Alfred Reginald Radcliffe-Brown

Wikipedia(e)tik
Hona jo: nabigazioa, Bilatu
Alfred Reginald Radcliffe-Brown

Alfred Reginald Radcliffe-Brown (Sparkbrook, Birmingham, Ingalaterra, 1881.eko urtarrilaren 17aLondres, 1955.eko urriaren 24a) Britainiar gizarte antropologoa, funtzionalismo estrukturalistaren garapenenean aitzindaria.

Bere bizitza[aldatu | aldatu iturburu kodea]

Canbridgeko Trinity Collegen ikasi zuen, Charles Myers izan zuen irakasle eta William Riversen ikaslea ere izan zen; bere lehenengo lanetan Riversen difusionismoa ikusten da, gero, urteekin Emile Durkheimen eraginak bidea aldatuko zion osorik. Ikasketak amaitutakoan Andaman irletara egin zuen bidaia (1906-1908), bertan egindako lana R.Brownek berak ere goiztiarregitzat jo zuen.

Cambridgen James Watsonen lagun egin zen, eta bere izaerari dagokionean hark esandakoa argigarria izan daiteke, Malinowskiren aldean guztiz bestelakoa omen zen, “sekula ez dut ezagutu horren gizon bihotz gogorrekorik, R.Brown no-gentelman zela zioten andreek”.

1910ean James Watson bere lagunarekin, Daisy Bates etnografoarekin eta Olson marinelarekin Australiara egin zuen. Lehenen Sandstonera joan ziren, eta bertan lau klasetako ezkontza sistemak ikertzen jardun zuten. Handik, Bernier irlara jo zuten, hona Daisy Bates barik -asko eztabaidatu ei ziren-, bertan sexu gaixotasundun aborigenentzako kartzela-ospitale batean segitu zuten ikerketa. Urtebete berantago Watsonek alde egin zuen eta Olson eta R.Brown Gascoyne ibaiko komunitateetara joan ziren. Bertan Karieren sistema aurkitu zuen. Horien gaineko lana The Social Organization of Australian Tribes (1930-31) liburuan aurki daiteke.

Ardura handiena ahaidetasun sistemak eta ezkontza sistemak izan zituen. R. Brownen arabera ezkontzak klase banaketatik askea zen sistemak arautzen zituen. Australian sistema nagusi bi aurkitu zituen:

  • Kariera sistema: ezkontza andrezko batekin egiten zen zeina “amaren nebaren alaba” kategoriakoarekin egiten baitzen. Seme-alabatasun adar bi, beraz.
  • Aranda sistema: ezkontza andrezko batekin egiten zen zeina “amaren amaren nebaren alabaren alaba” kategoriakoarekin egiten baitzen. Lau seme-alabatasun adar, beraz.

1913an Ingalaterrara bueltatu zen eta hurrengo urtean berriro jo zuen Australiara.

1916an Tongan hezkuntza zuzendari egin zen eta 1920an Lurmutur hirian Antropologia saila egin zuen. 40 urte zituela landa lana utzi eta irakaskuntzan buru-belarri sartu zen, hori dela eta dauka berak hain liburu gutxi, idazten baino lan oparoa irakasle legez egin zuelako.

1926an Australiara bueltatu eta Sydneyko antropologia katedra hartu zuen, bertan zebilela The Social Organization of the Australian Tribe idatzi zuen. Urte horretan aldatu zuen legalki bere izena amarena ere gehituta; horrezkero Radcliffe-Brownez mintza gaitezke.

1931an Chicagoko Unibertsitatean ibili zen eta bertako antropologian eragin zuen, Fred Eggan izan zen bere ikaslerik aurreratuena.

Ingalaterrara Oxfordeko katedra hartzera itzuli zen 1937.urtean, bertan Malinowskiren tokia hartu zuen. Britaniar antropologian eragin handia eduki bazuen ere, askok frantziar soziologiarekin lotzen dute, ingelesa izanik ere. Gerrak iraun zuen artean Royal Anthropological Instituteko presidentea izan zen eta pare bat urte pasatu zuen Sao Paulon. 1946an katedra utzi eta Canbridgen segitu zuen irakaskuntzarekin. 1955ean hil zen Londresen.

Bere lana[aldatu | aldatu iturburu kodea]

Askorekin gertatzen den legez bere lanaren ikuskera desberdinak daude, osotasunean begiratzen diote batzuek eta beste batzuek, berriz, denboran zehar ulertzen dute.

Etnografia kokatzeko kontzeptu zorrotz multzoaren egilea da. Spencerren eboluzionismoaren eragina ikus baliteke ere, Emile Durkheimen soziologia da, zalantza barik, Radcliffe-Browni gehien eragin ziona. Gizarte primitiboen ikerketan gizarte-egituraren ezaugarri orokorrak zehazteko tokia ikusi zuen.

