Tomas Akinokoa
Tomas Akinokoa[1][2] (Roccasecca, Siziliako Erresuma, 1224 edo 1225 - Fossanova abadia, Aita Santuen Lurraldea, 1274ko martxoaren 7a) filosofoa, teologoa, latinezko idazlea eta fraide domingotarra izan zen. Erromatar Eliza Katolikoko doktore eta santua da.
Errealitate birtuala gure mundu fisikoa baino errealagoa bilakatzen ari da? Mundu digitala berezko errealitate berri bat al da?

Aristotelesen filosofia oinarri harturik, Tomas Akinokoak eskolastikaren kristau pentsamendura egokitu zuen hura. Haren pentsamenduak, beraz, kristautasunaren dogmetan, Erdi Aroko tradizio kristauan eta Aristotelesen filosofian ditu erroak. Aristotelesen testuei iruzkinak egin zizkien, eta haren kontzeptu asko argitzen saiatu zen; horregatik, puntu askotan, Aristotelesen pentsamendua San Tomasen adierazpenen argitan interpretatzen da. San Tomas, lehenik eta behin, Jainkoa bazela erakusten eta haren izatea frogatzen saiatu zen; hala, dogmak (Hirutasuna, munduaren sorrera eta Eukaristia, besteak beste) arrazoiaren bidez interpretatzen ahalegindu zen.[3]
Bizitza
[aldatu | aldatu iturburu kodea]Gaztaroa
[aldatu | aldatu iturburu kodea]
Tomas Akinokoa 1224 edo 1225ean jaio zen Roccaseccako gazteluan, Akinotik gertu, germaniar jatorriko familia ugari eta noble baten baitan[4],[5]. Tokiko tradizio erlijioso eta eliz autore batzuen arabera, bere jaioterria Belcastroko familiaren gaztelua izango litzateke, Calabriako Catanzarotik gertu[6][7]. Bere aita, Landolfo, Akinoko kondeen ondorengoa, Federiko II.a enperadorearekin ahaidetuta zegoen. Ama, Teodora, Taete eta Chietiko kondeen alaba zen. Tomas bederatzi anai-arrebetan gazteena izan zen. Kondaira baten arabera, Bonus Eremutar santu batek Teodorari iragarri zion bere semea domingotar ordenatuko zela eta santutasunera iritsiko zela[8][9][10].
Bost urte bete zituenean, Tomasek bere lehen ikasketak jaso zituen Montecassinoko abadian, bertan bere osaba bat abade zelarik. Bere biografoek, Guillermo de Toccok, Bernardo Guidok eta Pedro Calok, bere debozio berezi eta goiztiarra nabarmentzen dute, txikitatik, Agur Maria idatzita zuen papiro bati gogor eusten ziola adieraziz[11]. Orduan, gramatika, morala, musika eta erlijioa ikasten hasi zen, 1239an, Frederiko II.a enperadoreak monjeak kanporatzea erabaki zuen arte. Orduan, Tomas gazteak Napoliko Unibertsitatean jarraitu zuen bere heziketa, non arte liberalen ikasketak, garaiko hezkuntza-curriculumak, logika aristotelikoaren printzipioekin harremanetan jarri zuen. 1244an, hemeretzi urte zituela, Tomasek sortu berria zen Dominikarren Ordenarekin bat egitea erabaki zuen Juan de Wildeshausen maisu nagusiarekin izandako adiskidetasunari esker, haren bizitza latz eta intelektualak erakartzen baitzuen Napoliko komentu batean ezagutu zuenez geroztik[12].
Erabakiak bere familia haserretu zuen, Tomas, Montecassinoko abadiaren buruzagitzan, bere osabaren oinordeko izango zela erabakia baitzuen[12]. Jakinik Tomas Erromara zihoala nobiziotzaren ikasketak egitera, anai-arrebek bahitu, eta urtebete baino gehiagoz eduki zuten Monte San Giovanni eta Roccasecca familiaren gazteluetan, domingotarren abituak har ez zitzan eta bere asmo berriari uko egin ziezaion. Froga denbora hori arrebei klase partikularrak ematen eta Dominikar Ordenako kideekin komunikatzen pasa zuen[13]. Senideak ernegatu egin ziren Tomas konbentzitzeko, zeinak dominikoekin bat egiteko erabakia hartua baitzuen. Une batean, bi anaiak prostituta bat kontratatzeko erabakia hartu zuten hura limurtzeko. Kondairaren arabera, Tomasek suzko burdina batekin urrundu zuen, eta, lo zegoela, bi aingeru agertu zitzaizkion, eta ezkonge egoteko bere erabakia indartu zuten. Tomas konbentzitzeko ahalegin guztiek porrot egin zutela ikusita, Teodorak, familiaren duintasuna salbatu nahian, gauez, leihotik ihes egiten lagundu zion Tomasi[14].
Gaztelutik ihes egitea lortu, eta Parisera joan zen familiarengandik urruntzera. Akinotarrak ezustean harrapatu zituen fraideak ikusi zutenean Petrus Lombardusen Sententiak eta Biblia irakurtzen eta buruz ikasten aritu zela, areago, Aristotelesen De sophisticis elenchisen atal bat ere aipatu zuenean, zeinak garaiko ikasketetarako erreferentzia ziren.
