Bilbo

Wikipedia(e)tik

Hona jo: nabigazioa, Bilatu
Artikulu hau Bizkaiko hiriari buruzkoa da, beste esanahientzat ikus Bilbo (argipena)

Bilbo

BizkaiaBizkaia
Bilboko bandera Bilboko armarria
Izen ofiziala Bilbao
Antolaketa
Estatua
Autonomia Erkidegoa
Lurralde Historikoa
Eskualdea

Espainia
Euskal Autonomia Erkidegoa
Bizkaia
Bilbo Handia
Alkatea Iñaki Azkuna Urreta (EAJ)
Herritarra bilbotar
Koordenatuak 43°15′25″N 2°55′25″W / 43.25694, -2.92361 (Bilbo) Koordenatuak: 43°15′25″N 2°55′25″W / 43.25694, -2.92361 (Bilbo)

Eremua 41,26 km2
Garaiera 16 m.
Distantzia 0 km Bilbora
Euskaldunak  %24,20 (2006) (2001)
Postakodea 48001-48015
Biztanleria 353.340 bizt (2008)
Dentsitatea 8.564 bizt/km²
Sorrera 1300ko ekainaren 15a
www.bilbao.net


Bilbo Bizkaiko hiriburua eta Euskal Herriko hiririk jendetsuena da. Gainera, Europako hiri nagusienetako bat ere bada. 353.340 biztanle ditu, bilbotarrak, eta 41 kilometro koadroko azalera; "Bilbo Metropolitarra" edo Bilboaldea deritzon inguruneko ardatz ekonomiko eta industriala da.

Izenari dagokionez, Bilbo da euskal izen arautua, Euskaltzaindiak 1979an erabakitakoaren arabera[1]. Bilbao gaztelaniaz gorde den euskal izen zaharra da.

Bilboaldea Muskiztik Galdakaora hedatzen da mendebaldetik ekialdera, eta Plentziatik Alonsotegi eta Arrigorriagara iparraldetik hegoaldera. Ingurune horrek ia milioi bat biztanle biltzen ditu guztira: Bizkaiko biztanleriaren hiru laurden baino gehiago.

Bilboko planoa Francisco Coello geografoak egina 1857an. Zazpi kaleek osatzen duten hiribildua eta plaza berria ikus daitezke, ipar eta hegoaldeko errebalekin batera.

Eduki-taula

[aldatu] Inguru naturala eta Klima

Bilboko irudi panoramikoa

Bilbo hiribildua Ibaizabal ibai osoan zehar zabalduta dago. Izan ere, Bilboko itsasadarra da bere ardatz naturala, hamaika zubik zeharkatzen dutena.

Biztanleria era homogeneoan banaturik dago ibaiaren bi aldeetan: Ezkerraldean Basurtu-Zorrotza, Abando eta Errekalde barrutiak daude. Eskuinaldean, berriz, Deustu, Uribarri, Otxarkoaga-Txurdinaga eta Begoña barrutiak. Ibaiondo barrutia, Bilboko handiena, ibaiaren bi aldeetan hedatzen da; barrutiaren gehiena ezkerraldean dago, Alde Zaharra, berriz, eskuinaldean.

Pagasarri, Artxanda eta Arnotegi mendiek inguratzen dute hiria, besteak beste, eta, zulo moduko batean dagoenez, "Botxo" izen herrikoia eman diote. Hirigunetik ez oso urruti, kilometro pare batera, Ganekogorta mendia altxatzen da, 998 metrokoa, kostaldetik hurbil gaudela kontuan izanda, altuera handia da.

Hiriaren ikuspegia Zorrotzatik

Kokaleku horrek eman dio Bilbori duen izaera eta egitura urbanistikoa: eremu lauak urriak dira, [[Abando eta Deustu barrutietan daude gehienbat. Hori dela eta, hazkunde industrialak eragindako immigrazio-oldeak mendien maldetan hedarazi zuen Bilbo.Gaur egun, Bilbo inguruan dauden mendiek hiriko "gerriko berdea" osatzen dute eta aisialdirako gune bilakatu dira.

Ipar-mendebaldean, Bilbok Barakaldorekin egiten du muga; ipar-ekialdean, Erandiorekin; ekialdean, Sondikarekin; hego-ekialdean, Etxebarri, Basauri eta Arrigorriagarekin; eta mendebaldean, berriz, Alonsotegirekin.

[aldatu] Hidrografia

Hiria Ibaizabal ibaiak zeharkatzen du; Abusu auzotik aurrera itsasadar bihurtzen da. Antzina, Bilbo hainbat errekak zeharkatzen zuten, mendietatik jaisten ziren itsasadarrera, Elgera ibaia adibidez, baina lurperatu egin zituzten garapen urbanistikoa zela eta.

