Antigono Monoftalmos

Wikipedia(e)tik
Hona jo: nabigazioa, Bilatu
Antigono I

Antigono Monoftalmos edo Antigono I.a Begibakarra (grezieraz Ἀντίγονος ὁ Μονόφθαλμος, Antígonos Monoftalmos) (K. a. 382-K. a. 301), Filipo II.a Mazedoniakoa eta Alexandro Handiaren zerbitzura zegoen noble, jeneral eta satrapa mazedoniar bat zen. Ondoren, diadokoen artean nabarmenetako bat, jeneralek euren artean banatu zuten Alexandro Handiaren inperioa eta elkarren artean, hogei urte inguru iraun zuten gerra eta gatazken protagonista izan ziren, botere osoa lortzeko asmoa zela eta.

Gertaera militarrak[aldatu | aldatu iturburu kodea]

Alexandro Handia hil ondoren, bere jeneralek bere inperioa banatu zuten. Eta hogei urtez, elkarren artean borrokan eta gerran ibili ziren boterea lortzeko asmoz. Diadoko (διαδοχοσ) zeritzenak izan ziren, ondorengo edo oinordekoak. Antzinako jeneral hauen ondoren, epigono (επιγονος) zeritzenek gobernatu zuten, ondoren jaiotakoak edo ondorengoak. Boterea eta nagusitasuna lortzeko euren arteko borrokak ia berrogeitamar urte iraun zuen, K. a. 281 arte, urte honetan, diadokoetako azkena zen Seleuko hil zelarik.

Ptolomeo (ondoren Egiptoko Ptolomeo I.a Soter izango zena, Egiptoko Ptolomeotar dinastiaren abiarazlea) eta Seleukorekin (ondoren Seleuko I.a Nikator izango zena, Seleuzidar dinastiaren abiarazlea) batera, Antigono Alexandrorekin joan zen honek Persiaren aurkako gerra hazi zuenean, K. a. 334ko udaberrian. Elkarrekin, Helespontoa zeharkatu zuten, 35.000 soldadu inguruko armada batekin, Mazedonia eta Grezia osotik zetozenak. Alexandrok, Antigono, bere konkistetan laguntzeko zaharregitzat jotzen zuenez, Frigiaren kargu utzi zuen (K. a. 333) non hamar urtez gobernatu zuen.

Alexandro Handia hil ondoren, Antigonok ia Alexandroren inperio osoa bereganatu zuen (errege altxorra bereganatzeaz gain), bere agindupean, Alexandrok konkistatutako lurralde guztiak batzeko asmoz. Bitiniako ordezkari militar eta gobernari izan zen (Askanius lakuaren ertzean), eta, beranduago, K. a. 316an, Antigonia hiria sortu zuen, ondoren Nizea bezala ezaguna izango zena (gaur egungo Iznik, Turkian).

Baina gainontzeko jeneralak bere aurka egon ziren, eta Ipsoseko guduan borrokatu zuten elkarren aurka, K. a. 301ean, Frigian, Asia Txikiaren erdian. Gudu honetan hil zen. Bere semea Demetrio Poliorzetes izan zen, Mazedoniako errege izatera iritsi zena. Historialariek adierazten dutenez, Antigono eta Demetrio, Alexandro hil ondoren diadokoen artean egon ziren ika-mika eta borroken pizleak eta, neurri batean, arduradunak izan ziren.

Ikus, gainera[aldatu | aldatu iturburu kodea]

Bibliografia[aldatu | aldatu iturburu kodea]

  • Historia Universal Oriente y Grecia de Ch. Seignobos. Editorial Daniel Jorro, Madrid 1930
  • Grecia cuna de Occidente de Peter Levi. Ediciones Folio S.A. ISBN 84-226-2616-0
  • La Historia y sus protagonistas. Ediciones Dolmen. 2000