Amadeo Deprit

Wikipedia, Entziklopedia askea
Amadeo Deprit
Bizitza
JaiotzaBilbo1900eko martxoaren 26a
Herrialdea Bizkaia, Euskal Herria
BizilekuaBegoñako errepublika
HeriotzaBegoña1956ko abuztuaren 26a (56 urte)
Jarduerak
Jarduerakenpresaburua

Amadeo Deprit Lasa (Bilbo, 1900ko martxoaren 26a - Begoña, 1956ko abuztuaren 26a) Begoña elizateko kristal-enpresaburua, eta politikari lokala izan zen Bilbon eta Begoñan.[1] Bilbo edo Begoñaren artean bizi izan zen Deprit bizitza osoan.

Protagonistetako bat Begoñako Errepublikaren anexioan (1925-1931)[aldatu | aldatu iturburu kodea]

1925eko urtarrilaren 1ean Bilbok Begoñako errepublikaren anexioa gauzatu ondoren, Amadeo Deprit bihurtu zen Begoñako Toki Entitate Txikiko Auzo Batzarreko burua. Zehazki hitz eginda Deprit ez zen alkatea izan. 1924ko urriaren 29ko argitaratu zen anexioaren dekretuak sortutako erakundea izan zen Toki Entitate Txikiko Auzo Batzar hori, Bilboko Udaleko Batzorde Betearazlearekin batera, Erandioko zati bat eta Deustuko eta Begoñako elizate osoak hiriari lotzeko.[2]

Lehenago 1924ko abuztuan, Eskauriaza alkateak utzi egin zuen kargua, eta Ernesto Allendek ordezkatu zuen urtea bukatu arte, Eskauriazari botere-aldaketa tristea egingo baizitzaion.[3] Begoñako azken udal-batza, 1924 urtea bukatu arte, honako pertsona hauek osatu zuten: Federiko Eskauriaza alkatea; Ernesto Allende, Anastasio Gardiazabal, Víctor Ugarriza, Francisco Eguiluz eta Isidoro Candina zinegotziak; José Antonio Gisasola, Agapito Landa, Benigno Echevarria eta Jose Mendezona zinegotziak.[3]

Anexioaren biharamunean, 1925eko urtarrilak 2, Bilboko alkate Moyuak auzo-batzarrak eratu zituen, Begoñakoa honela osatu zuen: Amadeo Deprit, Isidoro Candina, Francisco Eguiluz, José Sánchez, Luis Landeras, Nicolás Vidal, Martín Gutiérrez eta Manuel Palacio. Batzarreko lehendakari zen aldetik, Deprit-ek, urtebetean eta auzo-batzar horren barruan, lurralde-eremuaren eta elizate zaharraren ondarearen jarraitasuna defendatu zuen, horrela Bilboko Udalean zegokion ordezkaritza-maila lortzeko, Begoñako langileak Bilboko udalean zuzenean sartu ahal izateko eta kontribuzio eta zergak aldi baterako izozteko. Begoñan aspalditik zeuden behar batzuk zelanbait asetzea lortu zuen, hala nola bideetako argiteria publikoa (Basarrate, Santutxu, Txurdinaga, Otxarkoaga eta Artxanda), saneamendua (Trauko), ikuztegiak berritzea, Santutxutik eta Boluetan eskolak sortzea, eta Bilboko Zazpi Kaleetako Aurrekoetxea kaletik abiatuta Santutxuraino igoko zen tranbiaren eraikuntza proiektatzea.[4]

Erabateko anexio formala 1925eko azaroan gauzatu zuten. Behin behineko auzo batzarraren azken bilera 1925eko azaroaren 12an egin zen, 1925eko urriaren 30eko Errege Dekretoak Bilboko entitate txiki berri haien behin betiko anexioa eta haien erakundeen desegitea ekarri baitzituen. Hilabete bat geroago, Amadeo Deprit, Jenaro Lumbreras eta Anastasio Gardeazabal zinegotzi izendatu zituzten Bilboko Udalean Begoñako Barrutiko ordezkari. Ekitaldi berean, Bilboko hirugarren alkateorde hautatu zuten Deprit, eta hainbat udal-batzordetan parte hartu zuten.[4]