[aldatu] Klima

Artikulu nagusia: Bilboko klima

Bilbo inguruko mendiak elurtuta

Bilboko klima ozeaniko hezea da, korronte bero baten eragina eta urte osoan zehar tenperatura lasaia dituena. Euriak udazkenean eta udaberrian ugariak izaten dira; negua, berriz, eztia, eta uda ez oso beroa. Dena dela, bai udan bai neguan, egun oso hotzak eta termometroa 40ºC-tik gora igotzen den egunak daude.

Batezbesteko tenperatura 21 gradu da udan, eta 7 neguan. Bilboko datu meteorologiko ofizialak Loiuko aireportuan jasotzen dira.Gainera, Eusko Jaurlaritzak Euskalmet zerbitzu meteorologikoa sortu eta gero, estazioak ezarri ziren Deustuko San Pedro auzoan dagoen Zorrotzaurreko puntan, Abusu auzoan Arrigorriagako mugatik gertu, eta Basurtu auzoan. Dena den, Basurtuko estazioa 2005. urtetik zerbitzutik kanpo dago.

Urteko prezipitazioa 1.200mm ingurukoa da, urtean zehar era homogeneoan banatuta, baina, normalean, neguan udan baino euri gehiago egiten du. Historian zehar muturreko gertakari meteorologiko batzuk izan dira, 1983ko uholdeak esaterako. Orduan 24 ordutan metro koadroko 250 litro baino gehiago bota zuen Bilboko aireportuan, hiriko estazio meteorologikoa dagoen puntuan. Are gehiago, Larraskitun zegoen Telefonicako estazioak metro koadroko 503 litro neurtu zituen egun hartan.

[aldatu] Barrutiak eta auzoak

Artikulu nagusia: Bilboko banaketa administratiboa

Barrutiak

Bilbok zortzi barruti dauzka. Egungo banaketa administratiboa 1983an ezarri zen, Bilborenak izandako Txorierriko herriak desanexionatutakoan.

Auzo ez diren beste gune garrantzitsu batzuk: Abandoibarra, Elorrieta, Kasila , Mintegitxueta, Miribilla, Zorrotzaurre.

[aldatu] Historia

Artikulu nagusia: Bilboko historia

Santiagoko Gotzain-eliza

Diego Lopez de Harok, orduko Bizkaiko jaurerriko jaunak, sortua 1300eko ekainaren 15ean. Hiribilduari Logroñoko foruak ezarri zitzaizkion.

Hasieran hiru kale bakarrik egon ziren, Someraedo Goienkale, Artekale eta Dendarikale, Santiago Katedralarekin batera. Pixkanaka, biztanleria handituz joan ahala, gaur egungo Zazpikaleak eratu ziren.

Bilbo beti egon da bere errekari oso loturik, antzinako portuaren jarduerak San Anton Elizaren aurrean hasi zirenetik gaur egungo Superportua sortu arte. Bere kokalekua zela eta, hiria berehala hasi zen garrantzitsuago bihurtzen, Gaztelako produktuen igarobide nagusia baitzen. San Antongo zubia zen hirirako sarbide nagusia, eta bertatik igarotzeko ordaindu beharra zegoen.

XV. mendean, Bizkaian eta euskal probintzietan gertaturiko familien arteko gerrateek eragina izan zuten hirian.

XVI. mendean zehar, berriz, sute batek eta bi uholdek arriskuan jarri zuten hiriaren etorkizuna. Orduan bilbotarrek Begoñako Andra Mariaren basilikara jo zuten babes eske. Bilboren historian, ohikoak izan dira uholdeak. Ordurako, hiria babesten zuten hormak pixkanaka eraitsiz joan ziren, eta horrela, Erronda kalea sortu zen. 1511n Bilboko Kontsulatuak eskumena lortu zuen Espainiako koroatik, Gaztelan sortzen zen merino artilea Europako iparraldeko herrietara esportatzeko, Antwerpen-era esaterako. Horrela, Bilbo Iberiar Penintsulako iparraldeko porturik garrantzitsuena bilakatu zen.

XVIII. mendean, San Nikolas baseliza txikia egon zen tokian, gaur egungo eliza eraiki zen, eta horren aurrean zegoen Areatzan, Bilboko parkea. Horrela, berez Bilboko "hondartza" zen lekuan, zuhaitzak landatu ziren eta hiriarentzat aisialdi-gune bilakatu zen. San Anton elizatik hurbil, garai hartarako oso modernoa zen ospitale bat eraiki zen, (Atxurikoa), gizonak emakumeetatik bereizten zituena.

Zazpikaleetatik iparraldera, kale berriak sortu ziren, Posta eta Bidebarrieta horien artean. Eta Plaza Barria, horixe jotzen da hiriaren "lehen zabalgunetzat", Zingira(Sendeja) eta Itxaropen kaleetan zehar egindakoarekin batera (gaur egun Udaletxearen eraikina ezartzen den gunean alegia).

