Antropologia

Wikipedia, Entziklopedia askea

Antropologia (grezieratik άνθρωπος, anthropos, "gizakia" eta λογος, logos, "ezagutza") gizakia bere arlo guztietan, soziala, kulturala eta fisikoa (anatomia, fisiologia, patologia, eboluzioa) ikertzen duen zientzia da. Zientzia holista da bi zentzutan: gizaki guztietaz aldi guztietan eta gizartearen dimentsio guztietaz arduratzen da. Antropologia eta beste gizarte zientzien arteko desberdintasun nabariena kulturen arteko parekatzean datza.

Hainbat tradizio bereizten dira antropologian, non garrantzitsuenak frantziar eskola soziologikoa Émile Durkheim, Marcel Mauss, Claude Lévi-Strauss), antropologia sozial britaniarra J.G. Frazer, Bronislaw Malinowski, A.R. Radcliffe-Brown, E.E. Evans-Pritchard) eta antropologia kultural estatubatuarra (L.H. Morgan, Franz Boas, Marvin Harris, Clifford Geertz, Margaret Mead, Ruth Benedict).

Frantziar ereduak gizakiaren aspektu sinboliko eta sozialei ematen dio garrantzia gehienbat, etnologia soziologiaren azpi-jakintzagai bihurtuz. Eredu anglosaxoiak antropologia lau azpi-jakintzagaietan zatitzen du:

  • Antropologia fisikoa edo antropobiologia, gizakien ezaugarri fisikoen eboluzioaren aniztasuna ikertzen duena.
  • Antropologia soziala eta antropologia kulturala, edo antropologia sozio-kulturala: ikerketa arloak gizarte sareak, legea, politika, erlijioa, sineskerak eta abar dira.
  • Arkeologia, gizarteak beraien hondarren bidez ikertzen duena.
  • Hizkuntza-antropologia: hizkuntzaren aldaketa toki eta denboran zehar, hizkuntzaren gizarte erabilerak eta hizkuntza eta kulturaren arteko erlazioa ikertzen duena.

Antropologia feminista

Sakontzeko, irakurri: «Antropologia feminista»

Antropologia Feminista emakumearengan oinarritutako antropologiaren ikuspegia da, 1960ko hamarkadaren amaieran edo 1970koaren hasieran sortua. Garai honetan, eta feminismoak eraginda, antropologo asko, gehienbat emakumeak, kezkatzen hasten dira emakumeen egoeren inguruan. Androzentrismoaren arazoa mahai gainean jarri, hau ikertu eta salatzen hasi ziren garai honetan antropologo feministak.

Antropologia Feministak ordea izan zituen aitzindari batzuk. Zenbait antropologok aurretik aztertu zituzten gizon eta emakumeen ezberdintasunak, horietako bat Margaret Mead izan zen. Sex and Temperament (1982) lanean gizartearen eta kulturak generoaren eraikuntzan duten garrantziaz aritu zen, gai hau jorratzen zuen lehenetarikoa izan zelarik.

Ikus, gainera

Wikimedia Commonsen badira fitxategi gehiago, gai hau dutenak: Antropologia Aldatu lotura Wikidatan

Erreferntziak

  • Azurmendi, J.: Gizakiaren filosofia ilustratutik antropologia filosofikora, Jakin, Donostia, 1997 ISBN 84-922537-4-6 (Antropologia kontzeptuaz eta antropologia filosofikoaz)