Unibertsitateko hezkuntza
[aldatu | aldatu iturburu kodea]Parisko Unibertsitatea ezin hobea zen Tomas gaztearen helburuetarako Triviumerako zuen joera nabarmenagatik (Parisen jada tradizionala) eta teologia-eskolengatik. Maisurik nabarmenenak Alexandro Haleskoa eta Alberto Handia izan zituen, biak ala biak Aristotelesen doktrinaren hartzaile (bereziki bigarrena). Bere lankideen artean, Buenaventura Fidanzakoa zegoen, eta adiskidetasun harreman berezia izan zuen harekin, baina baita hainbat eztabaida intelektual ere. Tomasek ikasketak amaitu baino lehenago, Alberto Handiak (bere ikasle napolitarraren adimenarekin harrituta) egintza eskolastiko bat enkargatu zion, eta, bere argudio indartsuei, ikasleak ezin hobeki erantzuten die beraren maisu eta etorkizuneko elizaren doktorearen hitzaldia deseginez, zeinak esan baitzion batzarrari:
| « | Zuek honi idi mutua deitzen diozue, baina idi honek, bere jakituriarekin, zer nolako marruak egingo dituen eta mundu osoan oihartzuna izango dutela ziurtatzen dizuet | » |
| Barbado Viejo, F. Sarrera orokorra Tomas Akinokoan Suma teológica I. liburukia BAC 1947, 12. or. | ||
Alberto Handiak, nobizioaren indarrez ziur, berarekin eraman zuen Koloniara gero biek defendatu beharko zituzten Aristotelesen lanak erakutsi eta sakonki aztertzeko. Tomas garai horretan ordenatu zuten apaiz. Tomas, 1252an, Parisera itzuli zen bere ikasketekin jarraitzeko, baina Eskeko ordenen aurkako oposizio indartsua aurkituko zuen, irakasle sekularrek gidatua, zeinak ikasle gaizkileen espetxeratzearen aurkako protesta gisa unibertsitatea uztea bilatzen baitzuten. Baina bere amorruaren azken helburua eskeko maisuak ziren: haien pobrezia bereziak, jarraikitasunak eta ikasteko ohiturak, ikasleez betetzen zituzten klaseak (ikus Alberto Handiaren kasua), eta, horrek agerian jartzen zituen sekularrak.
Liskar haren gailurra (eskekoen bizitza mehatxatu zuena) iritsi zen Gillermo de Saint-Amour doktoreak bere tratatuak argitaratu zituenean, Tractatus brevis de periculis novissimorum temporum . Tomasek, 1256ko urrian (Saint-Amour-en bigarren panfletoa baino hilabete batzuk geroago) Contra impugnantes Dei cultum et religionem idatzi zuen, eta, Alexandro IV.a aita santuak, hil horretan bertan, Saint-Amour eskumikatuko zuen, irakaskuntza eta sakramentuak debekatuz. Akino gazteak, Saint-Amourri emandako erantzunaren ondorioz, aita santuaren konfiantza osoa bereganatu zuen teologia-gaietan, eta eragin joakinistak zituen Betiko Ebanjelioren Sarrera-Liburuaren berrazterketa esleitu zitzaion.
1259ko ekainean, Valenciennesen egindako domingotarren kapitulu (batzar) orokorrean parte hartu zuen. Ikasturtea amaitu ostean, berriz, Italiara joan zen, eta han igaro zituen ondoko hamar urteak. 1261-1265 bitartean, batez ere Orvietoko komentuan egon zen, eta, 1265etik 1268ra, Erroman. Hamarkada horretan, irakasle, aholku-emaile eta predikari jarduteaz gain, bere izkribu garrantzitsuenetako batzuk idatzi zituen, hala nola Summa contra gentiles.[15]
1268 eta 1272 bitartean, Parisko Unibertsitateko Teologia katedraren ardura izan zuen. Garai hartan, eztabaida handia zegoen bertan: batetik, Siger Brabantekoa buru zuten averroista eta filosofoak (artistak) zeuden, eta, bestetik, Teologia Fakultateko teologoak. Tomas Akinokoak averroisten tesien aurkako De unitate intellectus, contra Averroistas lana idatzi zuen. Hala ere, teologo kontserbatzaileenek ez zituzten onartu haren ikuspuntuetako batzuk.[15]
1272ko udaberrian, Paris utzi eta Napolin kokatu zen. Bertan, domingotarren studium generale berriaren kargua hartu zuen. 1273ko abenduaren 6an, meza ematen ari zela oso aztoraturik utzi zuen esperientziaren bat izan omen zuen. Harrezkero, ez zuen gehiago idazteko interesik erakutsi.[15] 1274an,Gregorio X.a aita santuak Lyongo Kontziliora bidali zuen aditu moduan, eta bidean hil zen, Fuossanovan.