[aldatu] Zabalgunea

Ibaizabal ondoko lurraldea txiki geratu zitzaion Bilbori eta horregatik hiria zabaltzeko plan baten beharra aztertzen hasi zen. Izan ere, biztanleria erabat pilatuta bizi zen Alde Zahar eta Bilbo Zaharrean, osasunarentzat kaltegarria zen modu batean. Egitasmoaren atzean, industriak eta merkataritzak aberasturiko burgesia zegoen. Burgesia hori izan zen Abandoko lur berriak populatu zituena. Alde Zaharrean jende pilaketa handiegia zegoen ordurako, eta horrek higiene egoera txarra eta gaixotasunak kutsatzea ekartzen zuen.

Zabalgune baterako lehen plana hamazortzigarren mendearen amaieran egin zen, baina ez zuen Bilbok egin. Historian zehar Bilboren arerio izandako Abando elizateak egin zuen plana. Dena dela, Espainia eta Frantziaren arteko gerraren eraginez ezereztu egin zen plan hori, Zamakolada deritzana gertatzerakoan.

Gaixotasunei dagokienez, 1834ko abuztutik urrira arte kolerak 778 pertsona hil zituen (hiriak 15.000 biztanle zituen). Bakteria horren bigarren pandemia izan zen, 1830ean Errusiatik Euskal Herrira iritsi zena.Lehen Gerra Karlistaren garaiak ziren,eta horrek eragina eduki zuen izurritea zabaltzeko.

Administratiboki, beste hirurogeita hamar urte igaro beharra izan zuten gauzak aldatzen hasteko. Horretarako Abando elizatea anexionatu zuen Bilbok, 1872. urtean, eta bertan Zabalgune proiektua martxan jarri zen. Proiektu hori, Severino Achucarro arkitektoak, eta Pablo de Alzola eta Ernesto de Hoffmeyer ingeniariek sinatu zuten.

Zabalgunearen prozesua gauzatzeko, hamarkada asko behar izan ziren. Proiektuaren gune nagusia "San Mames Bide Nagusia" zen, gaur eguneko On Diego Lopez Harokoa Bide Nagusia, 30 metroko zabalerarekin. Proiektuaren mugak, Urkixo Zumarkalea mendebaldetik, eta Mazarredo Zumarkalea ekialdetik ziren. Hasieran Moyua plazarako tartea bakarrik garatu zen. Moyuatik Jesusen Bihotza plazarako tartea 1920. urtetik aurrera egin baitzen.

[aldatu] Industria Iraultza eta Garapena

Industria-iraultzaren garaian hainbat enpresa, burdin meategi, fabrika eta ontziola zeuden, hiriari maila ekonomiko handia eman ziotenak. Bilbo Espainia mailako gunerik aurreratuena izan zen Katalunia eta beste gune batzuekin batera. Bilbo enpresa askoren sorburua izan zen, Iberduero, Banco de Bilbao, Banco de Vizcaya, Seguros Bilbao, Altos Hornos de Vizcaya eta ontzigintza inguruko hainbat enpresa.

Barku bat itsasadarrean sartzen

Bilbora gero eta etorkin gehiago zetorrela eta, hiriak hazteko tokia behar izan zuen, horretarako beste bi elizate anexionatu ziren 1925ean, Deustu eta Begoña. 1940an Francoren diktaduraren garaietan Erandio, eta urte batzuk geroago Sondika, Loiu, Lezama, Zamudio eta Derio (Asua haran osoa). Herri horiek 1981ean lortu zuten Bilbotik banatzea eta gaur egun Bilbotik bananduta jarraitzen dute. Hiriko biztanleria izugarri hazi zen eta Bilbo Espainiako pertsona askoren jomuga bilakatu zen, lana erraz lortzen zelakoan.

Abando eta Alde Zaharraren inguruan, langile auzo berriak eraiki ziren.Etxe-sail asko eta asko inolako plangintzarik gabe eraiki zituzten, Errekalde, Santutxu, Zorrotza, eta beste hainbat auzo osatu arte. Prozesu horri, Garapen desordenatua deritzo. Dena dela, salbuespenak ere bazeuden, San Ignazio auzoa esaterako, bertan kale zuzen eta eraikin ordenatuak dira nagusi. Urbanismo kaotikoaz gain, txabolismoa zabaldu zen Bilbo inguruko mendietan.San Inazion, La Peña-Abusun eta [[Errekalde] auzoetan esaterako.

Bizitzeko duinak ez ziren etxebizitza horiek ordezkatzeko ahaleginak egin zituzten garai hartako gobernuak eta udalak, horretarako txaboletako biztanleak Otxarkoagako auzoan eraiki zen "etxe merkeen" auzo berrira eraman zituzten 1960. urtean. Dena dela, etxe horien kalitatea eta zerbitzu falta ikaragarria zen, eta horrez gain, hirigunetik oso urruti zeuden. Horregatik, ondorengo hamarkadetan, auzo horietako bizilagunen bizi-kalitatea hobetzeko hainbat ekimen egingo ziren.