Radcliffe-Brownen hainbat ideia:

  • Gizarteak ez dira organismoak, ez dira erditzen ezta hiltzen ere
  • Ohiturak -gizarte egintzak- gertakari objektibotzat hartu behar dira
  • Ohiturak norbanakoa jaio aurretik dira eta bere heriotzatik aurrera ere bizirik diraute
  • Ikertzaileak hartzen duen gizarte-gertakari multzoa sistema bat osatuaz hartu behar da, ohitura baten esanahia gizarte-gertakari garrantzitsuen multzoan oinarrituta baino ezin uler daiteke.
  • Kontzientzi kolektiboa: gizarteratzearen bitartez pertsonarengan sustraitzen diren gizarte bateko balio eta arauak
  • Gizarte primitiboak: elkartasun sentimenduari eusten zioten, elkarren beharretik eratorria.
  • Gizarte-taldekatze formek taldekoen gizarte-kontzientzia mugatzen dute eta honi erritual sinbolikoen bitartez eusten zaio.

A Natural Sciencie of Society da Radcliffe-Brownek argitaratutako jarrera teoriko bakarra: Soziologia gonbaratzailea da beste gizarte zientzia guztien ardatza. Egitura sozialaz eta forma sozialaz saiakera bi argitaratu ziren, horietan zioen egitura soziala ez zela ezelako abstrakzioa, momentu jakinean gizabanako guztien hartu-eman sozial guztien gehikuntza baino.

Egitura-forma:

  • “erabilera sozialetan” azaltzen da, arauetan.
  • ezaugarriak jendeak bere gizarteko arauez diozen gauzetan azaltzen da eta horren inguruan egiten dituzten gauzetan ere bai.
  • Zenbait gizarteren egitura sozialen abstrakzioa eginik gonbaraketa eta sailketa egin behar dira.
  • Horren guztiorren helburuak:
    • zonalde kultural bateko ezaugarriak azaleraztea izan daiteke,
    • aldaera bereziak ulertzea eta,
    • azken helburua, gizarte guztien ezaugarri komunez adierazpenak egitea.

Radcliffe-Brownek zioen gizarte-formak egonkorrak direla, elkar-egokitzapenaz ere hitz egin zuen, hau gizarte bateko kideek interesek elkarri moldatzea da eta gizarte guztien oinarrizko beharrizana.

Ondorio nagusi batzuk atera litezke bere pentsaeratik:

  • Gizarte bakoitzean sentitzeko eta pentsatzeko era komunak egon behar dira (daude).
  • Gizarte-egitura osatzen dutenen artean koherentzia maila bat egon behar du.

Edozein gizarte-bizitzak gizarte-egitura behar du, eskubide eta beharrizanez osatua, zeina banako eta taldeen arteko hartu-eman sarea den.

Eboluzionismoa, difusionismoa eta gizarte antropologiaren papera[aldatu | aldatu iturburu kodea]

Eboluzionismoak zioen gizarte guztiek garapen hari bakarrari segitzen diotela, beraz, gizarte primitiboak ibilbide horren hasieran leudeke eta modernoak eboluzioaren puntu gorenean. Difusionismoak, berriz, zioen gizarte-jardunek behin sortzeko joera daukatela eta, beraz, antzekotasunak eta desberdintasunak azalduko lirateke gizarteen elkarreraginen berreraikitze-historikoaren bitartez. Ikuskera bi honen arabera gizarte moderno eta primitiboen arteko desberdintasunak azaltzeko modu zuzena berreraikitze-historikoa litzateke. Radcliffe-Brownek ikuskera bi horiek baztertu zituen prozedura horren irmotasun faltagatik. Gonbaraketa metodologia erabili behar zela zioen, horrekin gizarteetako erregulartasunak topatzeko eta, beraz, bizitza sozialaren benetako jakintza lortuko zen. Gizartearen natur zientziaren alde jotzen zuen. Ikuskera honek ere kritikak ekarri zizkion

Kritikak[aldatu | aldatu iturburu kodea]

Radcliffe-Brawn sarri kritikatu da historiak eragindako aldaketak ez zituelako kontuan hartu ikertu zituen gizarteetan, batez ere kolonialismoak eragindako aldaketak kontuan ez hartzearren, hala eta guztiz ere, Bronislaw Malinowskirekin batera gizarte antropologia modernoaren sortzailetzat hartzen da. Bere ikuskeran gizarte-natur-zientzia izan beharko omen zuena, Robert H. Lowiek bere A History of Etonological Theoryn dioenez ezin gauzatu izan zuen bere lanetan, balizko gizarte-egiturarik ez zuen lortu ezein gizarterekin gauzatzea; Lowiek dioenez antropologiaren betebeharraz berba egiten zuenean fedez ari zen, eta berak ere ez zuen jokatzen bere fedearekin bat.

Lan nabarmenak[aldatu | aldatu iturburu kodea]

  • The Andaman Islanders (1922)
  • Social Organization of Australian Tribes (1931)
  • Structure and Function in Primitive Society (1952)
Commonsen badira fitxategi gehiago, gai hau dutenak: Alfred Reginald Radcliffe-Brown Aldatu lotura Wikidatan