Obra
[aldatu | aldatu iturburu kodea]
Tomas Akinokoaren obra idatzia sekulakoa da kontuan hartuta berrogeita bederatzi urterekin hil zela eta, aldi berean, 10.000 kilometro inguru egingo zituela oinez bidaietan, ulertzekoa da zenbaitek haren obra balentria paregabetzat jotzea[16]. Josef Pieperrek zioen:
| « | Nekez sinets daiteke azken urteetan Parisen idatzi zuen guztia | » |
| Josef Pieper Doce lecciones sobre tomismo (Tomismoari buruzko hamabi lezio) Ed. Rialp 1948, p. 27 | ||
Bere lanik zabalenak, eta oro har garrantzitsuagotzat eta sistematikoagotzat jotzen direnak, bere hiru sintesi teologikoak edo Summak dira: Summa Theologiae, Summa contra Gentiles eta bere Scriptum super Sententias. Nahiz eta interesa eta gai nagusia beti teologikoa izan, bere lanak obra filosofiko, polemiko edo liturgikoen iruzkinak ere barne hartzen ditu. Bereziki ezaguna da XIII. mendeko korronte eskolastikoan Aristotelesen filosofiaren bultzatzaile nagusietako bat izateagatik eta bere obra pentsamendu kristauaren eta pentsamendu aristotelikoaren espiritu kritikoaren arteko sintesia irudikatzeagatik. Historian, obra faltsuak ere egotzi izan zaizkio, baina, denboraren poderioz, bere egiletasuntzat jotzeari utzi diote. Horrela, bere lanak honela zatiturik daude:
- Hiru sintesi teologiko, edo summak
- Summa Theologiae
- Summa contra Gentiles
- Scriptum super Sententias
- Bederatzi tratatu eztabaida akademiko moduan.
- Hamabi eztabaida quodlibetal
- Eskritura Santuei buruzko Bederatzi exegesi.
- Elizako Gurasoek Ebanjelioei buruz egindako glosa-bilduma bat, Katena aurea izenez ezagutzen dena.
- Aristotelesen lanei buruzko hamaika iruzkin[17].
- De principiis naturae: I eta II (Aristotelesen Fisikako I. eta II. liburuetan oinarritutako naturari buruzko gogoetei buruzko iruzkinak.
- Sententia libro Politicorum (Polítikari buruzko iruzkina).
- Sententia super Metaphysicam (Metafisikari buruzko iruzkina),
- Sententia super Meteora (Meteoroei buruzko iruzkina).
- Sententia super Phisicam (Fisikari buruzko iruzkina).
- Sententia super Peri hermenias (Interpretazioari buruz).
- Sententia super libri Ethicorum (Ethica Nicomaqueari buruzko iruzkina)
- Sententia super De Anima (De Animari buruzko iruzkina).
- Sententia super De Caelo et mundo (De Caelo et Mundori iruzkina),
- Sententia super De generatione et corruptione (De generatione et corruptioneri iruzkina).
- Boezioren lanen bi azalpen.
- Prokloren lanen bi azalpen.
- Bost lan polemiko.
- Bost aditu-iritzi edo responsa.
- Teologia, filosofia edo gai politikoei buruzko hamabost gutun.
- Testu liturgiko bat.
- Bi otoitz famatu.
- 85 sermoi, gutxi gorabehera.
- Teologiari buruzko zortzi tratatu.
Tomas Akinokoaren pentsaera
[aldatu | aldatu iturburu kodea]Filosofia eta teologia bateratzea
[aldatu | aldatu iturburu kodea]Oxford eta Parisko Unibertsitateak sortzeak, eskeko ordenak azaltzeak eta Aristotelesen zein filosofo musulmanen –esaterako, Avizenaren eta Averroesen– filosofia hedatzeak, XIII. mendez gero gogor astindu zuten San Agustinen teologiaren inguruan antolaturiko pentsamendu kristaua. Munduaren betierekotasunaz Aristotelesek eta filosofo arabiarrek zituzten tesiak nola bateratu Sorkuntzaz Bibliak zioen ideiarekin? Nola ulertu behar zen dohatsutasuna? Filosofoak hemen lortzen al du pentsamenduaren objektuak kontenplatuz edo teologiak prestatzen gaituen hil ondoko geroko bizitza espiritualaren zain egon behar da? Eztabaida horiek unibertsitatearen barnean elkarren kontra jartzen zituen arte-fakultatekoak (artistak, hots, filosofoak) eta teologia fakultatekoak.
Aristotelesen Analitikak zorroztasun edo demostraziorako eredu hartzen ziren, eta gauza guztiak aurkitzeko tresna ziren. Filosofia horretatik sortzen zen munduari buruzko ikuspegi intelektualistak, izan ere, iritziaren edo nekez sinesteko egien mailan uzten zuen fedea. Aristoteles irakurri, eta iruzkinak leial egiten zizkion Averroesek ere, egia arrazionalen ahalmena defendatzen zuen. Filosofo horren baitan, egia bikoitzaren teoria dago. Fedearen egiak eta arrazoimenarenak aurrez aurre ipintzen zituen, eta azken horiei ematen zien lehentasuna. Horregatik, filosofoak eszeptizismora bultza zitezkeen, Martsilio Paduakoa (1275-1360) esaterako. Ordu arte kristautasuneko Agerkundearen zati ziren tesi teologikoak (munduaren sorrerari buruzkoak edo arimaren hilezkortasunari buruzkoak, adibidez) arrazoiketa filosofikoaz ezin ziren frogatu, eta, ondorioz, ez ziren zientifikoak.