[aldatu] Krisialdia eta gainbehera

Artikulu nagusia: 1983ko uholdeak

Hazkunde ekonomikoak muga izan zuen, eta petrolioaren krisialdia eta industria astunarekin batera, hiriak gainbehera hasi zuen inguruko eskualde guztiek bezala. Aurreko urteetan ez bezala, kontrako prozesua gertatu zen, enpresek ez zuten behar horrenbeste langile eta produkzioa beheraka joan zen. Enpresa askok ateak itxi zituzten eta Bilborako immigrazio itzela emigrazio bihurtu zen.

Horri gehitu behar zaio 1983an Bizkai osoan izandako uholde larriak. Hildako eta kalte material ugari sortu zituztenak. Bilboko Alde Zaharra oso kalteturik gertatu zen.Baina askok diote uholde horiek izan zirela Bilboren eraberritzea hastea ahalbidetu zutenak, pixkanaka eraikinak berritzen joan zirelako eta nolabaiteko "erreakzio" edo erantzun bat gertatzea posible egin zutelako.

[aldatu] Berritzea eta azken urteak

Artikulu nagusia: Bilboren berritzea

Bilboko Bide Nagusia

Eraberritzeko proiektuak dozenaka dira Bilbo guztian. 1995eko Metro berria, aireportua, Guggenheim Museoa (1997), Euskalduna Jauregia... Nazioarteko hainbat arkitekto kontratatuta eta Guggenheim Museoaren mundu famaz baliatuta, gaur egungo Bilbok gero eta gehiago dauka herri turistiko baten antza, antzinako itxura industriala atzean utzita.

Horrez gain, gune degradatuak berreskuratzen ari dira, Bilbo Zaharra eta San Frantzisko esaterako. Etxebizitza berriak eraiki dira, zaharren ordez, eta jarduera kulturalak sustatu, ingurune "bohemio" bat eratu nahian. Bilboko alderdi horiek berritzeko lanak 1998an hasi zirenean, etxebizitza askok ez zeukaten ez komunik ezta ur berorik ere.

Bidarteko parkea Deustun

Abandoibarrako gunea eraberritzeko lanetan ari dira orain, eta errekaren inguruan lehen industrialak ziren lurrak biztanleriarentzat berreskuratzen. Uribitarten Arata Isozaki arkitekto japoniarrak bi dorre eraiki ditu, Isozaki Atea. Eta Abandoibarran Cesar Pellik 165 metroko dorre bat egingo du Iberdrola euskal konpainiarentzat.

Etorkizunera begira hainbat erronkari aurre egin beharko dio Bilbok. Leku faltaren arazoa gero eta handiagoa da, eta horrekin batera etxebizitzen prezioak goraka doaz. Bilbok hazteko daukan aukera bakarra, antzinako gune industrial zaharkituak eraberritzea da. Horretarako, udalak bi gune industrial berreskuratzeko planak egin ditu, Olabeaga eta Zorrotzaurre. Garrantzitsuena Zorrotzaurre auzo berria izango da, 5.300 etxebizitza berrirekin. Hamabost urteko epean 10.000 etxebizitzatik gora eraikiko dira, horietako asko babes ofizialekoak.

[aldatu] Demografia eta biztanleria

Artikulu nagusia: Demografia Bilbon

Biztanleriaren bilakaera
Errolda
urtea
Biztanleria

1842 10.243
1860 17.969
1877 35.227
1887 51.314
1897 74.076
1900 81.956
1910 92.116
1920 115.014
1930 156.920
1940 192.351
1950 216.417
1960 294.174
1970 405.908
1981 433.115
1991 369.839
2001 349.972

Bilbok gaur egun 353.000 biztanle inguru dauzka, 2005eko datuen arabera. Azken urteetan biztanleria beherantz doa, oraindik 1970eko krisialdiaren eraginagatik eta etxebizitzen prezioen garestitzeagatik. 1980 inguruan biztanleriak mailarik altuena lortu zuen, 430.000 biztanle inguru.

XX. mende osoan zehar Bilbora eta inguruko herrietara milaka eta milaka pertsona hurbildu ziren, bai Bizkaitik zein Espainiako toki ezberdinetatik bizi egoera hobeen bila. Hori dela eta biztanleriaren hazkunde oso handia izan zen mendean zehar. Bi hazkunde garai banandu daitezke, bata Gerra Zibilaren aurretik eta bestea honen ondoren.

1970etik aurrera ordea krisialdia zabaldu zen hirian, Industriaren gainbeherak eta ingurunearen degradazioak biztanlerian kontrako efektua eragin zuen. Aurretik milaka pertsona etorri ziren bezala orain milaka pertsona ziren Bilbo uzten zutenak lan baldintza hobeen bila.