Sei urte geroago, Espainiakoko Bigarren Errepublika iritsi zenean, 1931n, Begoñako barrutia Bilboko bigarren populatuena zen. Artean, auzoak eta auzoko alkateak hauek izan ziren: Askao (Máximo Lara), Basilika (Francisco Barreneguren), Bolueta (Juan Ortega), Esperantza (Silvestre Kortabitarte), Galtzadak (José Luis Marco), Karmelo (Saturnino López), Kristo (Prudencio Sever), Otxarkoaga (Félix Machain), Santo Domingo (Deogracias Fernández Vega), Trauko (Máximo Royo), eta Uribarri (Cecilio Lechón). Auzo industrialak ere baziren orduan Bolueta eta Etxebarria, esaterako.[5]

Enpresaburu familiaren beirateria-lantegian[aldatu | aldatu iturburu kodea]

Amadeo zuzenbidean lizentziatu zen Deustuko Unibertsitatean, eta María Navea Beascoechearekin ezkondu zen. Helbidea Villa Amadeon jarri zuen, Karmeloko elizaren azpian, Santutxun. 1938an egokitu zuen, familia ugari baten beharrak asetzeko. Bere lehen urrats profesionalak Cristalería Deprit y Cía familia-enpresan eman zituen, denda Somera kalean zutela, bulegoak Berastegi kalean, eta Fernández del Campo kaleko nabe batean tailerrak eta biltegiak zituztela. 1931n, politika utzi ondoren, Constructora Bilbaina de Construcción, S.A. enpresaren zuzendari kudeatzailea eta aholkularia izango da. Enpresa horren goitza Tomás Bilbao arkitektoaren proiektua zen, eta 1934an familiak beirateria-lantegien gainean eraiki zuen eraikineko solairuetako batean zuten.[3]

Aintzatespenak[aldatu | aldatu iturburu kodea]

  • 1971: Begoñako elizateko hilerriaren inguruan eta 1925az geroztik Bilboko laugarren barrutia izango zenaren barruan, Bilboko Udalak 1971ko urriaren 20an Amadeo Deprit Lasa izena jarri zion Mazustegi eta Prim kaleen elkargunean hasten den kaleari. Kalea gero Dolaretxe auzoaren inguruan pasatzen da eta ia Zumalakarregi kaleraino heltzen da.[3][6]

Erreferentziak[aldatu | aldatu iturburu kodea]

  1. Los cementerios de Bilbao: nacimiento y evolución.. Bilbao zerbitzuak. Bilboko Udala.
  2. (Gaztelaniaz) Mujika Goñi, Amaia; Cadarso, Esteban. (2023-03-11). «La anexión de Begoña a Bilbao y Amadeo Deprit Lasa» Deia (Noiz kontsultatua: 2024-03-26).
  3. a b c d (Gaztelaniaz) Mujika Goñi, Amaia; Cadarso, Esteban. (2023-03-11). «La anexión de Begoña a Bilbao y Amadeo Deprit Lasa» Deia (Noiz kontsultatua: 2024-03-26).
  4. a b (Gaztelaniaz) Mujika Goñi, Amaia; Cadarso, Esteban. (2023-03-11). «La anexión de Begoña a Bilbao y Amadeo Deprit Lasa» Deia (Noiz kontsultatua: 2024-03-26).
  5. «REPÚBLICA - BEGOÑAKO ERREPUBLIKAZALEAK REPÚBLICA.» www.errepublika.org (Noiz kontsultatua: 2022-02-28).
  6. «Bilboko Udal Artxiboa , Bilbokale» www.bilbao.eus (Noiz kontsultatua: 2024-04-22).

Ikus, gainera[aldatu | aldatu iturburu kodea]

Kanpo estekak[aldatu | aldatu iturburu kodea]