Arrazoimena fedearen zerbitzura
[aldatu | aldatu iturburu kodea]Testuinguru teoriko horretan garatu zen Tomas Akinokoaren gogoeta, horren fruitu nagusia Summa Theologiae delarik. Filosofoaren arrazionaltasuna eta teologoaren fedea elkartu beharra zegoela ohartu zen, kristautasuneko Agerkundea aberastu nahi bazen. Jainkoaren hitzaren giza arrazionalitatea azaldu nahi zuen Aristotelesen filosofiako baliabide guztiak erabiliz. Filosofia horrek beti lagundu egiten dio teologiari horren morroi bihurtu gabe. Baina, aldi berean, gizakia kristautasuneko Hirutasun Santuaren misteriora, Jainkoaren gizon egitearena eta Erredentzioarenera bideratu behar zen. Horregatik, teologiaren argia ezinbestekoa zen Jainkoaren esentzia ikusi ahal izateko. Horrek argitzen du, inola ere, Summa Theologiae obrak duen ordena. Jainkoa edo Hasieratik abiatzen da, eta guztia hortik sortua da. Gero, izakiak hedatzeko eta itzultzeko mugimenduaren funtsezko lotura den Kristoren (Jainkoa haragi bihurtutako Hitzaren) meditazioaren bidez, izakia Jainkoarengana itzultzen da.
Erreala batasuna da
[aldatu | aldatu iturburu kodea]Izakia da gure adimenak bereganatzen duen lehen objektua. Hau da, zalantzarik gabe, Tomas Akinokoaren filosofiaren erdigunea; hasi errealitate konkretuaren analisitik eta Jainkoaren existentziaraino gidatzen dute bideetaraino. Hark dioenez, izakiak mugatu nahi dituguneko genero guztiak gainditu egiten ditu. Ez dago, ez objektuaren aldean, ez eta adimen edo subjektuaren aldean. Gehiago da harremana eta harreman guztien oinarria. Labur esanda, batasunaren eta aniztasunaren printzipioa da. Bata da, substantzia indibidual guztiena delako. Substantzia oro izaki bat da, baina inor ez da izakia. Substantzia, ez bezalakoa izanik, askotarikoa ere bada.
Izakiaren aniztasuna, gainera, gure sentimenak ere jasotzen dute, baina gure adimenak beti batasuna bilatzen du sentigarriaren barne-egituran. Izakiaren barneko batasun eta aniztasunaren arteko korrelazio horri esker, Tomas Akinokoak esan ahal izan zuen izakia gauzen eta gure adimenaren ekitearen berri emate hutsa zela. Neurri batean, ulergarritasun ororen baldintza dela jakinda, izakia gauza guztiak elkartzen diren gunea dela esan daiteke.
Izakia esentziaz eta existentziaz osaturiko konposatua da
[aldatu | aldatu iturburu kodea]Izakiaren transzendentzia jarrera horrek galdera-multzoa plazaratzen dio pentsamenduari. Galdera batzuk gauza baten errealitateari buruzkoak dira, hau da, bere izateari buruzkoak (hori ba al da?). Beste batzuk, berriz, zer denari buruzkoak edo bere esentziari buruzkoak (hori zer da? latinez: quid sit?). Tomas Akinokoarentzat bi galdera hauek bereizezinak dira. Ekintza hutsak ez du esanahirik bere esentziak (hau da, bere arrazoi edo kausak) argitzen ez badu. Sentigarriaren izateaz galde egiteak ere nahitaez bere existentzia eta bere zertasuna (quidditas) ikustea esan nahi du. Ezagutzan eman diezaiogun lehentasuna esentziari, zeren ezagutzea gauzen zertasuna bilatzea baita. Hala ere, existentziak, esentziari buruz, badu lehentasun ontologikoa; egintzak potentziarekiko duena, hain zuzen. Izatea existitzearen ekintza gauzatzea da. Hori gabe, gaurkotasunik ezerk ez duen delako ekintza perfekzioa eta ekintza ororen baldintza da. Horrela ulertu behar da gaur egun Jainkoak, Moisesi, Exodoan (111, 14), bere buruari emandako izena: «Ni naizena naiz». Jainkoa izatearen egintza hutsa da (ipsum esse), eta beste ezer ez da. Esse subsistens da, berez irauten duen izaki bakarra. Gainerako izaki finitu eta anitzek existentzia dute, eta izakiak dira.
Existitze-egintza hutsaren transzendentzia
[aldatu | aldatu iturburu kodea]

Izakiaren eta existentziaren arteko bereizkuntza hori da, Tomas Akinokoaren ustetan, Jainkoaren existentziaren froga guztien giltza. Izaki finitu guztietan dago, baina esentzia arabiarrarekin bat datorren Izaki gorenaren errealitatea eskatzen du. Avizenas filosofo arabiarraren eraginez, Tomas Akinokoak honela azaldu zuen: «existentzia esentzia ez bezalakoa duen gauza beste gauza batek sortu behar du. Eta bestearen bidez den oro bere buruaz den lehen kausara eraman behar den bezalaxe, beharrezkoa da gainerako gauza guztientzat existitzeko kausa den errealitatea egotea, bere existitze-egintza hutsa delarik. Bestela, kausetan infinituraino joango litzateke, existitze hutsa ez den orok existitzeko kausa baitu». Labur esanda, izaki finituaren existentzia ezin da etorri existentzia eta esentzia bat datozeneko kanpotiko kausatik baino. Guztiaren izaki den hori, esentziaz (hau da, derrigorrez) den hori, izaki ez-finitua eta iraunkorra da; Moisesi Esse subsistens gisa (Exodoa, 111, 14) azaldu zitzaiona eta gure Unibertsoaren Sortzailea.
