Alexandro Handia

Wikipedia(e)tik
Hona jo: nabigazioa, Bilatu
Alexandro Handiaren mosaiko bat.

Alexandro Handia edo Alexandro III.a Mazedoniakoa, antzinako grezieraz: Μέγας Ἀλέξανδρος, Megas Alexandros, (Pella, K. a. 356ko uztailaBabilonia, K. a. 323ko ekainaren 10) Mazedoniako erregea izan zen (K. a. 336K. a. 323) eta antzinako munduaren buruzagi militar arrakastatsuenetarikoa.

Biografia[aldatu | aldatu iturburu kodea]

Alexandro Handia Pellan, Mazedoniako hiriburuan, jaio zen K. a. 356an eta Babilonian hil 323an. Mazedoniako erregea (336-323), Filipo II.a erregearen eta Olinpiaren semea. Aristotelesen ikasle izan zen.

Korintoko batzarrean konfederazio heleniarreko buru izendatu zuten, eta izendapen hura onartu ez eta matxinatu ziren hiri grekoei eraso zien, Tebas suntsitu eta Atenas menderatu zuen. Grezian nagusi zela, Asiaren konkista prestatu zuen bere jeneralekin. Gudaroste indartsu batek lagundurik, Dario III.a persiarraren armadari nagusitu ondoren (Graniko, K. a. 334), Asia Txikiko kostaldeko hiri guztiak hartu zituen eta, Gordio eta Tarso hirietan egonaldi bat eginda, berriro menderatu zituen persiarrak (Issos, K. a. 333). Gero, Siria, Fenizia eta Tiro hartu zituen (K. a. 332). Gaza konkistatu ostean, Egipton sartu eta Alexandria sortu zuen. Mesopotamia aldera jo zuen eta, Tigris eta Eufrates ibaiak zeharkatu ondoren, Darioren armada indartsua barreiatu zuen Gaugamelako ordokian, Arbelesetik hurbil (K. a. 331). Azkenik, Babilonia, Susa, Persepolis, Pasargada eta Ekbatana hiriak hartu eta Asiako errege titulua eskuratu zuen.

Dario III.a hildakoan, Baktriana, Hirkania eta Sogdiana lurraldeak konkistatu zituen, eta Alexandria izeneko kolonia militar ugari eraiki zituen. Persiar Inperioaz jabetuta, India aldera jo zuen, Indus ibaia zeharkatu (K. a. 326) eta, Poros erregeari nagusitu eta gero, hiriburutzat hartu zuen Babiloniara itzuli behar izan zuen, bere soldaduen nekeak behartuta (K.a. 325). Han Satira, Dario III.aren alaba, hartu zuen bigarren emaztetzat (K. a. 324). Handik gutxira hil zen (K. a. 323), eta haren inperioa luzagabe desegin zen. Hil zenean Alexandroren jeneralek banatu egin zuten inperioa.

Politika[aldatu | aldatu iturburu kodea]

Alexandroren Inperioaren mapa

Hartutako lurraldeak batzeko, konkistatu ahala hiriak sortu zituen Alexandrok. Hiriak ongi kokatuak ziren, harri zoldaz urbanizatuak eta ur-horniketa zabalekin, zenbaiti bere izena jarri zion. Inbaditutako lurrak autonomia mantentzen zuten, baina bere erregetzaren pean. Bere osteko jeneralak, merkatariak eta jakintsuak bertan jartzen ziren bizitzen, horrela zabaldu zuen grekoen kultura eta hizkuntza. Alexandro Handiak heleniarren zabalkundeari eta Erromatar Inperioari bidea ireki zien.

Alexandrok fusio politika jarraitu zuen, konkistaturiko lurraldeetako biztanleak gudarostean eta administrazioan sartuz, eta gudariak beste herrietako emakumeekin ezkontzera bultzatuz (berak ere halaxe egin zuen).

Bere heriotzak dinastiaren azkena ekarri zuen (ondorengorik gabe hil baitzen) eta inperioa bere jeneralen artean banatua izan zen, Diadokoak deituak. Konkista hauen ondorioz greziarrek denbora luzez kolonizatu zituzten urruneko lurralde horiek, eta Aro Helenistikoa deritzona eman zen, greziar eta ekialdeko kulturen nahasketa alegia.

Bere irudia historian zehar mantendu da, kultura ezberdinetan mito bihurtzeraino. Akilesen pare jartzen du kondaira

Zinema[aldatu | aldatu iturburu kodea]

2004ean Oliver Stone estatubatuar zinema zuzendariak Alexandro Handia erregearen bizitzan oinarritutako Alexander filma estreinatu zuen.

Ikus, gainera[aldatu | aldatu iturburu kodea]

Commonsen badira fitxategi gehiago, gai hau dutenak: Alexandro Handia Aldatu lotura Wikidatan