[aldatu] Immigrazioa

Azken bost urteetan immigrazioaren fenomenoa nagusitzen joan den heinean biztanleria egonkortuz joan da. Gaur egun 20.308 inmigrante daude Bilbon bizitzen, biztanleriaren ia %6. 2005. urtean zehar 3.000 atzerritar gehiago izan dira erroldan izena eman dutenak.

Hala ere, esan daiteke Bilbo ez dela Espainiako beste hiri batzuk beste etorkin erakartzen ari. Batetik hiriak ez duelako eskaintzen etxebizitza prezio merkerik horretarako, eta bestetik, hirian, Bizkaian oro har, ez dagoelako nekazaritzan eta sektore primarioetan lan askorik.

[aldatu] Gehiago jakiteko

[aldatu] Ekonomia

Bilboko hiriaren jarduera ekonomikorik nagusia hirugarren sektorea da gaur egun, hau da, zerbitzuen sektorea. Orain dela gutxi arte, hala ere, industria izan da hirian langile gehien hartu dituena. Meatzaritza, metalurgia eta portuko merkataritzarekin loturiko jarduerak izan ziren garrantzitsuenak Bilbon. Hiria sortu zenetik itsasoko merkataritzak garrantzia handia izan zuen. Horrek, ontzigintza bultzatu zuen.

Industria gehienak, Ibaizabal ibaiaren bi alboetan ezarri ziren, horrez gain, hiriko beste hainbat gunetan, tailerrak eta bestelako industria txikiak ezarri ziren, esaterako Deustuko San Pedron, Ametzolan, Basurtun... 1970eko hamarkadako krisialdiaren ostean ordea, enpresa horietako askok porrot egin zuten. Langabeziak gora egin zuen nabarmen, eta 1990erako %25 ingurura igo zen.

[aldatu] Turismoa

Ordutik, hiriaren egoera hobetu eta jarduera ekonomiko berriak topatzeko ahalegina egin du udalak. Bilbo zerbitzu-hiri bilakatu da, Guggenheim Bilbao Museoaren zabaltzeak turismoa bultzatu zuen, eta horrekin batera, hotel eta jatetxe ugari zabaldu ziren. 1992an hirian hiru izarretik gorako 11 hotel zeuden, gaur egun, berriz, 21 hotel dira maila horretatik gora daudenak. Gaur egun, 1.000 pertsonatik gora egiten dute lan hotel horietan eta beste hainbeste turismoarekin lotutako gainontzeko jardueretan .

[aldatu] Langabezia

Gaur egun, Bilboko langabezi tasa Euskal Autonomia Erkidegoaren batezbestekoaren gainetik dago. Hiriak eta Bilbo Handiak zeukaten industriarekiko menpekotasunak 1970eko hamarkadan hasitako krisialdi ekonomikoak eragin handiagoa izatea ekarri zuen. Horrela, 2005. urte amaieran, 15.688 langabetu zeuden hirian (urte hasieran kopuru hori 15.227koa zen). Langabeziaren eragina nabarmenagoa da emakumeengan, lurraldeko beste leku gehienetan gertatu bezala: 8.654 emakume eta 7.034 gizon langabetu.

[aldatu] Langabezia sexua eta adinaren arabera

  • <20 urte: 238 langabetu
  • 20-24 urte: 1.068 langabetu
  • 25-54 urte: 11.415 langabetu
  • >54 urte: 2.967 langabetu

[aldatu] Hauteskundeak

Sakontzeko

 Sakontzeko, irakurri: Hauteskundeak Bilbon, Bilboko Udala  eta Bilboko alkateen zerrenda

Iñaki Azkuna Urreta (Euzko Alderdi Jeltzalea) da Bilboko alkatea 1999ko hauteskundeez geroztik. Eusko Alkartasuna eta Ezker Batuarekin batera gobernatzen du Bilbo. 2003ko hauteskundeetan EAJ-EA koalizioak 13 zinegotzi lortu zituen (EAJk 11 zinegotzi lortu zituen, Eusko Alkartasunak 2 zinegotzi), PPk 8, PSOEk 5 eta EBak 3.

Boto kopuruari dagokionez, EAJ eta EAk 82.176 boto lortu zituzten, PPk 51.499, PSOEk 37.206 eta EBk 20.308. Baliogabeko botoak 11.018 izan ziren eta zuri bozkatu zutenak 2.207. Aipagarria da baliogabeko botoek izan zuten gorakada, ezker abertzaleak hauteskundeetara aurkezturiko zerrendak (Herria Aurrera) Espainiako Auzitegi Nazionalak baliogabe utzi eta gero.