Horregatik, Jainkoarengana garamatzaten bost bideak (edo metodoak) izakira mugatzen dira, eta ez dira Anselmo Canterburykoaren froga ontologikoaren berak. Antselmoren argudioa baliozkoa litzateke, Tomas Akinokoaren arabera, Jainkoaren esentzia ezagutuko bagenu. Baina horren berri ez dugunez gero, hobe da gertuago dugunetik abiatzea; izaki konkretuaren errealitate finitutik. Aldi oro, kontua da izaki finitua izatea duena edo jasotzen duena dela ulertzea. Ondorioz, nahitaez, erreferentzia absolutua behar dute, eta erreferentzia horrek ez du izatea edukiko. Bera izango da Izate gorena, berez irauten duena.
Horregatik, higiduraren lehen bideak bere argudioa Aristotelesen Fisika-ri hartzen dio. Higidura orotan, bereizi egin behar da higitzen dena eta higiarazten duena. Aldatzen den izaki oro, beraz, beste batek higiarazten du, baina, eragile eta eraginen katean, ezin gara infinituraino joan, bestela higiduraren hasierarik ez litzatekeelako egongo. Beraz, higitzen ez den lehen eragileak, Jainkoak, egon behar du.
Bigarren bidea kausa erazleen ordenan oinarritzen da. Hemen ere kausa eta efektuen katean, ezin da infinituraino joan. Onartu beharra dago kausa erazle guztien jatorrian kausarik gabeko lehen kausa zegoela.
Hirugarren bidea izan daitezkeen izaki kontingenteak (ez beharrezkoak) egotetik abiatzen da. Izaki finituen jaiotzak eta heriotzak adierazten dute hori. Izaki guztiak kontingenteak balira, denak hasiko ziratekeen existitzen, eta ezereza izatea baino lehenagokoa zatekeen. Baina ezerezetik ez litzateke ezer sortuko. Izaki finitu kontingenteak badirenez gero, onartu beharra dago dena ez dela kontingentea eta errealaren beharrezkoa dagoela. Beharrezko hori kausaduna edo kausarik gabea izan daiteke. Baina kausen ordenan ez dagoenez atzera jotzerik infinituraino, onartu beharra dago, berez, beharrezkoa edo kausarik gabekoa den izakia badela.
Laugarren bidea izaki finituen gradu kualitatiboetan (gehiago eta gutxiago esanda juzgatzen direnetan) oinarriturik dago. Hori, ordea, ezin da egin perfekziorik handiena den Jainkoak duen neurria ez badago.
Azkenik, unibertsoan, badago helbururik, argi eta garbi, espiriturik gabeko izaki naturalak ere barne. Helburu horrek bitartekoen eta helburuaren arteko harremana ezagutzen duen adimena dagoela adierazten du. Beraz, adimen batek izakiak bideratu egiten ditu horiek dituzten helburuak bete ditzaten, horretarako sortu baitira. Horretan datza Tomas Akinokoak aukeratutako bosgarren bidea.
Natura guztiak goresten du Jainkoaren loria, existitze-egintza hutsari esker baitaude gauzak. Baina, Jainkoa gauza guztietan badago eta horiek Jainkoagatik badira ere, horrek ez du esan nahi kontzeptuen bidez defini eta froga daitekeenik. Gure adimenak ezin du Jainkoaren esentziaz jabetu. Horregatik, Tomas Akinokoak onartzen du bide negatibotik baino ezin dugula Jainkoa atzeman. Jainkoaren esentzia ez dena azalduz, bide hori definitzea da. Horregatik, guk, izakietatik abiatuz, egozten dizkiogun atributu guztiek analogiazko esanahia dute. Analogiak ezin digu Jainkoaren esentziaren berri eman guk pentsa dezakegun edozertatik kanpo dagoelako. Horregatik, «zuhurtasun» hitzak, gizakiari aplikatuta, adierazten duen errealitatea muga dezake: filosofoa, adibidez. Jainkoagan, ordea, zentzuaren errealitatea guk hitz horri eman diezaiokegun esanahia gainditu egiten du. Analogia, beraz, guretzat beti ezkutatzen eta kentzen zaigun presentziaz jabetzeko bidea da, guk ezagutzen ditugun harreman guztien azken hitz ezezaguna den neurrian.
Analogiak eta bide negatiboak bost bideei egiten dieten ekarpena da existitze-egintza hutsa izaki finitu oro gainditzen duena eta gainditze gisa ulertu behar dela dioen ideia.
