Ariarates I.a

Wikipedia(e)tik
Hona jo: nabigazioa, Bilatu

Ariarates I.a (K. a. 405-K. a. 322), Kapadoziako errege bat izan zen, Ariamnes izeneko Kapadoziako satraparen semea. Bere anaia Orofernes I.a asko maite zuelako bereizten zen, Artaxerxes III.ak Egipto birkonkistatzeko antolatutako kanpainara bidali zuena, K. a. 350ean.

Persiar Inperioa mazedoniarrek inbaditu zutenean, Ariaratesek Dario III.aren aurka borrokatu zuen Gaugamelako guduan, K. a. 331n, ondoren, Kapadozia hartuz eta Antigono Monoftalmosen erasoen aurka defendatuz K. a. 330ean, nolabaiteko independentzia lortuz. Alexandro Handia hil ondoren, Perdikasek, diadokoetako bat zena, Eumenes Kardiakoa izendatu zuen Kapadoziako gobernari bezala. Ariaratesek, muzin egin zion izendapen honi, eta, ondorioz, Perdikasek Ariaratesen aurka borrokatu eta garaitu egin zuen. Harrapatu ere egin zuen, eta, ondoren, gurutziltzatua izan zen, 82 urte zituela, K. a. 322an.

K. a. 301ean gertatu zen Ipsosko gudua igaro arte ezin izan zuen Orofernesen semea eta Ariaratesen iloba eta seme adoptiboa zen Ariarates II.ak nolabaiteko autonomia lortu Kapadoziarentzat, gobernari erdi independente bezala onartua izan zelarik eta dinastia bat sortuz.