Emaitzak barrutika (%etan)
Deustu Uribarri Txurdi Begoña Ibaiondo Abando Errekal Basurtu

EAJ-EA  %40,41  %38,67  %35,23  %39,26  %42,10  %40,83  %35,40  %38,47
PP  %22,82  %23,94  %19,31  %21,84  %17,57  %36,79  %24,60  %24,64
PSOE  %17,62  %18,84  %27,02  %20,01  %14,85  %10,80  %20,50  %18,69
EB  %10,37  %10,25  %9,29  %9,37  %11,01  %5,95  %11,86  %10,15
Aralar  %1,24  %1,34  %1,40  %1,58  %1,95  %0,93  %0,92  %0,96
PKD  %0,59  %0,55  %0,72  %0,65  %0,79  %0,59  %0,55  %0,44
Baliogabe  %5,20  %4,55  %5,22  %5,64  %9,92  %2,58  %4,27  %4,88
Zuriak  %1,11  %1,16  %0,83  %0,94  %1,07  %1,06  %1,15  %0,98

[aldatu] Garraiobideak

Bilbok 13 zubi ditu hiriko bi aldeak batzen dituztenak. Horietatik azkena eraikitzen Pedro Arruperen zubia izan da, Deustuko Unibertsitatearen aurrean.

[aldatu] Metroa

1995. urtean Bilboko metroa inauguratu zen. Hasieran metroa Alde Zaharrean amaitzen bazen ere, 1997an hiru geltoki berri zabaldu ziren hiriko beste hainbat auzotan, metroaren ibilbidea Boluetaraino luzatuz. Gaur egun metroak bi linea ditu, Bilbo Handiko eskuinaldetik eta ezkerraldetik bidaiariak garraiatuz, eta . 2005. urtean 78 milioi bidaiari eraman zituen metroak, eta 2007.ean 86 milioi bidaiari.

Metroa zabaltzeko lanek aurrera darraite gaur egun ere. Ezkerraldetik doan bidea Portugaletera heldu da, eta Santurtzirakoa zabaltzeko obretan ari dira momentu honetan. Santurtziko Mamariga auzora 2009an helduko da metroa, eta Kabiezes auzora, eta baita Basauri eta Arizera ere 2010. urtean ailegatzea aurreikusten da. Horrez gain, oraindik aztertzeke dagoen proiektuan, metroa Galdakaoko udalerriraino helduko da, zehaztugabeko data batean.

Horrez gain, Bilboko ekialdeko auzoak (Otxarkoaga, Txurdinaga, Zurbaran eta Uribarri) hirigunearekin batuko dituen Bidearen proiektua martxan da. Lanak 2008ko ekainean hasiko dira. Bide hori EuskoTrenek kudeatuko duen arren, metro batek daukan maiztasuna izango du, eta trenak bost minutuan behin ibiliko dira Etxebarri eta Bilboko Alde Zaharraren artean.

[aldatu] Trena

Renferen trena Olabeagatik San Mamesera

Aldirietako zerbitzua hiru konpainiak eskaintzen dute. Batetik, Espainiar estatuaren menpe dauden FEVE eta Renfe enpresen bitartez. Eta bestetik, Eusko Jaurlaritzaren menpe dagoen EuskoTrenen bitartez. Renfe Aldiriakek hiru linea dauzka, Bilbo-Urduña, Bilbo-Santurtzi eta Bilbo-Muskiz. FEVEk linea bakarra dauka, Bilbo eta Balmaseda batzen dituena.

EuskoTrenek ere hiru linea dauzka, Bilbo-Lezama, Bilbo-Ermua eta Bilbo-Bermeo. Horrez gain, eraikiko den metroaren hirugarren linea EuskoTrenek kudeatua izango da.

Euskotreneko hiru lineetako bidaiari kopurua 2005ean: -Euskotren Durangaldea 2.653.621 -Euskotren Urdaibai 2.288.212 -Euskotren Txorierri 2.202.550

[aldatu] Tranbia

Artikulu nagusia: Bilboko tranbia

EuskoTran Abandoibarran

Tranbia betidanik izan da Bilboren parte. XIX. mendean ezarri zen, munduko beste hiri askotan bezala. Hamarkadak pasatu ahala ordea, bere erabilera gutxituz joan zen, eta azkenik, XX. mendearen erdialdean, kendu egin zen zerbitzua. 2002. urtean, berreskuratu egin zen zerbitzua.

Sakontzeko

 Sakontzeko, irakurri: EuskoTran

[aldatu] Autobusa

Bilbo hiriak 30 autobus linea dauzka, auzoak batzen dituztenak, Bilbobus deritzon zerbitzuaren bitartez. Horrez gain, 2003an Gautxori zerbitzua ezarri zen, ostiral eta larunbatetan metrorik ez duten auzoek garraio aukera bat izateko.

Herrialde mailan, Bizkaiak 100 lineatik gora dauzka, Bizkaibus izenarekin ezagunak.

[aldatu] Funikularra

Artikulu nagusia: Artxandako funikularra

Campo Volantin eta Artxanda mendia batzen dituen funikularra da. Funikularraren geltokia dagoen plazari "Funikularraren Plaza" deritzo. 1915eko urriaren 7an Artxandako funikularrak lehenengo bidaia egin zuen, Castaños auzoa Artxanda mendiarekin lotuz.