Gizakiaren eta munduaren egoera
[aldatu | aldatu iturburu kodea]
Tomas Akinokoaren ikusmoldean, unibertsoa salbazio-historiaren, Kristo salbatzailearen etorreraren, berpizkundearen eta gizadi osoa berrerosteko promesaren historian kokatzen da. Baina, gainerako izaki natural finitu guztiak bezala beren esentziaren determinazioan mugatuak izan ordez, gizakiak espiritu hutsen (aingeruen) eta gorputzen behe-mailako munduaren arteko harremana segurtatzen du. Giza izaera, beraz, gure ezagutzarako irrika erakusten duen egoera ontologiko partikularraren lekuko da. Izan ere, gure arrazoimenaren bidez, gorputzeko unibertsoa gainditu egiten dugu, eta, neurri batean, materia orotatik bereizitako espirituen unibertsora dei egiten zaigu.
Koadro teoriko horren baitan aztertu behar dira orain morala eta zuzenbidea. Giza-jardueraren arloan (adibidez, helburu jakin bat lortzeko), ekintza askea gobernatzen duten arauak finkatzen ditu filosofiak. Baina filosofiarentzat, helburu partikular guztiez gain, Aristotelesez gero, bada goren bat. Izan ere, giza-asmo guztiak betetzen ditu, eta zorion perfektua sortzen du: jarduera teoretiko edo kontenplaziozkoa da. Hala ere, Tomas Akinokoa teologoarentzat, helburu eskuzabal eskatzen du, hori (eskuzabala da kontenplaziozkoa delako), goragoko dohatasunaren menpe zegoen: Bibliako Agerkundean agindutako geroko bizitzan arimak gorputzetik bananduta izango duenean. Horregatik, gizakien munduan egoera historikoen eta kulturen arabera zuzenbidea aldatzen baldin bada, arrazoimena ez du, berez, aski. Zuzenbide positiboa (hau da, gizakiek ezarritako zuzenbidea) neurri batean zuzenbide naturalaren ordenan oinarrituta ezartzen da.
Lege naturalaren lehen oinarria, adibidez, ongia egin eta gaizkia alde batera uztea da. Hala ere, lege natural hori dohatsutasun filosofikoaren antzekoa da; Jainkoaren legearen edo betiereko legearen adierazpena, unibertsoko ordenaren egilea Jainkoa delako.
Gizakia natural, sozial, politiko, arrazional… bezala definitua izan da. Gizaki mota berri baten aurrean al gaude? Gizaki birtuala edo "homo digitalis", alegia?
Horrek azaltzen du agintaritza politikoa nahitaezko bitartekoa dela; interes partikular anitzetan zatitzen den giza munduaren eta arrazoimenak sumatu besterik egin ezin duen unibertsalaren arteko bitartekoa, hain zuzen. Beste era batera esanda, lege naturalari esker giza komunitatearen barnean, munduaren egitura ontologikoa posible da azkenean helburu partikular guztiak helburu goragokoaren menpe jarriz: berrerosketaz agindutako zorion aurrean gizadia zoriontsu izatea da goi-mailako helburu hori.
XIV. mendean, dena den, Tomas Akinokoaren ikusmoldeari kritika gogorrak egin zizkioten. Zorion filosofikoaren independentzia (ikerketarena) baieztatzeaz gain, filosofo eta averroistek ordena politikoa eta erlijiosoa erabat bereiztea exijitu zuten. Dantek (1265-1321) hori egin zuen Monarkia lanean, zeruko dohatsutasuna eta lurrean politikaz gauzaturiko zoriona independenteak direla azalduz. Gilen Ockhamgoarekin, azkenik, ezinezkoa da lege naturala edo jainkotiarra asmatu edo adieraztea gai orokor edo abstraktuetatik abiatuta ondorio arauemaileak ateratzeko. Konkretura itzultzea gonbidatzen zaigu; ordena guztion produkzio gunera, hau da, gizaki indibidualera.
Munduari buruzko ikusmolde kristaua
[aldatu | aldatu iturburu kodea]Tomas Akinokoaren lan filosofiko eta teologikoa jakintzaren arloan, fedea eta arrazoimena bateratzeko arkitektura azpimarragarria da. Izan ere, filosofoen (batez ere aristotelismoaren) unibertso arrazionala azalpen-sistema batean txertatzen da. Sistema horretan haragi bihurtutako, hitza da aldi berean, teologia horretako funtsezko lotura, zimendua eta giltzarria. Izakia izaki denez Aristotelesen metafisikaren helburu, izaki absolutu eta lehen gisa (den ororen kausa gisa) azaltzen da, den oro gainditu egiten duelako. Hala ere, Tomas Akinokoaren berezitasuna ez da Aristotelesen filosofiari iruzkinak egitea edo filosofia horren jarraitzaile izatea, lehen irakurraldian hori badirudi ere. Aristotelesen arrazionalismoak ez zuen pentsalari kristau hori asetzen. Horregatik neoplatonikoen intuizioetara jo zuen erlijio kristauko egiei adierazpen filosofikoa ematearren. Munduari buruzko ikusmolde kristaua antolatu zuen horrela, eta filosofia paganoko eta kultura judu-arabiarren kanpoko korronteen kontra eraiki zen.
