ez ziola laguntza eskaini behar pertsona talde jakin bati soilik. Gauzak horrela, Estatuak babes gabe utzi zien giza kolektibo ahulenak (langile taldea) eta hauek burgesek zapaldu zituzten. Horrek guztiak “Estatu Soziala” ekarri zuen ondorio gisa.

Azken hau XX. mendean jaio zen eta honek eskubide gehiagoren bermea barneratu zuen, eskubide sozialak izenaz ezagutzen direnak. Eskubide hauek pertsonen arteko desberdintasuna onartzen zuten, eta baita babes eman gutxietsitako giza taldeei.

Estatu liberalean ez bezala, Estatu sozialaren kasuan Estatuaren parte hartzea aurreikusten da; esaterako, hezkuntzan, osasunean, lan-arloan, Gizarte segurantzan... Gainera, Gobernuak merkatuan esku-hartzeko aukera zuen.

Denborarekin, Estatu soziala garatzen joan da Zuzenbideko Estatu moderno izatera iritsi arte, eta horixe da gaur egun geure inguruan nagusitu dena.

Adieraz ahula eta indartsua[aldatu | aldatu iturburu kodea]

Zuzenbide Estatuak bi adiera desberdin dituela esan behar dugu:

• Adiera ahula esaten dugunean, zuzenbide estatua zentzu formalean ulertu behar dugu. Adiera honi dagokionez, estatu bat zuzenbide estatu izatera iristeko, bere antolakuntza politiko-soziala legeak arautu behar du.

• Adiera indartsuari dagokionez, zuzenbide estatua zentzu materialean ulertu behar dugu. Honek eskatzen duena da edozein botere mugatua izan dadila legeagatik, horrela ez duelarik soilik forma baldintzatzen baita edukia ere.

Ezaugarriak[aldatu | aldatu iturburu kodea]

Zuzenbide Estatuaren ezaugarri nagusienak hauek dira:

Botere banaketa[aldatu | aldatu iturburu kodea]

Oinarrizko eskubideen bermea ziurtatzeko beharrezkoa da estatuaren boterea hiru botere gunetan banatuta egotea, horietako bakoitza erakunde ezberdin bati dagokiolarik. Botere bakoitzak bere funtzioa du eta hirurek elkarrekiko independente izan behar dute. Hauek izango lirateke hiru botere hauek:

Botere legegilea: Legeak egiten dituena da, Parlamentuei dagokiena.

Botere exekutiboa: Legeak aplikatu edo exekutatzeaz arduratzen dena da, hau Gobernuari dagokio.

Botere judiziala: Herritarrek nahiz Estatuko instituzioek legea betetzen duten epaitzeaz arduratzen da, Justizia Auzitegiei dagokie.

Legearen inperioa, herriaren borondatearen adierazle bezala[aldatu | aldatu iturburu kodea]

Legearen inperioak esan nahi du Estatuko botere guztiak herriaren borondatea obeditu eta honen menpe egon behar dutela. Horretarako, ziurtatu behar da hauen boterea ez dela arbitrarioa eta Zuzenbidearen menpe dagoela, Ordenamendu Juridikoaren menpe, alegia. Legearen inperioak legezkotasun printzipioaren aitorpena barnebiltzen du, halaber. Printzipio honek botere publikoen jarduera guztiak zuzentzen ditu, hauek legearen eta Zuzenbidearen menpe jarriz.

Oinarrizko eskubideen aitorpena eta bermea[aldatu | aldatu iturburu kodea]

Zuzenbide Estatuak helburu bezala du Giza Eskubideak bermatzea. Horretarako ez da nahikoa botereak Zuzenbidera mugatzearekin; mugaketa hau Giza Eskubideen errekonozimenduaren arabera eta eskubide hauen erabilera bermatuz egin behar da.

Zuzenbide Estatuaren printzipioa Espainiako Konstituzioan[aldatu | aldatu iturburu kodea]

Zuzenbide Estatu” kontzeptua aintzat hartzen da Espainiako Konstituzioan, hau adibide askotan ikus dezakegu.

Hasteko, Lege-testuaren antzinsolasean bertan adierazten da honetarako borondatea “Zuzenbide estatua indartzea, lege-agintea herri-nahiaren azalpen bezala ziurtatuz”, eta lehenengo artikuluan Espainiak zuzenbideko estatu sozial eta demokratikoa eratzen duela esaten da.

Konstituzioko 9. artikuluan, Zuzenbide Estatu printzipioaren adierazpen nagusiak zerrendatzen dira, beste batzuen artean legezkotasun printzipioa eta botere publikoen arbitrariotasun-debekua:

“1. Herritarrak eta botere publikoak Konstituzioaren eta antolamendu juridikoaren gainerako arauen menpe daude. (…)

3. Konstituzioak bermatzen ditu legezkotasun-printzipioa, arau arteko hierarkia, arauen publizitatea, xedapen zehatzaileen atzeraeragin eza –xedapenok banakako eskubideei begira onuragarri izan ez edo eskubideok murrizten dituztenean-, segurtasun juridikoa, erantzukizuna, eta botere publikoen nahierakeriaren debekua.”