[aldatu] Zerbitzuak

[aldatu] Bilbotar ospetsuak

Sakontzeko

 Sakontzeko, irakurri: Bilbotar ezagunen zerrenda

Bilbotar ezagunen artean, Juan Crisostomo Arriaga musikagilea, Miguel de Unamuno idazle eta filosofoa, Ramon Rubial politikaria, Pedro Arrupe eta Jon Sobrino jesuitak, Gabriel Aresti eta Blas de Otero olerkariak, Juanjo San Sebastian alpinista, Alex de la Iglesia zinemagilea, Sabino Arana Goiri politikaria eta Kepa Junkera trikitilaria ditugu, beste hainbaten artean.

[aldatu] Kultura

Urtean zehar hainbat ekitaldi kultural antolatzen dira Bilbon. Horrez gain, hainbat antzoki daude hirian, Arriaga Antzokia, Euskalduna Jauregia eta Ayala antzokia esaterako.

[aldatu] Monumentuak

Hirian hainbat monumentu dago, izan ere, bereziki azken urteetan hiriko plaza eta parkeetan monumentuak ezartzeko joera nagusitu da. Hiriko gune berrietan, Abandoibarra gunean esaterako, hamar eskulturatik gora jarri dira 2001. urtetik.

Bilboko Guggenheim museoa: Jeff Koons' Puppy

Horrez gain, hirian hainbat eraikinek "monumentu" izaera dute, eta udalak babestuta daude. Oro har, XIX. mendean zehar egindako eraikinak dira eta duten izaera bereziagatik udalak babesteko maila desberdinak erabiltzen ditu, A, B eta C hizkiak erabilita. Babesturik dauden eraikinetako batzuk honakoak dira:

[aldatu] Museoak

Guztira Bilbon sei museo daude, egin den azkena, Bilboko Itsas adarra Itsas museoa. Unamuno plazan, zientzia gaiak jorratuko dituen museo baten proiektua egiten dabil Bilboko udalak.

[aldatu] Guggenheim Bilbao Museoa

Artikulu nagusia: Guggenheim Bilbao Museoa

Bilboko Guggenheim museoa

1997. urtean zabaldua, arte modernoaren azken obrak biltzen ditu. Bai kanpokoak zein Euskal Herritik bertakoak ere. Txillida eta Oteizaren lanak erakutsi izan dira museoan. Frank Gehry arkitektoak diseinatu zuen titaniozko eraikina. Zabaldu zenetik mundu osotik etorritako milaka turistak bisitatu dute museoa, hiriaren ikur berria bihurtuz. 2005. urtean 900.000 bisitari izan zituen.

[aldatu] Arte Ederretako Museoa

Sakontzeko

 Sakontzeko, irakurri: Bilboko Arte Eder Museoa

1945. urtean zabaldua, Bilbok Estatu mailako arte ederretako museorik onenetarikoa duela esaten dute aditu askok. Fernando Urrutia arkitekto bilbotarrak disenaitu zuen eraikin klasikoa. Ordutik hainbat areto eta eraikin berri gehitu zaizkio museoari. Azken zabalpena 2001. urtean egin zen.

Arte erakusketak egiteaz gain, Bilbon egingo diren hainbat proiektuen erakusketak ere antolatzen dira noizbehinka. Horrez gain, Zinemateka delako programaren barnean garai ezberdinetako zine emanaldiak eskaintzen dira.

[aldatu] Bilboko Itsasadarra Itsas Museoa

Bilboren itsasoarekiko tradizioari lotuta, 2002. urtean zabaldu zuten museoa, Euskalduna zubiaren azpialdean, Bilboko itsasadarraren mendebaldeko aldean. Museoak Bilboko itsasadarraren historia eta nabigazioan izandako berrikuntza eta tresnei buruzko informazioa eskaintzen du. Horrez gain, denbora baterako diren erakusketak ere izaten dira, esaterako 2005. urtean Titanic ontziari buruz eginiko erakusketa.

[aldatu] Beste museo batzuk

  • Bilboko Artelan Berreginen Museoa
  • Eliz Arteari buruzko museoa
  • Euskal Museo Etnografikoa
  • Aste Santuko Irudien Museoa
  • Zezengintza Museoa

[aldatu] Euskara

Sakontzeko

 Sakontzeko, irakurri: Bilboko euskera

Hiriko bertako hizkera jatorrizkoa mendebaleko euskararen aldaera bat da, oraindik orain Mahatserrian, Errekaldeko mendialdean eta Buian bizirik dagoena.