Baina, Tomas Akinokoaren lan teorikoari, biziki kontra egin zioten hil ondoren. 1277. urtean, Parisen, teologo-talde batek bere obra kondenatu zuen. Tomismoa Averroesen aristotelismotik hurbil zegoela zioten, nahiz eta San Tomasek «Jentilen kontrako Summa» lanean hura kritikatu. Gilen La Marekoak, anai txikerretakoak (frantziskotarra eta anaia predikarien lehiakideak), 1277 eta 1279 bitartean, lan bat argitaratu zuen San Tomasen idazkietan ehun eta hamazazpi akats aurkitu zituela eta.
XIV. mendean, ikusia dugunez, Tomas Akinokoaren filosofia eta teologia berriz ere kritikatu zituzten; Gilen Ockhamgoak batez ere. Orduan eztabaidatzen zena, ordea, tomismoaren doktrina-edukia baino gehiago, zen giza-arrazoimenak hitz edo kontzeptu abstraktuetatik abiatuta ondorioak ateratzeko zeukan aukera.
Tomas Akinokoa 1323. urtean kanonizatu zutenean, eraso teologikoei, amaiera eman zitzaien, eta, 1879an, Leon XIII.ak, Aeterni Patris Unigenituni entziklikaren bidez, Elizako doktore izendatu zuen. Tomismoa, berriz ere, pentsamendu kristauko korronte garrantzitsua izan zen, kantismoarekin eta batera ere existentzialismo garaikidearekin harremanetan edo eztabaidan. Kantismoarekin, froga ontologikoari Kantek egindako kritikak Anselmo Canterburykoaren frogari eragin zion, baina ez bide tomistei; eta existentzialismo garaikidearekin, gizakiaren existentzia existitze-egintza hutsetik edo Esse subsistensis-etik abiatuta kontsideratzen alde batera uzten duelako.
Erreferentziak
[aldatu | aldatu iturburu kodea]- ↑ EIMA: Eskola-liburuetako onomastikaren, gertaera historikoen eta artelanen izenak. Zerrendak.
- ↑ Irati ICIAR, Jaione AGIRRE: «Euskal forma onomastiko baten proposamena pertsona izen historikoen azterketan oinarrituta», Euskalgintza XXI. mendeari buruz: Euskaltzaindiaren nazioarteko XV. biltzarra, 2008, ISBN 978-84-95438-26-3, 379-397. orrialdeak.
- ↑ Lur entziklopedietatik hartua.
- ↑ Pieper 1948, 22 orr. .
- ↑ Fra' Giovanni Fiore da Cropanik, XVII. mendeko historialari calabriarrak, bere Della Calabria illustrata lanean dio Tomas Akinokoa Belcastron jaio zela; gauza bera diote Gabriele Barriok bere De antiquitate et situ Calabriae lanean, eta Girolamo Marafiotik, Anaia Txiki Behatzaileen Ordenako teologoak, Cronache ed antichità della Calabria liburuan
- ↑ De antiquitate et situ Calabriae
- ↑ Della Calabria illustrata
- ↑ (Ingelesez) «Saint Thomas Aquinas» Biography (kontsulta data: 2020-03-16).
- ↑ (Ingelesez) Räsänen, Marika. (). Thomas Aquinas's relics as focus for conflict and cult in the Late Middle Ages: the Restless Corpse. Amsterdam University Press, 174 or. ISBN 978-90-485-2737-3..
- ↑ (Ingelesez) Anonymous. (). «1.Birth and childhooh» St. Thomas Aquinas: Universal Doctor of the Church (1225-1274). TAN Books ISBN 978-1-5051-0825-5..
- ↑ Forment 2005, 14 orr. .
- ↑ a b Collison, Diane. (2006). Fifty Major Philosophers. doi:. (kontsulta data: 2020-01-20).
- ↑ Davies, Brian, 1951-. (). Aquinas: An Introduction. Continuum, 2 or. ISBN 0-8264-7095-5. OCLC .55686104.
- ↑ (Ingelesez) Hampden, Renn Dickson. (). The Life of Thomas Aquinas: A Dissertation of the Scholastic Philosophy of the Middle Ages. Forming a Portion of the Third Division of The Encyclopaedia Metropolitana, First Published in 1833. John J. Griffin, 23 or..
- ↑ a b c Stephen L. BROCK: Tomás de Aquino Philosophica.info
- ↑ «Thomas de Aquino, Opera omnia» www.corpusthomisticum.org (kontsulta data: 2020-10-28).
- ↑ «Obras de Tomás de Aquino» www.webdianoia.com (kontsulta data: 2020-10-28).
Bibliografia
[aldatu | aldatu iturburu kodea]- Aguirre, Javier (2008): "Eskolastikaren gailurra: Tomas Akinokoa" in Agustin Arrieta (et al.): Filosofiaren historia, Donostia, Elkar. ISBN 978-84-9783-403-2
- Andonegi, Xabier (2004): "Erdi Aroko Filosofia" in Joxe Azurmendi (et al.): Filosofiako gida, Bilbo, UEU. ISBN 84-8438-048-3
Erabilitako bibliografía
[aldatu | aldatu iturburu kodea]- Tomás de Aquino. (2007). Laureano Robles Carcedo y Adolfo Robles Sierra ed. Suma contra los gentiles. 1/2 Biblioteca de Autores Cristianos ISBN 978-84-7914-893-5..
- Forment, Eudaldo. (2015). Santo Tomas. Biblioteca de Grandes Pensadores. Suma contra los gentiles (selección), Suma de teología (selección).. GREDOS / RBA ISBN 9788447378715..
Liburuak
[aldatu | aldatu iturburu kodea]- Carroll, William E.. (2002). La creación y las ciencias naturales, Actualidad de Santo Tomás de Aquino. Santiago de Chile: Ediciones Universidad Católica de Chile ISBN 956-14-0705-1..
- Chalmeta, Gabriel. (2002). La justicia política en Tomás de Aquino. Una interpretación del bien común.. Pamplona: EUNSA ISBN 84-313-1988-7..
- Chenu, Marie Dominique. (1954). Introduction a l’étude de Saint Thomas d’Aquin. París: Institute d'études médiévales.
- Chesterton, Gilbert Keith. (1985). Santo Tomás de Aquino. Madrid: Espasa ISBN 84-239-0020-7..
- Copleston, Frederick Charles. (2007). El pensamiento de Santo Tomás. México: Fondo de Cultura Económica ISBN 978-968-16-1215-3..
- Derisi, Octavio Nicolás. (1945). La doctrina de la inteligencia de Aristóteles a Santo Tomás. Buenos Aires: Cursos de cultura católica.
- Egido Serrano, José. (2006). Tomás de Aquino a la luz de su tiempo. Una biografía. Madrid: Encuentro ISBN 978-84-7490-785-8..
- Fabro, Cornelio; Ocáriz, Fernando; Vansteenskite, Clemens; Livi, Antonio. (1990). Tomás de Aquino, también hoy. Salamanca: EUNSA ISBN 84-313-0678-5..
- Forment, Edualdo. (2005). Id a Tomás. Principios fundamentales del pensamiento de Santo Tomás. Pamplona: Fundación Gratis Date ISBN 9788487903694..
- Forment, Edualdo. (2002). Santo Tomás de Aquino. El oficio de sabio. Barcelona: Ariel ISBN 84-344-5227-8..
- González, Ángel Luis. (1979). Ser y participación. Estudio sobre la cuarta vía de Tomás de Aquino. Pamplona: EUNSA ISBN 84-313-0576-2..
- Haya Segovia, Fernando. (1997). El ser personal. De Tomás de Aquino a la metafísica del don. Pamplona: EUNSA ISBN 84-313-1487-7..
- Haya Segovia, Fernando. (1992). Tomás de Aquino ante la crítica. La articulación trascendental de conocimiento y ser. Pamplona: EUNSA ISBN 84-313-1171-1..
- Hugon, Eduardo. (1985). Las veinticuatro tesis tomistas. México: Porrúa ISBN 84-239-0020-7..
- Kreeft, Peter. (1990). Summa of the Summa. Ignatius Press ISBN 0-89870-300-X..
- Lachance, Louis. (2001). Humanismo político, Individuo y Estado en Tomás de Aquino. Pamplona: EUNSA ISBN 84-313-1872-4..
- del Muro Solans, Juan García. (2015). Santo Tomás. Donde no puede llegar la razón se encuentra la fe. RBA ISBN 978-84-473-8550-8..
- Pieper, Josef. (2005). Introducción a Tomás de Aquino (Doce Lecciones). Madrid: RIALP ISBN 978-84-321-4174-4..
- Quelopana Flores, Gustavo. (2006). El realismo metafísico de Tomás de Aquino. Lima: Instituto de la Paz.
- Reale, Giovanni; Antiseri, Dario. (2010). Historia de la Filosofía. Patrística y Escolástica. 1/2 Barcelona: Herder ISBN 978-84-254-2658-2..
- de Wohl, Louis. (2016). La luz apacible. Novela sobre Santo Tomás de Aquino y su tiempo. Madrid: Ediciones Palabra ISBN 978-84-9061-410-5..
- Stump, Eleonore. (2003). Aquinas.. Routledge. ISBN 0-415-02960-0...
Artikuluak
[aldatu | aldatu iturburu kodea]- Di Ceglie, Roberto. (2016). «Faith, reason, and charity in Thomas Aquinas’s thought» International Journal for Philosophy of Religion 79 doi:. ISSN 0020-7047..
- Losada Sierra, Manuel. (2009ko uztaila-abendua). «Origen y desarrollo del iusnaturalismo en Tomás de Aquino» Revista de Relaciones Internaciones, Estrategia y Seguridad (Bogotá) 4 (2) ISSN 1909-3063..
Kanpo estekak
[aldatu | aldatu iturburu kodea]- 1220ko hamarkadako jaiotzak
- 1274ko heriotzak
- Latinezko idazleak
- Italiako idazleak
- Santu katolikoak
- Santu anglikanoak
- Kristau teologoak
- Gizon filosofoak
- XIII. mendeko filosofoak
- Filosofo politikoak
- Eskolastikoak
- Domingotar fraideak
- Kristau idazleak
- Parisko Unibertsitateko ikasleak
- Kristau antignostizismoa
- Italiako erlijio idazleak
- Santu domingotarrak