2006eko erroldaren datuen arabera, Bilboko biztanleriaren %24,20 da euskalduna. 2001eko datuen arabera, Bilboko biztanleriaren %15,32 zen euskalduna. Euskaraz hitz egiteko gaitasuna, asko handitu da hirian azken urteotan, euskarazko hezkuntza zabalduz joan den heinean. 1981ean %6,38koa baino ez zen euskaraz zekiten pertsonen kopurua. Dena den, adinaren arabera alde handiak daude, 15 urtetik beherako umeen artean euskaldunen kopurua %40 inguru da, baina 40 eta 60 urte bitarteko pertsonetan ez da %5era ere iristen.

2001eko ikerketaren emaitzak:

  • Elebidunak (1): 51.302 pertsona
  • Elebidun hartzaileak (2): 71.189
  • Erdaldun elebakarrak (3): 212.485

2006eko erroldaren emaitzak:

  • Elebidunak (1): 83.354 pertsona
  • Elebidun hartzaileak (2): 82.339
  • Erdaldun elebakarrak (3): 177.379
  • (1) Euskaraz ondo hitz egin eta ulertzen duten pertsonak.
  • (2) Euskaraz ondo edo nekez ulertu eta nekez hitz egiten duten pertsonak.
  • (3) Euskaraz batere ulertu ez eta hitz egiten ez duten pertsonak.

[aldatu] Biztanleria ama-hizkuntzaren arabera

  • Gaztelania: 304.443
  • Euskara: 15.303 pertsona
  • Euskara eta gaztelania: 8.353 pertsona
  • Besterik: 6.877 pertsona

[aldatu] Euskara Elkarteak

Bestalde, hiriko euskal txoko edo elkarteak hauek dira:

[aldatu] Zinema

[aldatu] Antzerkia

[aldatu] Musika

[aldatu] Literatura

[aldatu] Kirolak

Hirian kirolean aritzeko hainbat instalazio daude. Guztira sei kiroldegi daude auzoetan, Errekalden, Zorrotzan, San Ignazion, Deustun Artxandan eta Txurdinagan. Zorrotza eta Errekaldekoek atletismo pista bana daukate gainera. Bi frontoi ere badaude: Errekalde Zumarkaleko Club Deportivo frontoia, eta Itxaropen kaleko frontoia.

Etorkizunari begira, pilota frontoi berri bat eraikiko da Miribilla auzoan, kiroldegi eta saskibaloi areto berri batekin batera.

[aldatu] Hiriko kirol talde batzuk

San Mames futbol zelaia kanpotik

San Mames futbol zelaian jokatzen du 1912. urteaz geroztik. Athletic Club taldea 1898. urtean sortua, Espainiar estatuko futbol talderik aurrendarietako bat da. 24 Errege kopa eta 8 liga irabazi ditu historian zehar. Beti egon da lehenengo mailan.

La Casillako udal kiroldegian jokatzen du. 2001. urtean sorturiko proiektua. Aurrerago hirian Caja Bilbao saskibaloi taldea izan zen, baina arazo ekonomikoek desagerrarazi egin zuten. Normalean, La Casillako udal kiroldegian jokatzen duen arren, noizbehinka, BECen antolatzen dira partidak, Tau Baskonia edo Real Madril bezalako taldeen aurkako partidetan esaterako.

  • GSI Bilbao (areto futbol taldea).

1984ean Bilboko Aurrezki Kutxaren baitan sorturiko areto futbol taldea da. La Casillako udal kiroldegian jokatzen du.

[aldatu] Hedabideak

Hiriko egunkari nagusiak "El Correo" eta "Deia" ditugu, Bizkaia osoan hedatuta daudenak, lehenengoa izanda salduen eta irakurriena.

Euskarazko irratiei dagokienez, Bilbotik probintzia osorako emititzen duten "Bizkaia Irratia" eta "Bilbo Hiria Irratia" (Bilbo Handian hedatuta) aipatzekoak dira.

Azkenik, auzo aldizkarien artean "Berton" (Mahatserri), "Prest!" (Deustu) eta "Zorrotz-Morrotz" (Zorrotza) ditugu.

[aldatu] Jaiak

Urtean zehar hainbat ekitaldi eta jai desberdin daude Bizkaiko hiriburuan.

Auzoetako jaiak:

[aldatu] Bitxikeriak

Txileko hiriburuan, Santiagon, San Miguel komunaren barruan bada auzo bat "Bilbao" izena duena.

[aldatu] Atzerriko diplomazia

Bizkaiko lurralde historikoan dagoen atzerriko diplomazia osoa Bilbon dago. Halaber, Euskal Autonomia Erkidego osoko atzerriko diplomaziaren gehiengoa. Gaur egun Bilbon dauden kontsulatuak honakoak dira:

[aldatu] Hiri eta herri senidetuak

[aldatu] Erreferentziak

  1. http://www.euskaltzaindia.net/jagonet/galdera.asp?hizkuntza=eu&id=447 Euskaltzaindiaren erabakia Bilbo izenari buruz

[aldatu] Kanpo loturak

Commonsen fitxategi gehiago dago honi buruz:
Bilbo
Nabarmendutako artikuluak


Tresna pertsonalak